Zein sektorek jaso dezakete Next Generation fondoak 2023an?
KUTXABANK PRENTSA | 2022/12/22
Datorren urtea funtsezkoa izango da Next Generation fondo europarren banaketari begira. Izan ere, fondo horiek pandemiaren ondorio ekonomikoei eta sozialei berehalako erantzuna emateko sortu ziren, hau da, ekonomia suspertzeko inbertsioak eta erreformak bultzatzeko. Horren harira, Espainian NGEU fondoak kudeatzeko Europako Batzordearekin adostu den egutegiak 201 mugarri eta helburu jasotzen ditu, 2023a amaitu baino lehen egiaztatu beharrekoak. Eta, horretarako, Europako Batzordeak Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (Adenda kanpoan utzita) jarduketak gauzatzera bideratutako laguntza ez-itzulgarrien % 78 inguru erabiliko ditu.
Halaber, datozen hilabeteetan fondoen erabilera areagotzeko beharra sortu da, aurretik hitzartuta zeuden NGEU fondoen gauzatze-maila aurreikusitakoa (eta nahi) baino txikiagoa izan delako. Horiek horrela, ikusi da baliabideak kudeatzen dituzten hainbat erakunde eta entitate publikok, maila nazionalean eta autonomikoan, gaitasun falta izan dutela laguntza eta lehiaketa-deialdien kopuru handiagoa argitaratzeko (baita duela hilabete batzuk argitaratutako deialdiak ebazteko ere) eta Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (ESEPE) inplementazioan neurri handiagoan aurrera egiteko.
2023rako aurreikusi diren baliabideak eta aplikazio-eremu nabarmenak
2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera, baliabide gehiago mobilizatuko dira. Zehazki, 2023an 28.692 milioi euro bideratuko dira Susperraldi Planera, 2022ko aurrekontuan hasieran jasotakoa baino % 6,7 gehiago.
Next Generation (NGEU) fondoekin lagundu daitezkeen inbertsioen artikulazioak osagai “berde” eta digitalizazio-helburu nabaria du, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta genero-berdintasuna bilatzeaz gain. Horiek dira Susperraldi Plana gauzatzeko zehaztu diren jarduketen ardatz egituratzaileak, eta, beraz, presentzia nabarmena izango dute 2023an egin beharreko inbertsioetan ere.
Aurrekoaren ildotik, eta datorren urtean jasoko dituzten NGEU fondoen bolumena kontuan hartuta, jarduera-eremu garrantzitsuenetako batzuk estuki lotuta daude trantsizio berdearekin. Mugikortasun elektrikoa eta garraio jasangarria, eraikinen birgaitzearekin lotutako eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak dira, besteak beste, inbertsio-bolumen handiak erakarriko dituzten sektoreak.
Bestalde, eraldaketa digitalak NGEU baliabideak jasotzen segituko du, eta, beraz, digitalizazioarekin eta teknologia berriekin lotutako proiektuak hautagarriak izango dira, baita konektagarritasunarekin, 5Garekin eta zibersegurtasunarekin zerikusia duten konponbideak ere.
Datorren urterako aurreikusi den aurrekontu-zuzkiduraren erdia baino gehiago aipatu jarduera-eremu edo sektoreetara bideratuko da, eta, beraz, sektoreon balio-kateetan eragin positiboa izatea espero da.
2023ko NGEU fondoen mobilizazioan nabarmendu diren sektore batzuk
Iturria: AFI
Garraioa, eraikinen birgaitzea eta energia berriztagarriak
Mugikortasun elektrikoaren eta garraio jasangarriaren esparruan, 3.035 milioi euro baino gehiago bideratuko dira isuri txikiko guneak martxan jartzera eta garraio-sistema publikoa modernizatzera, bai eta garraio-sistema nazionala eta aldiriko tren-zerbitzuen kalitatea hobetzera ere. Fondo horietako batzuk lehiaketa bidez banatuko dira, eta garraio-azpiegiturak hobetzera ere bideratuko dira, batez ere trenbide-azpiegiturak. Horrez gain, ibilgailu elektrikoak erosteko eta karga-guneak instalatzeko laguntzak emango dira, baita elektromugikortasun-proiektu berritzaileak gauzatzeko ere (hidrogeno berdearen erabilera barne).
Bestalde, eraikin publiko zein pribatuen eraginkortasun energetikoa hobetze aldera, NGEU fondoen 3.005 milioi euro baino gehiago bideratuko dira eraikinak birgaitzera eta energetikoki eraginkorrak diren alokairuzko etxebizitzen eskaintza handitzera. Eraikuntza espezializatuko eta eraikuntza-materialen hornidura zerbitzuen balio-kate osoan jarduera sortuko duten proiektuez ari gara.
Energia berriztagarriak bultzatzeko, bestalde, 2.330 milioi euro baino gehiago erabiliko dira datorren urtean. Zehazki, 780 milioi euro bideratuko dira energia berriztagarri berritzaileak garatzera, hala eraikinetan integratutakoak nola ekoizpen-prozesuak energiaz hornitzeko erabiltzen direnak (autokontsumo elektrikoa, bioenergia eta sektore horien balio-katea bultzatzeko, baita profesionalak prestatzeko eta gaitzeko ekimenak ere). Aurreikuspenen arabera, hidrogeno berdearen balio-katea (ETEen parte-hartzea) eta energia-iturri berriztagarri hori erabiltzen duten eskualdeko prototipo eta proiektu aitzindariak sustatzeko zuzkidura 673 milioi eurokoa izango da. Horrez gain, Trantsizio Energetikoaren Plana Estatuko Administrazio Orokorrean ezartzeak inbertsio esanguratsuak ekarriko ditu berekin (550 milioi baino gehiago), eraikin eta azpiegitura publikoetan energia berriztagarrien erabilera sustatzeko. Inbertsio horiek lehiaketa bidez banatu ahal izango dira, instalazio publikoetan energetikoki iraunkorragoak diren irtenbideak ezartzeko proiektuak gauzatzeko, hain zuzen ere.
Trantsizio berdearekin lotutako hainbat sektoretara bideratuko diren NGEU fondoak
Zerbitzu eta azpiegitura digitalen eta konektagarritasun-arloko sektoreak
Eraldaketa digitalari begira, 3.490 milioi euro baino gehiago bideratuko dira informazioaren teknologien sektoreko zerbitzuak hornituko dituzten ekimenetara, baita prozesuen digitalizazioarekin eta azpiegitura digitalen edo antzekoen hornidura hobetzearekin lotutako beste jarduera batzuetara ere. Zati handi bat, 1.387 milioi, ETE-etan digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa bultzatzeko erabiliko da. Era berean, beste zati garrantzitsu bat e-administrazioarekin lotutako jarduketak gauzatzera bideratuko da. Halaber, ondoko sektore hauetan eraldaketa digitala bultzatzeko proiektuak eta laguntza-lerroak ere ugariak izango dira: turismoa, nekazaritzako elikagaien industria, hezkuntza, osasuna eta kultura-zerbitzuak.
Bestetik, konektagarritasun eta zibersegurtasun azpiegituren zerbitzu eta hornikuntzarekin lotutako jarduketak gauzatzeko, NGEU fondoen 2.620 milioi euro baino gehiago erabiliko dira. Zehazki, 1.450 milioi bideratuko dira mugaz haraindiko azpiegitura digitaletara (hainbat herrialde barne hartzen dituzten proiektuetan parte hartzen duten enpresa espainiarrentzat). Horrez gain, 570 milio euro erabiliko dira 5G teknologia hedatzeko (garraio-igarobide nagusien estaldura handitzeko eta 5G zerbitzuaren erabilgarritasuna lurralde osoan zabaltzeko), 5G eta 6G arloan I+G+b ekosistemak eta 5G zibersegurtasun ekosistemak garatzeko eta trakzio-proiektuetan 5G erabilpen kasuak gauzatzeko. Banda zabal ultralasterra hedatzeko, erreferentziazko zentroetan konektagarritasuna indartzeko eta zibersegurtasunaren kultura sustatzeko beste hainbat jarduketa aurreikusi dira, besteak beste.
Eraldaketa digitalarekin lotutako zenbait eremutara bideratuko diren NGEU fondoak
Ondorioa
Labur esanda, datorren urtean hainbat jarduera-eremu eta sektoretara bideratuko diren NGEU baliabideak ugariak izango dira, Europako funts horien gauzatzea bizkortzeko beharra dagoen testuinguru batean. Ondorioz, sektore batzuek zuzenean jasoko dituzte fondoak (laguntza edo lehiaketa bidez); eta beste zenbaitek, berriz, ondasunak eta zerbitzuak eskainiko dizkiete zuzeneko onuradun horiei. Horri esker, NGEU fondoak aplikatzearen eragina balio-kate sektorial askotan nabarituko da.
Nolanahi ere, NGEU fondoen inplementazioari zukua ateratzeko, komenigarria da izaera proaktiboa duen estrategia bat garatzea, fondo horien laguntza jaso dezaketen proiektuak aldez aurretik diseinatzeko. Gainera, behar-beharrezkoa da argitaratzen diren laguntzak eta lehiaketak identifikatzea eta horietako bakoitzaren baldintzen egokitzapen edo hautagarritasun-maila aztertzea. Bada, egiteko horiek errazteko, Kutxabankek laguntzaile birtual bat eta laguntza-zerbitzu bat eskaintzen die enpresei eta bestelako eragile ekonomikoei.