KUTXABANK PRENTSA | 2019/01/18
MARIA CARMEN FUENTES AZPIROZ – Luzaroko zuzendari gerentea
“Sortu zenetik Luzarok 2.506 finantzaketa-eragiketa formalizatu ditu EAEn”
1. Nola azalduko zenuke Luzaroren egitekoa?
Luzaro kredituko finantza-erakunde bat da, eta 1992an sortu zen Euskadiko Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainen egitura indartzen laguntzeko helburuarekin.
Sortu berritan, Luzaroren xede nagusia enpresen kapital iraunkorrak sendotzea izan zen, eta, horretarako, partaidetza-maileguak ematen zituen baldintza onuragarrietan, enpresak hazkunde eta nazioartekotze-prozesuak garatzeko gai izan zitezen. Askotan, izan ere, funts propioen eskasiagatik ezin baitzituzten proiektuok aurrera atera.
Ondoren, beste produktu batzuk eskaintzen hasi zen, urte hauetan guztietan, banku tradizionalek nekez erantzun dituzten euskal enpresen finantza-arloko beharrei konponbidea bilatzeko.
Funtsean, EAEko ETE-ei sendotu eta garatzeko finantza-arloko laguntza eskaintzea da Luzaroren egitekoa.
2. Zeintzuk dira beste kredituko finantza-erakunde batzuekin dituen desberdintasunak?
Hainbat dira Luzaroren eta gainerako kreditu-erakundeen arteko aldeak. Eredua bera da lehenengoa, gurea ekimen berezi bat delako, Eusko Jaurlaritzaren eta lurraldearekin harreman estuena duten finantza-erakundeen (Kutxabank, Laboral Kutxa, Banco Sabadell eta Bankoaren) arteko lankidetza publiko-pribatutik sortutakoa.
Luzarok eskaintzen duen finantzaketari dagokionez, gure maileguek epe malguak dituzte, ezaldi luzeekin (5 urtera arte inbertsio-maileguetan eta 3 urte finkatze-maileguetan) eta baldintza ekonomiko oso onekin, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari eta aipatu ditudan finantza-erakundeen babesari esker.
3. Hitz egin dezagun eskaintzen dituen produktuez.
Lau finantzaketa mota desberdin eskaintzen ditugu:
- Inbertsiorako parte-hartze maileguak, hala aktibo finkoetarako nola enpresen erosketetarako, batez ere heltze-aro luzea duten proiektuetarako, lehen aipatu ditudan ezaldi luzeengatik. Finantzaketaren kostu erreala enpresaren emaitzekin lotuta dago. Hartara, emaitzak negatiboak direnean, kostua minimoa da, eta enpresak etekinak dituenean, berriz, kostua doitu egiten da.
- Aktibo Zirkulatzailean inbertitzeko mailegua, negozioa hazi eta zabaltzeko proiektuak finantzatzeko balio duena. 5 urtera arteko epeak eskaintzen dira.
- Finantza-arloa finkatzeko mailegua, balantzeak berregituratzeko.
- Industria 4.0 mailegua, enpresen eraldaketa digitala ahalbidetzeko inbertsioetarako. Gure katalogoan sartu berri dugun mailegu bat da, inbertsio mota hauen eskari gero eta handiagoari erantzun nahi diona, interes-tasa finko oso interesgarriekin.
4. Amaitzear dagoen ekitaldi honetan, Luzarok mende laurdena bete du. Zein da 25 urte hauen gaineko irakurketa?
Gure 25. urteurrena dela-eta, Luzarok urte hauetan guztietan egindako lanari buruzko azterketa bat prestatu dugu. Urtemuga ospatzeko argitalpen batean jaso ditugu ondorioak, eta bertan ikus daiteke Luzaro eratzea erabaki ezin hobea izan zela.
Denbora honetan guztian, Luzarok 2.506 finantzaketa-eragiketa formalizatu ditu, 704 milioi euroko balioa izan dutenak. Eragiketen % 60 inbertsioa finantzatzeko erabili da, eta % 40 finkapenerako.
Baina ehuneko horiek nabarmen aldatu dira denborarekin, ziklo ekonomikoen arabera. Ekonomiaren hazkunde-faseetan, inbertsiorako maileguak izan dira gehien eskatu direnak, eta atzeraldietan, aldiz, finkatze-eragiketen aldera lerratu dira eskariak.
Horrek argi erakusten du Luzaro tresna erabilgarri bat dela, euskal enpresen sareak urteetan izan dituen behar desberdinei erantzuteko.
5. Eta etorkizunari begira, zeintzuk dira erronka nagusiak?
Euskal enpresen sarea sendotu eta laguntzeko Luzaroren hasierako helburuari eustea da gure egiteko nagusia, gure akziodun guztien babesarekin.
Horren ondorioz, noski, merkatuaren baldintza berrietara eta enpresek mahai gainean jartzen dizkiguten behar berrietara egokitu behar dugu. Egokitzapen horren erakusgarri da aurten bertan gehitu dugun 4.0 Industria Mailegua, lehen aipatu bezala. Baina behar berriak identifikatu eta horien inguruan hausnartzeko etengabeko prozesu bat da hau, eta egunero ari gara horretan lanean, bazkide diren finantza-erakundeen ezinbesteko laguntzarekin.
6. Zein da Luzaroren eta Kutxabanken arteko lotura?
Kutxabank eta Luzaroren arteko harremana luzea eta sakona da, eta hainbat arlori eragiten dio. Luzaroren akziodun nagusietako bat izateaz gain, gure xedearekin bat datorren erakundea da Kutxabank.
Bere enpresen sare komertzialaren bidez, parte-hartze aktiboa dauka, eta Luzarok eskaintzen dituen finantzaketa-arloko aukerak ETE-ei helarazten dizkie.