Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Kreditu-asegurua: Hazten jarraitzeko tresna bat

Kreditu-asegurua: Hazten jarraitzeko tresna bat

KUTXABANK PRENTSA | 2019/09/30

Mikel Agirre | Head of Political and Single Risk for Spain and Portugal - COFACE

Gure bizitzetan, jende zoragarriarekin topo egin dezakegu; nire kasuan, duela urte batzuk, galiziar entzutetsu bat ezagutzeko aukera izan nuen, Rafael Martínez Cortiña. Ekonomia katedraduna 2007ko otsailean hil zen. Bere lan-ibilbide luzean, Espainiako Kanpo Banku zaharreko presidenteordea eta Natwest SAEko presidentea izan zen. Finantzaketa eta eragiketa komertzialen arriskua aztertzen eman genituen ordu luzeetan, beti errepikatzen zuen gauza bera: «ez dago esportaziorik finantzaketarik gabe, eta ez dago finantzaketarik asegururik gabe».

Edozein enpresarik badaki ziklo ekonomiko eta sasoi batzuetan, bere enpresaren jarduera beste batzuetan baino oparoagoa edo pozgarriagoa dela. Etorkizuneko ziurgabetasun ekonomiko horrez gain, inportatzaileek eta produktuen erosleek gero eta finantzaketa gehiago eta epe luzeagoak nahi izaten dituzte, haien ordainketa-betebeharrei aurre egiteko. XIX. mendean dagoeneko, zuzenbide modernoaren gurasoetako batek, Rudolf Von Inhering-ek, krediturik gabeko merkataritza hegorik gabeko txori baten modukoa dela esan zuen. Azken hamarkadako bilakaeraren ondorioz, herrialde gorakorrak ekoizpen-gune gisa ikustetik gure produktu eta zerbitzuen eroslegai gisa ikustera igaro ondoren, erosleentzako kreditua funtsezko aldagaietako bat bihurtu da. Mundu osoan inoiz baino eroslegai gehiago daude, baina interes-tasa altuak eta moneta debaluatuak dituzten herrialdeetan, erosleek behar duten ordainketa-geroratzea emateko gai den esportatzaileak eragiketa gehiago itxi ahal izango ditu.

Zer egin dezake enpresak zalantzaz beterik dagoen eta ordainketak gero eta beranduago jasotzen dituen egoera batean? Bidelagun onak behar ditu: lehenik eta behin, Kutxabanken pareko kaudimena daukan finantza-erakunde bat; eta, ondoren, kreditu-aseguruen hornitzaile aditu bat, hala nola COFACE.

Zer da kreditu-asegurua? Europako herrialdeetan tradizio luzea duen enpresen tresna bat da. Prima baten truke, aseguratutako enpresak, bezeroen zorroaren analisiaz gain, tokiko zein nazioarteko bezeroen ez-ordaintzeen gaineko estaldura eskuratzen du. Munduan lider den kreditu-aseguratzaile batek, hala nola COFACEk, tokiko edo munduko edozein txokotako bezero bati buruzko iritzi hutsa emateaz gain, analisi baten ondoren, aseguruduna konpentsatzeko konpromisoa hartzen du, bezero horrek fakturaren bat ordaindu gabe uzten badu.

Saltzea bezain garrantzitsua da kobratzea, eta finantza-zuzendari on batek oraindik kobratu ez diren jaulkitako fakturen aurrerakina jaso nahi izango du bere finantza-erakunde nagusian. Gakoa zera da, zergatik aurreratuko ditu fondoak gure finantza-bazkideak, Italiako edo Algeriako enpresa batek 120 edo 180 egunen buruan ordaintzeko konpromisoa hartu duenean? Gure kalitatearengatik (lagatzailearen arriskua) izan daiteke, noski, baina aseguru-etxe batek jaulkitako kreditu-aseguru baten estaldura daukagunez, inbertsio mailakoa, finantzaketa eskaintzea errazagoa izango da, esportatzailearen kudeaketa profesionalaz gain, kreditu-aseguratzaileak emandako bigarren babes-lerro bat izango dugulako.

Rafael Martínez Cortiñak esaten zuen, gure herrialdean saltzeko edo esportatzeko, funtsezkoa dela kreditu-arloko erraztasunak ematea eroslegaiei, eta kreditu-aseguru bat izateak finantzaketari argi eta garbi lagunduko dio, horren atzean erakunde aditu bat dagoelako, eroslearen ez-ordaintze bat aztertu eta estaliko duena.

Agindua zor, esan ohi da, baina, edozein ziurgabetasun ekonomiko edo politikoren ondorioz, hala ez den kasuetarako, kreditu-aseguruak gure enpresari hazten jarraitzeko aukera emango dio.