Kutxabank Enpresak

Actualidad Económica

Europarako Marshall plan bat.

Europarako Marshall plan bat - Newsletter Kutxabank Enpresak

PARTNERS GLOBAL FUNDING | 2021/04/12

Gonzalo Cardenal

Kontseilari Ordezkaria

Guztira 1,8 bilioi eurok lagunduko dute COVID-19aren osteko Europa berreraikitzen.

COVID-19ak ekarritako osasun-larrialdiak goitik behera aldatu du munduko ekonomiaren eredua, aurrekaririk gabeko krisi bati aurre egin behar baitio. Pandemiak eragindako kalte ekonomikoak eta sozialak erreparatzen laguntzeko, Europako Batzordeak, Europako Legebiltzarrak eta EBko buruek berreskuratze-plan bat adostu dute, krisitik irteteko bidea irekiko duena eta Europa ekologikoago, digitalago eta erresilienteago bat eraikitzeko oinarriak ezarriko dituena.

Uztailaren 21ean, akordio historiko bat lortu zen Europako Kontseiluan, salbuespen-egoera honi erantzuteko, 750.000 milioi euro mobilizatu baitziren. Komunitatearen zorraren jaulkipenaren bidez finantzatuko da zenbateko hori, 2021-2027 Hainbat Urtetarako Finantza Esparruko 1,074 bilioiekin batera, datozen urteetan aurrekaririk gabeko inbertsio-bolumenari heltzeko aukera emango duena.

Next Generation EU Berreskuratze Plan berriari esker, Espainiak oso laguntza-bolumen handia mobilizatu ahal izango du. Zehatz-mehatz, Europako Kontseiluaren akordioak 140.000 milioi eurorainoko finantzaketa aurreikusten du transferentzietan (itzuli beharrik gabeko dirulaguntza) eta kredituetan datozen sei urteetan.

Konparazio-datu gisa, 1985 eta 2010 urte bitartean Espainiak 80.000 milioi euro garbi jaso zituen Europar Batasunetik, eta 2021 eta 2023 urte bitartean, aldiz, Espainiak 60.000 milioi euro inguru jasoko ditu.

Next Generation EU planaren banakatzea

Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa

672.500 milioi euro

horietatik, maileguak

360.000 milioi euro

horietatik, dirulaguntzak

312.500 milioi euro

REACT-UE

47.500 milioi euro

Horizon Europe

5.000 milioi euro

InvestEU

5.600 milioi euro

Landa-garapena

7.500 milioi euro

Bidezko Trantsiziorako Funtsak (BTF)

10.000 milioi euro

RescEU

1.900 milioi euro

GUZTIRA

750.000 milioi euro

Iturria: Europako Batzordea.

60.000 milioi euro horiekin Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan bat diseinatu da Espainiarako, hamalau helbururekin, zeharkako lau ardatzekin, egiturazko erreformarako hamar politikekin eta hogeita hamar ekintza-ildo nagusirekin. Bada, inbertsioaren % 70 inguru ondoko xede hauetara bideratuko da: industria, ETE, turismo eta ekintzailetza alde batetik, energia-trantsizioa, hiri- eta landa-agenda, despopulazioa eta nekazaritza bestetik, eta zientzia, berrikuntza eta osasuna azkenik.

Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak Espainiako ekonomia modernizatzeko, hazkunde ekonomikoa berpizteko eta enplegua sortzeko bide-orria marrazten du, baita COVID-19aren krisiaren ondoren ekonomia sendo, inklusibo eta erresiliente bat berreraikitzeko eta datorren hamarkadako erronkei aurre egiteko ere.

Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren laguntza jasotzeko, EBko herrialdeek proiektu, erreforma eta inbertsioen sorta koherente bat prestatu behar dute sei ekintza-esparrurako:
eraldaketa ekologikoa,
eraldaketa digitala,
enplegua eta hazkunde adimentsua, jasangarria eta integratzailea,
gizarte- eta lurralde-kohesioa,
osasuna eta erresilientzia,
• belaunaldi berrirako politikak, hezkuntza eta ahalmenen garapena barne.

Europako Batzordeak 2021eko apirilaren 30era arteko epea eman die EBko herrialdeei Berreskuratze eta Erresilientzia Plan Nazionalak aurkezteko. Estatukideek 2026ra arteko erreforma- eta inbertsio-programak ezarriko dituzte plan horietan.

Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionala hamar trakzio-politikatan egituratzen da, ekonomia- eta gizarte-sarea eraldatzeko gaitasun handiena duten ekoizpen-sektoreetan zuzenean eragingo dutenak.

2021. urterako Espainiar Estatuko Aurrekontu Orokorretan, badakigu 26.000 milioi euro aurreratu direla berreskuratze-funtsetatik. Aurreikusitako gastu-lerroen artean, enpresa pribatuei laguntzak transferitzeko partida hauek nabarmentzen dira:

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa:

• Digitalizazioa, iraunkortasuna eta berrikuntza kate logistikoan (112 M €); mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuko proiektuak (410 M €).

Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa:

• Energia- eta industria-eraldaketa (220 M €); adimen artifiziala eta ETE-entzako beste teknologia bideratzaile batzuk (71 M €); ekonomia zirkularreko proiektuak enpresetan (50 M €); prozesuak eta antolaketa-ereduak berritzeko proiektuak (105 M €).

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioa:

• Adimen artifiziala (109 M €); balio-kateen robotizazioa (25 M €); Espainiako Industria Politika 2030 (140 M€); ETE-en digitalizazioa, gaitasun digitalak eta faktura elektronikoa bultzatzea (574 M€); 5Garen hedapena (256 M €); ikus-entzunezkoen sektorea (105 M €).

ADMINISTRAZIOAREN MODERNIZAZIOA

Administrazioek Europako funts horiek arin eta eraginkortasunez kudeatzeko prestatu behar dute. Horregatik, duela hilabete batzuk Errege Lege-dekretuaren proiektu bat lantzen hasi zen gobernua, Administrazioa modernizatzeko eta Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriei buruzkoa. Gobernuko presidenteak berak oztopo burokratikoak eta botila-lepoak ezabatzeko iraultza administratibo bat iragarri zuen funts horiek kudeatzeko, dirulaguntzen araudia, zehazki:

Gobernua ildo hauek lantzen ari da:

1. Estatuko agentziak erakunde ofizialekin berreskuratzea.
2. Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren webgune bakarra.
3. Dirulaguntzen oinarriak eta deialdiak agiri bakar batean biltzea.
4. Lehiarik gabeko dirulaguntzak, eskaerak aurkezten diren hurrenkeraren arabera esleituak.

Oraingoz, eta txerto bat lortu arte, aurreikuspenetan ziurgabetasun handia da nagusi. “Marshall plan” baten aurrean gaude, aurrekaririk gabeko inbertsio-ahalegin bat egingo baita nazioarteko jarduera eta enplegua suspertzeko. Hazkunde erreal eta potentzial bat lortzeko ezinbesteko bultzada izango da, 2021etik aurrera lortzea espero dena.