Finantzaketa soziala
KUTXABANK PRENTSA | 2021/01/14
Kutxabankek eta BBK Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute hirugarren alorreko erakundeei eta gizarte-ekonomiako enpresei interes-baldintza bereziak dituen finantzazio-ildoa helarazteko, Bizkaian egoera zaurgarrian dauden pertsonen eta giza-taldeen gizarteratzea eta laneratzea sustatu dezaten.
Akordioa Kutxabanken Handizkako Negozioko Zuzendari Nagusiak, Fernando Irigoyenek eta BBK Banku Fundazioko Zuzendariak, Gorka Martinezek sinatu dute.
Alde biek konpromisoa hartu dute baldintza bereziak dituzten maileguak emateko akordio honen baitan eskariak egiten dituzten pertsona juridikoei, berez urtebete duen epealdia luzatzeko aukerarekin.
Ekintza honek Bizkaiko gizarte-ehuna indartu, eta gizarte-ekonomian lan egiten duten erakundeak sustatzeko helburua du. Finantzazio-eragiketak honako ildoei erantzuteko bideratuko dira: zirkulatzaile edo likidezia beharrak, abalak eta beste kauzio batzuk, guztiak lurraldeko hirugarren alorreko erakundeek eta gizarte ekonomiako enpresek eskatutakoan.
BBK-k abala jasotzeko aukera duten eskarien aurretiazko azterketa egingo du, eta irizpideetan egitasmoen bideragarritasunari lehentasuna emango die. Kutxabankek, bere aldetik, autonomia osoz erabaki ahal izango du maileguak eman ala ez, egungo araudiak aintzat hartzen dituen mailegu arduratsuen politika eta prozeduren arabera.
Honela, finantzazio-eragiketak Kutxabankek emango ditu, BBK Fundazioaren doikuntza eta aurretiazko baimenarekin.
Lankidetza hitzarmen hau BBK-k 1998az geroztik bere Gizarte-ekintzaren bitartez abian jarritako gizarte-finantzazioko eta aurrezki-solidarioko ereduaren oinordekoa eta jarraitzailea da, eta Kutxabankek berezko hartzen ditu haren helburu sozialak, beharrezkoak diren baliabideak ipiniz funtzionamendu egokia izan dezan.