Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Pentsatzeko premia gero eta handiagoari buruz

Imagen Deusto Business School

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2022/12/22

Jordi Albareda

Deusto Business Schooleko estrategia irakaslea.

Gaur egun, ekaitza perfektu baten erdian bizi (edo bizirik irauten ari) garela iruditzen zaigu. Ingurunea ohartarazi gabe aldatzen da, eta, batzuetan, itsumustuan. Aldaketak eta berrikuntzak bata bestearen atzetik kateatzen dira, patxadaz barneratzeko astirik gabe, eta gure denbora gero eta urriagoa da, informazio eta estimuluen ugaritasunean itota gaudelako. Ziurrenik sekula ez da hainbeste gauza pasatu, eta inoiz ez dugu izan gauza horiei buruzko ulermen handiagorik, baina, aldi berean, inoiz ez dugu izan hain denbora gutxi eta etorkizunari buruz pentsatzeko hainbesteko premia.

Horren aurrean, hiru jarrera mota izan ohi dira:

  • Den-dena patuaren eskuetan uzten duten pertsonena, denak hobera egingo duelakoan, aldagarriak berriro doituko direlakoan eta gauzak bere onera itzuliko direlakoan. Hori guztia munduak “entertainment” itxurako opiazeoen kopuru zaurgarri eta ezin besarkatuzko bat eskaintzen digun bitartean.
  • Etapa profesionalaren azken urteetan egonik, “nork nahi ditu nire erantzukizunen giltzak” sindrome progresiboa duten pertsonena, lidergoaren testigua atzetik datozenei pasatzeko irrikaz daudenena, alegia.
  • Edo, etorkizunak eskaintzen dituen aukerei buruz dituzten uste sendoek edo dagoenari buruz hausnartzeko premia larriak eraginda, “pentsatzen eta berria sortzen” saiatzen diren pertsonena.

Horren haritik, eta batez ere azken talde horri bideratuta, zeintzuk dira estrategiak pentsatzen eta zehazten lagun diezaguketen gakoak?

  1. Lehenik eta behin, behar-beharrezko da egunean egotea eta joera ekonomiko, geoestrategiko, teknologiko, zientifiko, politiko eta sozial nagusiei buruzko zeharkako ezagutza izatea. Ingurunearen ezagutza holistiko hori lagungarria izango baita arrisku-egoerei edo aukera berriei aurrea hartzeko, printzipioz behintzat elkarrengandik urrun dauden eremuen disrupzioen gurutzaketatik datozenak batez ere. Neurozientziak zerikusirik izango al du zuzenbidearekin? Eta etikak bioteknologiarekin? Edo sare sozialek sistema demokratikoekin? Litekeena da baietz, eta munduaren ezagutza zabal eta zeharkakoaren bidez soilik lortzea etorkizuneko arrisku eta aukera horiei aurrea hartzea, hezkuntza-sistema gehienen espezializazio eta pragmatismo murriztailearekin kontrajarrita.
  2. Bigarrenik, menderatu nahi den beste edozein jarduerarekin gertatzen den moduan, funtsezkoa da metodologia. Gure hausnarketak behar duen erronka zehaztea, irtenbide posibleak egituratzea, lehentasunezkotzat jotzen direnak aztertzea, konponbidea dagokionari behar bezala komunikatzen jakitea eta, azkenik, egoera bakoitzera egokitutako konponbidea ezartzea. McKinsey&Co moduko aholkularitza-enpresa estrategikoek behin eta berriz erabiltzen duten metodologia horrek gure energia guztia edukian ardazten laguntzen digu, hausnarketa prozesu bakoitzari nola heldu aztertu beharrean.
  3. Hirugarrenik, gomendagarriak dira hausnarketa-guneak. Gorputza sasoian mantentzeko gure hirietan gimnasioak ditugun moduan, komenigarria da geure burua sasoi betean izateko erabilgarri ditugun espazioen inguruan hausnartzea. Pentsatzeko guneak. Izan ere, jatorrian, gimnasio grekoak gorputza lantzeko ziren, baina baita burua trebatzeko ere, filosofoen ikasketa-zentro eta topagunea.
  4. Laugarrenik, pentsatzeko denbora behar da, eta halako sosegu bat. Eta lehen esan dugun moduan, denbora gutxi daukagu horretarako. Eta sosegu faltan ere bagaude. Bakoitzak bere denbora garbi erabilgarria areagotzeko aukeraren inguruan hausnartu behar du. Albiste onak ere baditugu; izan ere, gehiegizko estimulazioa, informazioaren oparotasuna eta sare sozial, gailu eta plataformen ugaritasuna nagusi den mundu honetan, posible da “edukien dieta egitea”, hau da, gure hausnarketetarako elikagarrienak eta osasungarrienak direnak hautatzea. Gainerakoek, gantz transgeniko eta aseekin gertatzen den moduan, ez dute balio nutritiborik, gantz kaltegarriak besterik ez, nahiz eta hasiera batean oso erakargarriak iruditu.
  5. Bosgarrenik, pentsatzen laguntzen diguten pertsonak gertu izatea zein zoragarria den aintzat hartu behar dugu, ezagutzez elikatzen gaituztelako eta hausnarketa-prozesuan baliagarriak zaizkigulako. Pertsona horiek gure sinesmenak zalantzan jarriko dituzte, gure mugak zabalduko dituzte eta urrunago eramango gaituzte. Itsasgizonak ekaitz garaian itsaslabar arriskutsuetatik itsasargiak erreferentzia hartuta mugitzen ziren moduan, argia emango diguten pertsonak behar ditugu gure ondoan.
  6. Seigarrenik, ezinbestekoa da gure malgutasunaren inguruan gogoeta egitea. Gero eta sarriago, ikasteak desikastea esan nahi duelako, lanbidez aldatzea, gure dogmak zalantzan jartzea eta aurrean daukagunari arrazoia izango balu bezala entzutea, gure planteamenduak irmotasunez defendatu beharrean. Eta, egia esateko, garaiotan ez da pentsamenduaren malgutasuna sustatzen. Izan ere, sare sozialek eta algoritmoek geure burua baieztatzeko beharra puztu dute, “gure moduan pentsatzen dutenengana” hurbiltzen baikara behin eta berriz, eztabaidak txirotuz eta totalitarismo bitarrak sustatuz.
  7. Eta azkenik, beharrezkoa da jakin-mina. Jakin-gosea duten izakiek behatu, euren burua zalantzan jarri eta ikasi egiten dutelako. Ezagutzeko grinaz bizi dute bizitza. Bizi-motor horrek haien hausnarketa-prozesuak ongarritzen ditu, eta profesional baliotsuago bihurtzen ditu.

Labur esanda, ziurrenik pentsatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da orain, baina sekula baino konplexuagoa. Diziplina berriak, hala nola data analytics, zibersegurtasuna eta beste hainbat ezagutza-eremu berri, menderatzeko beharraz ohartarazten diguten iritziak nagusitu badira ere, pentsatzeko ofizio zaharra indartu behar dugu. Izan ere, estrategia egokiak zehaztea funtsezkoa baita edozein erakundek aurrera egiteko, baita gure zibilizazioarentzat ere.