Ekonomia Berriaren Foroa
KUTXABANK PRENTSA | 2018/10/26
Urriaren 26an, izan zen Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Florida aretoan, Ekonomia Berriaren Foroa. Nola aurrera egin pertsonen eta planetaren zerbitzura egongo den ekonomiarantz? Eredu iraunkorretarantz hirien eta ekonomien eraldaketan aurrera egitea bilatzen duten enpresa, elkarte, erakunde publiko, unibertsitate, prestakuntza-zentro, gizarte-talde eta erakundeak bildu ziren.
Kutxabank, sustatzaile den Gasteizko Udalak gonbidatuta, solasaldi horretan izan zen etorkizun iraunkorragoko bankari buruzko eztabaida sustatzeko. Mahai-inguruan egon ziren Jose Luis Bastarrica, Araba Sareko zuzendaria; Borja Lahuerta Blázquez, Triodos Bank-eko (Bilbao) enpresatako kudeatzailea; Alberto Mínguez, Fiare (Bilbo) bulegoko zuzendaria; eta Oscar Mugerza Telleria, Laboral Kutxako Enpresatako Negozio Garapenaren zuzendaria.
Aitor Buendía kazetariak moderaturiko eztabaidak aukera eman zuen hara bildutako ehunen bat laguni bankaren eta honen eragin eraldatzailearen ikuspegia emateko, hain zuzen ere, pertsonen eta planetaren zerbitzura egongo den eredu ekonomiko baterantz joateko. Oraingo uneari dagozkion gaien bidez, banka modernoaren versus banka tradizionalaren ereduan sakondu ahal izan zen.
Ekonomia Berriak beren gaitasun edo ahalmena erakusten ari dira egungo ekonomia-eredua eraldatzeko eta pertsonen eta planetaren zerbitzura jartzeko. Ekonomia Berriak (ekonomia zirkularra, guztion onerakoa, elkarlanekoa, soziala, solidarioa, urdina edo blue...) eta finantza etikoak beste eredu ekonomiko alternatibo baterantz igarotzeko katalizatzaileak dira.
Horregatik, jardunaldi honen helburua ekonomia berri horiek gizarte- eta ekonomia-ehunera hurbiltzea izan da, benetako eta hurbileko adibideak emanez; baita hausnarketa eginaraztea ere, ea nola erantzun eta zer ekarpen egin erronka berriei, ekonomia- eta gizarte-garapen iraunkorra ahalbidetzeko.