Kutxabank Enpresak

Egungo Ekonomia

Zein sektore izango dira Next Generation fondoen onuradunak 2022an?

Zein sektore izango dira Next Generation fondoen onuradunak 2022an?

KUTXABANK PRENTSA | 2021/12/23

Zein sektore izango dira Next Generation fondoen onuradunak 2022an?

Datorren urtean, Berreskuratze Planaren betearazpenak eta, horrekin batera, Next Generation EU (NGEU) fondoen banaketak indarra irabaztea espero da, 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera eta aurten erabili ez diren eta datorren urtera emango diren baliabideei esker. Bada, aurreikuspenen arabera, laguntzen deialdi gehiago argitaratuko dira, hala dirulaguntza formatuan, nola baldintza onuragarrietan emango den finantzaketa eta lizitazio formatuan.

Jarraian, laguntza horiek jasoko dituzten sektore edo jarduera-eremu nagusietako batzuk zerrendatu ditugu. Nolanahi ere, aipatzekoa da zeharkako laguntzak ere egongo direla, edozein sektoretako enpresentzat, autonomoentzat, Administrazio publikoentzat, irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat eta beste onuradun batzuentzat.

Nekazaritzako elikagaien sektorea

Nekazaritzako elikagaien sektorean (nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreak barne), Berreskuratze Planak 300 milioi euro bideratuko ditu ureztatzeak modernizatzera, eta Espainiako erkidego ureztatzaileak izango dira onuradunak, ureztatze eraginkorreko teknologiak ezar ditzaten.

Halaber, nekazaritzaren iraunkortasuna eta lehiakortasuna sustatzeko inbertsioak egingo dira 2022an, 103 milioi euroko aurrekontu-zuzkidurarekin, baita laguntzak eman ere, 13 milioi eurokoak, animalien lurreko garraiorako ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroetan biosegurtasunaren arloko azpiegiturak eta gaitasunak hobetzeko. Bi kasuetan, autonomia erkidegoek kudeatuko dituzte laguntzen deialdiak.

Nekazaritzako elikagaien arloan, bestalde, Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoa (gaztelaniaz, PERTE) aipatu behar da, sektore horrek Espainiako ekonomian duen pisu nabarmenagatik sortua. Proiektu horren barruan, nekazaritzako elikagaien balio-kateari laguntzeko hainbat ekimen bilduko dira, eta 1.000 milioi euro baino gehiago mobilizatuko dira. Aipatu ekimenek prozesuak digitalizatzeko eta ezagutza eta berrikuntza sustatzeko helburua dute, elikagai osasuntsuz hornitzeko eta ingurumenaren iraunkortasuna zaintzeko. Horrekin batera, jarduerak gauzatuko dira hiru eremu hauetan: lehiakortasuna, iraunkortasuna eta trazabilitatea eta elikagaien segurtasuna.

Hiri eta landa eremuko birgaitzea eta eraikuntza

Espazio publiko zein pribatuak birgaitzeak garrantzi berezia izango du 2022ko Berreskuratze Planean. Gaur egun, autonomia erkidegoek argitaratzeke dituzte hiriko birgaitze-lanetara (auzoetara eta eraikinetara) bideratuko diren 1.151 milioi euroko laguntzen deialdiak. Jabeak eta jabekideen erkidegoak izango dira laguntza horien onuradunak, baita eraikuntzaren sektorea ere, zeharka bada ere.

Administrazio publikoak, halaber, 1.124 milioi euro bideratuko ditu 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerri guztietan eta probintziako hiriburuetan isuri txikiko guneak ezartzera, mugikortasun aktiboa sustatze aldera. Horrek obra zibila egitea eta hiri-altzariak erostea ekarriko du berekin. Horrez gain, 113 milioi euro mobilizatuko dira meatzaritza-jardueren ondorioz degradatu diren ekosistemak eta eremuak lehengoratzeko, hiri-inguruneak berdatzeko ekimenak barne, besteak beste.

Bestetik, alokatzeko etxebizitzak arrazoizko prezioan eskuratzea errazagoa izan dadin, 500 milioi euro bideratuko dira etxebizitza sozialak eraikitzera, eraginkortasun energetikoko irizpide zehatz batzuk bete beharko dituztenak.

Azkenik, 600 milioi euro inbertituko dira eraikin publikoen energia-instalazioak berritzeko, hezkuntzara, gizarte-laguntzara, kirolera, osasunera, kulturara eta beste zerbitzu publiko batzuetara bideratutako eraikinetan bereziki.

Automobilgintzaren sektorea

Automobilgintzaren sektoreak mugikortasun iraunkorraren estrategia zabaltzeko laguntzak jasoko ditu. Ildo horretan, PERTE VEC proiektua nabarmentzen da, ibilgailu elektrikoa garatzeko eta fabrikatzeko jarduera integralak biltzen dituen deialdia zehatz-mehatz. Izan ere, 3.000 milioi euro baino gehiago mobilizatuko baititu 2023ra arte.

Mugikortasun iraunkorraren helburua betetzeko, 445 milioi euro bideratuko dira karga-guneak instalatzeko, ibilgailu elektrikoa erosteko eta hidrogeno berdearen teknologiak ezartzeko programara, elektromugikortasunaren balio-katearen barruan. 2022an, gainera, MOVES Proiektu Bereziak programaren deialdi berri bat egingo da, 150 milioi euroko zuzkidurarekin, enpresek ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegituren edo baterien aplikazio berritzaileak gara ditzaten.

Bestalde, automobilgintzaren sektoreak etekina aterako die, zeharka bada ere, garraio-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa pribatuek bidaiarien eta salgaien garraio-flotak eraldatzeko emango diren dirulaguntzei. 176 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura izango dute, hain zuzen ere. Halaber, 50 milioi euro bideratuko dira ibilgailu industrialen flota handiak berritzeko MOVES dirulaguntzen programara, 500 ibilgailutik gorako flotak berritu nahi dituzten enpresentzat.

Energiaren sektorea (eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak)

Energia garbien hedapena eta gure ekonomiaren deskarbonizazioa ere lehentasuna dira Berreskuratze Planaren trantsizio berdearen barruan. Gainera, energiaren arloko enpresak izango dira energia-konponbide iraunkorragoak ezartzeko laguntza-deialdi batzuen zeharkako onuradunak. Hori da, hain zuzen ere, nekazaritzaren, etxebizitzaren eta zerbitzuen sektoreetan erregai fosilak ordezteko energia berriztagarri elektriko, termiko eta klimatizazioko proiektuak eta industria-aplikazioak garatzeko laguntzen kasua (435 milioi euro).

Datorren urtean, bestalde, 555 milioi euroko laguntzak bideratuko dira hidrogeno berdearen balio-katera: energia-sistemetan txertatzeko aurrerapen teknologikoak eta proiektu aitzindariak garatzeko. Gainera, aurreikuspenen arabera, 940 milioi euro mobilizatuko dira energia berriztagarrien instalazio berritzaileekin lotutako kapital-ondasunetan hasierako inbertsioa egiten laguntzeko (lurraldean eta ingurumenean integratzeko), baita itsasoko energia berriztagarrien proiektu pilotuetarako eta bioenergiaren garapenerako ere.

Halaber, 100 milioi euro mobilizatuko dira lurralde nazional osoan Energia Erkidegoak eraiki eta garatzera bideratutako laguntzetan. Era berean, 25 milioi bideratuko dira energia-biltegiratzearekin lotutako I+G proiektuetarako (garapen esperimentaleko zein ikerketa industrialeko proiektuak barne), sistema konplexuen osagaiak sortzeko, baita laborategian prototipoak eraikitzeko ere.

Labur esanda, datorren urtean, laguntza gehiago espero dira aipatu sektoreetarako, baina baita beste jarduera-eremu batzuetarako ere. Horrenbestez, enpresaren aldetik beharrezkoa izango da nolabaiteko proaktibitatea, NGEU fondoen bidez lagundu daitezkeen proiektuak behar bezala prestatzeko. Izan ere, prestakuntza hori funtsezkoa izan daiteke, batez ere norgehiagoka-deialdietan parte hartzeko, proposamenaren kalitateak (proiektuen memoriak) zehazten baititu eskatutako laguntzak eskuratzeko aukerak.