Nola babestu euroaren sendotasunaren aurrean
Nazioartera zabaldu diren euskal enpresek kezkaz begiratzen diote euroak dolarraren aurrean daukan sendotasun gero eta handiagoari, esportazioak errekor denak hausten ari diren une batean.Finantza-erakundeek truke-tasak babesteko produktuen eskaintza zabala daukate, bezero bakoitza estaltzeko prest dagoen arriskuaren araberakoa.
2017ko ekitaldi honen hasieran, euroa eta dolarra nahiko parekatuta zeuden. Sei hilabete geroago, ordea, Europako dibisaren balioak % 13 egin du gora, eta irailaren hasieran, Iparramerikako txanponaren aldean, 1,2ko muga kezkagarria gainditu zuen.
Joera hau apaldu dela ematen badu ere, Euskadiko enpresa esportatzaileek kezkaz begiratzen diote euroaren bilakaerari, haien kanpoko salmentak geldiaraziko ote dituen beldurrez. Europako dibisaren sendotasun gero eta handiago hori, gainera, nazioartean zabalduta dauden euskal enpresentzako garai oparo batean dator, 2017ko lehenengo seihilekoan, haien esportazioek gora egin baitute, ia 12.000 milioi euroko salmentetara iritsi arte, hau da, urte arteko % 9ko hazkundea.
Azken urteetan merkatuek izan dituzten gorabeherak aintzat hartuta, finantza-erakundeek estalduren sorta zabal bat prestatu dute -horien artean, truke-tasen babeserako, euskal enpresak babestuta egon daitezen euroaren sendotasunaren aurrean-, enpresek estaltzeko prest dauden arriskuaren araberako produktuekin.
Truke-asegurua da gehien erabiltzen den formula, nazioarteko salerosketa eragiketetan dibisaren prezioa bermatzeko, data eta truke-tasa jakin batean.
Kutxabanken kasuan, 2017ko lehenengo seihilekoaren amaieran, haien aseguruak gure finantza-taldearekin kontratatuta zituzten enpresen kopuruak % 12 egin zuen gora, eta konpainia esportatzaile eta inportatzaileentzako estaldurak eskaintzen dituzten produktuen kontratazioa -hala nola dibisen truke-aseguruak, erregaiarenak edo lehengaienak- % 40 hazi da.