2019an Kutxabankek 624 milioi bideratu zituen zerga eta kotizazioetara
2020an tokiko ekonomietan daukan pisua handitu nahi du, batez ere Euskadin eta Andaluzian
Kutxabank Taldeak eta bere Banku-fundazio akziodunek urtero eragin ekonomikoari buruz egiten duten azterketaren arabera, erakunde horiek 624 milioi euroko diru-ekarpena egin zioten Espainiako diru-bilketari, 2019ko zerga eta tasen ordainketaren bidez.
Txostenaren arabera, erakunde horiek guztira 1.583 milioi euroko baliabideak sortu zituzten, hau da, Espainiako BPGd-aren % 0,1. Horrez gain, Finantza-taldeak 14.197 lanpostu mantendu zituen.
Espainian, guztira 9.819 enpresak eskaintzen dizkiete zerbitzuak finantza-erakundeari eta bere akziodun diren banku-fundazioei, eta azken horiek guztira 370 milioi euroko gastua egin zuten hornitzaileei ordaintzeko. Kutxabank Taldea eta BBK, Kutxa eta Vital Fundazioek 6.400 langile inguru dituzte.
Kreditu-jarduerari dagozkion datuak aintzat hartuta, aipatu analisiaren arabera, Kutxabanken eta Banku-fundazioen jardueraren eragin osoa ekonomia nazionalean honako hau da: 21.460 milioi euro (hau da, Espainiako BPGd-aren % 1,8) eta 328.000 lanpostu.
Eragile oinarrizkoak
2019ko datuekin egindako azterketan eta 2020ko lehen hiletan finantza-taldeak detektatu dituen joeretan oinarrituta, Kutxabank Euskadiko eta Andaluziako ekonomien oinarrizko eragile bat dela ondorioztatu daiteke, bai eta bere papera indartu egingo duela ere. Bere pisu zehatza aintzat hartuta, finantza-taldea balio ekonomiko eta sozialaren sortzaile nagusietako bat da lurralde horietan.
Ezohiko krisi orokor honen testuinguruan, ongizatearen eta garapen sozial eta ekonomikoaren baldintzak pixkanaka berrezartzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzen laguntzea da orain bere lehentasunetako bat.
Konpromiso horren ondorioz, bere ingurune hurbilean egiten dituen erosketa eta inbertsioek gora egin dute: 2020ko lehenengo lau hiletan, % 20 hazi dira, eta guztira 52 milioi euroko zenbatekoa erabili du 674 euskal hornitzaileren artean.
Horrez gain, Bankua Euskadiko zerga-ordaintzaile nagusien artean dago, bere negozio-bolumenaren 100 euroko 40,2 bideratzen baititu Ogasunaren diru-kutxara; kopuru horretatik, 20,9 euro jasandako zergak dira; 12,8 euro, bildutako zergak; eta 6,5 euro, beste karga batzuk.
Zuzeneko ekarpen hori Euskal Autonomia Erkidegoaren diru-bilketa osoaren % 1,3 da, eta zeharka, hornitzaile eta bezeroen kateari loturiko bilketaren bidez, Euskadiko diru-bilketa osoaren % 20 dago bere esku.
Andaluziaren kasuan, Cajasurren jarduera korporatiboak 289 milioi euroko eragina izan zuen, hau da, BPGdaren % 0,18, eta guztira 3.032 lanpostu mantendu zituen. Datu horiek bere kreditu-jarduerari gehitzen badizkiogu, azterketaren arabera, finantza-erakundearen jardunak lurraldeko ekonomian daukan eragina 3.636 eurokoa da, hau da, Andaluziako BPGd-aren % 2,3, eta 60.400 lanpostukoa.