Kutxabank Enpresak

Ekitaldiak

Estrategia Topagunea 2020

KUTXABANK PRENTSA | 2020/11/13

Azaroak 11ean, Bilboko Azkuna Zentroan, Estrategia Topagunearen zazpigarren edizioa izan zen; Estrategia Empresarial ekonomia-aldizkariak antolatutako hausnarketa-foroa.Ekitaldia aurrez aurrekoa izan zen, eta streaming bidez eman zen.

Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak ongietorria egin zuen, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Topagunea inauguratzeaz gain, enpresek epe ertain eta luzera dituzten erronka garrantzitsuei buruzko gogoeta egin zuen. Halaber, erakunde publikoek EAEko enpresei nazioartean posizionatzen laguntzeko egiten duten lana nabarmendu zuen.

Berton, mahai-inguru bat antolatu zen, "Euskadiko eraldaketa lehiakorrerako trakzio-erakunde eta -enpresak" izenburupean, eta Fernando Irigoyen Kutxabankeko Handizkako Negozioko zuzendari nagusiak parte hartu zuen. Berarekin batera izan ziren eztabaidan José Miguel García, Euskaltel taldeko CEO, Ana Camacho Batz taldeko CEO, Miguel Fonseca Espainia eta Portugaleko EDP komertzialeko zuzendaria, Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia, eta Adolfo Rebollo Ingeteam-eko CEO. Horiek guztiek enpresa eta erakunde batzuen trakzio-lanari buruz hitz egin zuten, guztien artean Euskadiko ekoizpen-sarea eraldatzea eta lehiakorrago bihurtzea lortzeko, bai Europan, bai nazioartean, osasun-krisiaren ondorioek markatutako ingurune batean.

Bestalde, Fernando Irigoyenek azaldu zuen zer finantza-ikuspegi behar duten enpresek, etorkizunari begira, gaur egungo egoerari aurre egiteko: "Ez dago errezeta magikorik, baina oinarrizko hiru alderdi hartu behar dira kontuan; ekoizpena, merkatuak eta bezeroak dibertsifikatzea, salmenta-gaitasuna izateko eta diru-sarrerak sortzeko; gastu gutxi izatea, eta arriskuak zuhurtziaz kudeatzea, enpresak finantza-egitura zaindua eta egokia mantentzen duen bitartean". Era berean, ezinbesteko beste bi alderdi azpimarratu ditu; alde batetik, digitalizazioa, ezinbestekoa baita jarduerari eusteko, eta, bestetik, negozioen jasangarritasunaren aldeko apustua, gizarteak hori eskatzen baitu. Amaitzeko, adierazi du lankidetza publiko-pribatua oso tresna baliagarria dela EAEko enpresak Europa mailan lehiakorrak izan daitezen.