Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Suspertze Planaren Eranskina:
ETE-entzako aukera berritu bat

Suspertze Planaren Eranskina: ETE-entzako aukera berritu bat

KUTXABANK PRENTSA | 2023/07/27

Next Generation fondo europarrak (NGEU) enpresa txiki eta ertainetara iristen ari dira, batez ere enpresa horientzako lizitazio eta diru-laguntza deialdien bidez (hemen kontsultatu ahal dituzu martxan dauden deialdiak: Kutxabank Next). NGEU fondoen ezartze-esparruak askotarikoak dira eta sektore askori eragiten diote. Hartara, hainbat jarduera-sektoretako enpresak eskura dituzte laguntzak. Nolanahi ere, finantzatu daitezkeen jardunak laguntzen deialdian bertan zedarrituta daude, eta trantsizio berdearekin loturiko proiektuekin (GEI isurien murrizketa, efizientzia energetikoaren hobekuntza, energia berriztagarrien ezarpena, hondakinen kudeaketaren hobekuntza, etab.) eta digitalizazio-prozesuekin (teknologia berrien erabilera, prozesuen automatizazioa, trebetasun digitalen ikaskuntza, etab.) lotuta egon ohi dira.

Gaur egun argitaratzen ari diren laguntzen deialdiak Suspertze Planean (1. fasean) jasotako inbertsioei dagozkie, eta guztira NGEU fondoen 69.528 milioi euroko zuzkidura daukate (Bruselatik diru-laguntza modalitatean jasoak).

Espainiak eskura dituen ahalik eta NGEU baliabide gehien erakartzeko, Gobernuak fondoen bolumen handiagoa eskatu dio Europako Batzordeari Suspertze Planaren Eranskinaren bidez (2. fasea). Hartara, 94.000 milioi eurotik gorakoak izango dira Espainiako ekonomiara bideratu ahal izango diren baliabide gehigarriak, eta enpresek haietako gehienak eskuratu ahal izango dituzte.

Espainian mobilizatu daitezkeen NGEU fondoen bolumena eta jatorria (milioi eurotan)

Iturria: Espainiako Gobernuaren datuetatik (Suspertze Planaren Eranskina)

Horrenbestez, Eranskinak aukera-horizonte berria eskainiko die ETE-ei (eta beste eragile ekonomiko batzuei), NGEU fondoak eskuratu eta haien lehiatzeko gaitasuna indartzeko aukera izan dezaten. Ildo horretatik, Eranskineko fondoen helmugetako bat Ekonomia Suspertu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak (PERTE) dira. Gogoan hartu behar dugu Espainiako ekonomiaren hazkundearentzat estrategikoak diren eta ETE askoren jardueraren jokaleku diren hamabi esparru kontuan hartuta diseinatu direla PERTEak. Esparru horien artean hainbat industria daude, hala nola autogintza (ibilgailu elektrikoa eta konektatua garatzeko, bateriak fabrikatzeko ekosistema barne; PERTE VEC), mikroelektronika eta erdieroaleen industria (PERTE Chip) eta manufakturen beste industria batzuk (Industriaren deskarbonizaziorako PERTErako aukeratu daitezkeenak). Energia berriztagarrien arloa ere nabarmendu behar da (PERTE ERHA), besteak beste (ikus zerrenda osoa geroago dagoen taulan).

PERTE-etako inbertsio publikoaren hiru eurotik bi Eranskinetik etorriko dira. Guztira NGEU fondoen 42.000 milioi eurotik gora erabiliko dira Proiektu Estrategiko hauetan. Deialdietako batzuk, hala nola PERTE VEC laguntzen lehen deialdia, oso zorrotzak izan badira ere enpresentzat (eskatutako berme kopuru handia, taldeka aurkezteko beharra, erantzukizun solidarioarekin…), etorkizunean ETE-entzat «malguagoak» izatea espero dugu. Izan ere, PERTE VECen bigarren deialdirako banakako eta lehiaketa sinpleko modalitate bidezko proiektuak ere aurkeztu ahal izango direla aurreikusten da. Horrek NGEU fondoak arinago ezartzen lagunduko du.

PERTE-en zuzkidura eta Eranskineko baliabideen pisu erlatiboa (milioi eurotan; %)

Iturria: Espainiako Gobernuaren datuetatik (Suspertze Planaren Eranskina)

Horri guztiari Estatuko laguntzen markoa malgutu dela ere gehitu behar zaio, onartu berri den Kategorien araberako Salbuespenen Araudi Orokorraren aldaketa dela eta. Aldaketa horien ondorioz, Europako Batzordeari jakinarazpena helarazi eta, laguntza emateko, haren berariazko onarpenen beharrik ez duten kategoria berriak sartu dira (gehienak ingurumena babesteko eta ETE-ei laguntzeko arloaren barruan). Horrez gain, aurretik zeuden zenbait kategoriatan jakinarazpen-atalaseak handitu dira.

Bestetik, Eranskinak baliabideen bideratze garrantzitsu bat jasotzen du, hainbat finantza-tresnaren bitartez (maileguak eta kreditu-lerroak, bermeak, parte-hartzeak kapitalean eta kapital-arriskuko tresnak), hamalau fondoren eta abantaila handiak dituzten finantzaketa-lerroen bitartez. Aurrekontuaren zuzkidura eta enpresak finantzatzeko xedea kontuan hartuta, «ICO Berdea» lerroa ere aipatu behar dugu. Lerro horrek 15.500 milioi euroko zuzkidura izango du eta gaur eguneko energiaren prezioei aurre egiten dieten eta deskarbonizazioa sustatzen duten enpresen inbertsioak finantzatzeko erabiliko da.

Azkenik, aipatu beharra dago NGEU fondo guztiek 2026ko abuztuaren 31 baino lehen bideratuta egon behar dutela, baina pentsatzekoa da finantzatutako proiektu eta jardun guztiak burutzeko epea luzeagoa izango dela. Epeez gain, Suspertze Planean jasotako zenbait mugarri eta helburu ere malgutzea aurreikusten du Eranskinak, NGEU fondoen bolumen handiaren bideratzea errazteko. Ildo horretatik, eskari asko jaso dituzten zenbait laguntza-programa ere malgutzea aurreikusten da. Kit Digitalaren kasuan, onuradun izan daitezkeenen eremua handituko da, 50 langiletik gorako enpresak ere sartzeko helburuarekin.

Azken batean, Europako Batzordeak balioetsi zain dagoen Eranskinak NGEU fondoen bolumen gehigarri handiago bat mobilizatuko duela aurreikusten da. Datozen hiru urteetan, enpresek Europako fondoak eskuratzeko aukera berritu hau baliatu ahal izango dute (diru-laguntza eta finantzaketa itzulgarrien bidez), hazkundea eta lehiakortasuna sustatuko duten  inbertsioei aurre egiteko.