Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Kutxabanken Online Bankuari esker, ordainketak azkarrago.

KUTXABANK PRENTSA | 2017/09/15

Enpresen ekonomia eta finantza-arloko kudeaketa-lanak erraztea da Kutxabanken Online Bankua etengabe hobetzen jarraitzeko arrazoia.Bada, eskura jartzen dituen aukera ugarien artean, kobrantzak eta ordainketak arintzera bideratutakoak nabarmentzen dira, ‘confirming’ eta  ‘B2B zordunketak’ modalitate berriak, kasurako. Horrez gain, dagoeneko ohikoak diren eragiketak daude eskuragarri: kobrantza eta ordainketa-sorten bidalketak edo transferentziak nazioarteko merkataritzan.

Kutxabanken Online Bankuan gero eta gehiago erabiltzen den ordainketa-tresna bat da ‘corfirming’-a, enpresak estutasunik gabe egin diezaiokeelako aurre bere ordainketei, administrazio-lanak eta kostuak murriztuz eta hornitzaileen aurrean duen irudia hobetuz. Hornitzaileei, bestalde, euren fakturen kudeaketa-lanak bizkortzeko aukera eskaintzen die, abantaila gehigarri batekin: hala eskatzen dutenean, fakturen kobrantza aurreratu ahal izango dute berehala, ordainketa ez jasotzeko arriskurik gabe.

Online Bankuari eginiko azken hobekuntzei esker, Kutxabanken bezero ez diren confirming-aren hornitzaile onuradunak gune mugatu batera sartu ahal izango dira faktura baten datuekin, eta sakelako telefono zenbaki bat adierazten duten lehen finantzaketa eragiketa baten ostean, hurrengo fakturen kobrantza berehala eta modu autonomoan aurreratu ahal izango dute SMS bidez jasoko duten gakoarekin. Kutxabanken bezero diren hornitzaileen kasuan, fakturak ere aurreratu ahal izango dituzte, ohiko prozedurari jarraikiz. Abantaila horri esker, baliteke hornitzaileak jarrera hobea izatea confirming-aren baldintzak bere bezeroarekin negoziatzeko orduan, edo deskontuak eskaintzea fakturak azkar ordaintzeagatik.

Halaber, gero eta ohikoagoak dira B2B zordunketen bidez egiten diren enpresen arteko ordainketak; izan ere, itzultze-epeak laburrak direnez (bi egun bakarrik), arrisku komertziala, berankortasuna eta ez-ordaintzeak nabarmen murrizten baitira. Hori hala izan dadin, zordunak aldez aurretik onartu behar du zordunketa, eta, horregatik, ezinbestekoa da onarpena azkar eta modu eraginkorrean kudeatzea.

Kutxabanken Online Bankuak B2B zordunketak kontsultatzeko aukera aurreratuak ditu, banan-banan edo baimen generikoen bidez (zenbateko, data edo zordunketaren erreferentziarekin lotutako baldintzak ezarrita) onar daitezkeen baimendu gabekoak, esate baterako. Zordunak, gainera, jakinarazpen bat jasoko du bere sakelakoan baimendu gabe dagoen edo saldo faltagatik onartu ez den zordunketa berri bakoitzeko.

Horrez gain, beste hainbat aukera daude erabilgarri: kobrantza eta ordainketa-sorten bidalketa (SEPA 19 eta 34 formatuak), fitxategia prozesatzerakoan akatsik detektatzekotan, sakelakoan, posta elektronikoan edo Online Bankuan jakinarazpena jasotzeko aukerarekin, eta nazioarteko merkataritzan transferentzia bidez ordaintzea, zenbateko osoa edo zati bat finantzatzeko aukerarekin.