Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Kutxabanken eta bere akziodunen jarduera korporatiboak 825 milioi euroko eragina izan zuen euskal ekonomian

2018 Kutxabanken eragin ekonomikoa

KUTXABANK PRENTSA | 2019/06/27

Kutxabank EAEn balio ekonomikoa eta soziala sortzen duen finantza-erakunde nagusia da, eta lehena da norbanakoak, ETEak eta erakundeak finantzatzen, bai eta bezeroen baliabideak kudeatzen ere.

Izan ere, Taldeak lurraldeko ekonomian 2018. urtean izan zuen eragin positiboa % 12,8 hazi zen aurreko urtekoaren aldean. Txostenak 825 milioi eurotan kokatu du erakunde horien jarduerak Barne Produktu Gordinari egiten dion ekarpena, hau da, Euskadiko ekonomiaren guztirakoaren % 1,1.

Diru-kutxa publikoek, beren aldetik, 339 milioi jaso zituzten tasa eta zergatan, hau da, % 11,9ko haziera aurreko urtekoaren aldean. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoan 2018an bildutako guztirakoaren % 2,3 da. Gogora dezagun, era berean, Kutxabank Taldeari 2018an egotzitako emaitza garbia 332,3 milioi eurokoa izan zela, karga fiskalak ordaindu ostean.

2018an Kutxabankek eta akziodun Fundazioek euskal enpresen lehenengo kontratugile postuari eutsi zioten. Enpresa horien gehiengoa -% 90- zerbitzu-sektorekoak dira, eta zehatzago, informatika eta informazio-teknologien arloetakoak, errepikatzen ari den konstantea, banku-negozio ereduak azken urteotan bizi duen eraldaketa digitala dela eta. Orotara, 4.294 konpainiari luzatu zitzaizkien eskaerak, 231 milioi euroko balioan.

Kutxabankek eta Banku Fundazioek 737 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten Euskadin hornitzaileei, langileei eta administrazio publikoei ordaintzera. 270 milioi jasotako soldatei egokitu zitzaizkien eta, hirugarren urtez jarraian, Kutxabankek bere mozkin garbiaren % 50eko dibidendua banatu zuen bere akziodunen artean, 166 milioi euro guztira.

CEPREDEk egindako eragin ekonomikoari buruzko azterketak argi erakusten du diharduen eremu geografiko bakoitzean Taldearen jarduera ekonomikoak eta finantzarioak dakarren balio-sorrera. Sortzen diren ondasun eta zerbitzuen fluxuak eta transakzioak aztertu ditu, zenbait terminotan: ekoizpena, errenta eta enplegua sortzea eta itzulkin fiskaletan. 2018ri dagokion azterketak aparte utzi du, berriz ere, Kutxabanken enpresa-partaidetzen eragina.

Finantza-bitartekaritza lanetik eratorritako zeharkako eraginak eta eragin induzituak ere zehaztu ditu azterketak, bere bitartekaritza finantzariotik eratorriak, eta, zehatzago, bere kreditu-jarduerari lotuak. Kasu horretan, BPG sortzeari egindako ekarpena 7.896 milioi euroren inguruan kokatuko litzateke, Euskadiko BPGren % 10,6.