Pentsioak erronka demografikoaren aurrean. Aurreikuspen-formula osagarriak
Biztanle-kopurua asko ari handitzen eta horrek zuzeneko ondorioak ditu landa-eremuan, osasun-arretan, adinekoen zaintzan, produkzio-ereduan eta pentsioen mantentzean.
Bizi-luzera etengabe ari da aldatzen eta jaiotza-tasa txikitzen ari da. Ondorioz, erabat aldatzen ari da biztanleria aktiboa.
Globala da aldaketa, baina herrialde garatuei eragiten die gehien, eta Espainia da biztanleriaren piramidea gehien aldatzen ari den estatuetako bat. Alde batetik, bizi-itxaropen luzeenetako bat du (80 urte baino gehiago gizonen kasuan eta 85 urte baino gehiago emakumeen kasuan), eta, bestetik, jaiotza-tasa txikienetako bat (1,1 jaiotza emakume bakoitzeko).
Zifra horiek adierazten dute pentsioa jasotzen duten 70 urte edo gehiagoko biztanleen eta lan egiteko adinean dauden biztanleen (16 eta 67 urte bitartekoak) arteko proportzioa % 20 igoko dela hurrengo 25 urteetan; hots, % 24tik % 43ra.
Mugimendu demografikoek dimentsio planetarioa dute. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) gero eta bizitza luzeagoa izateak eragiten dituen arazoen berri eman du. Hona hemen batzuk: zahartzearen ondoriozko ezintasunen gorakada, osasun-eskari handiagoa eta adinekoen arretarako baliabide gehiago emateko gero eta premia handiagoa. Nazioarteko Diru Funtsak, bestalde, trantsizio demografikoak aurrezpenean, inbertsioetan eta produktibitateari lotutako arriskuetan duen eraginean jartzen du arreta. Eta Europako Batzordeak Smart Silver Economy delakoaren inguruko ekimen-multzo batean lan egin du.
ERRETIRORAKO AURREZPENAREN ZUTABEAK
Hori guztia horrela izanik, pentsio-sistema publikoaren bilakaerari buruzko sentsibilitatea handitzen ari da, baita aurreikuspen-formula osagarriei buruzko hausnarketa ere.
Gaur egun, erretirorako aurrezpeneko funtsezko hiru zutabe daude:
- Estatua eta pentsio publikoak.
- Enpresaren aurreikuspen-planak.
- Erretirorako aurrezki-plan indibidualak. Euskadin, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen (BGAE) bidez gauzatzen dira.
Lehenengo zutabea nahitaezkoa da, eta beste biak boluntarioak, beste herrialde batzuetan ez bezala. Suitzan, esate baterako, enpresaren aurreikuspen-planak ere nahitaezkoak dira.
Enpresaren aurreikuspen-planak bultzatzeko helburuarekin, enpleguko pentsio-planak bultzatzeko erregulazioari buruzko 12/2022 Legea onartu zen. Gizarte-aurreikuspen osagarriko hiru bitarteko berri sortzea sustatu zuen hark: sustapen publikoko pentsio-planak, enplegu-plan sektorialak eta enplegu-plan sinplifikatuak, ETEentzat eta autonomoentzat batik bat.
Arlo horretan, nabarmentzekoak dira berriki sortu den enpleguko Etorkizuna BGAEa, Bizkaiko eraikuntza-sektoreko enpresa eta langileentzat, eta autonomoentzako lehentasunezko enpleguko aurreikuspen-plana —merkataritza-ganberek sustatu dute Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin—. Aurreikuspen-plan hori Kutxabank Enplegua BGAEan integratu da, eta autonomoak eta haien langileak hartzen ditu bere baitan.
Banakako pentsio-planak —erretirorako aurrezpenaren hirugarren zutabea dira— herritarrek pentsioa osatzeko tresna eraginkor eta estimatua dira. 2023an, 1.500 milioi euro baino gehiago bideratu ziren plan horietara Espainian, eta kontu-kopurua 7,34 milioikoa izan zen; horrek esan nahi du % 15,3k erretirorako aurrezten dutela banakako pentsio-planen bidez. Aragoin, Errioxan, Madrilen eta Gaztela eta Leonen, zifra hori % 18tik gorakoa da. Segoviak (% 22,7), Soriak (% 22,7) eta Teruelek (% 21,7) pentsio-planetako aurreztaile gehiago dituzte, biztanleriaren arabera.
Banakako pentsio-planetan metatutako aurrezkia 84.923 milioi eurokoa izan zen 2023an. Lau autonomia-erkidegok (Katalunia, Madril, Andaluzia eta Valentziako Erkidegoa) aurrezpenaren % 65,4 metatzen dute banakako pentsio-planetan, nahiz eta horien biztanleria Estatuko guztizkoaren % 60 izan.
ZERGA-SISTEMA, FUNTSEZKO ELEMENTUA
Pentsio-planen ezaugarrietako bat zerga-ordainketa da: erretirorako aurrezteko gehien baloratzen den produktuetako bat dira hori dela-eta.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Ogasunek BGAE Aurreikuspen Erakundeetako kideei 8.000 eurora arteko kenkari fiskalak aplikatzeko aukera ematen die enplegu-planetan eta 5.000 eurora artekoak banakako sisteman. Zerga-sistema aldatu egingo da 2025ean, erreforma fiskala indarrean sartzen denean, lurralde historiko bakoitzeko batzar nagusietan onartu ondoren.