Ohorea, erantzukizuna eta prestakuntza
DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2024/06/07
Ana Guzmán. Lidertza Kontseilutik programako zuzendari akademikoa.
Esaten dute botere handia izateak ezinbestean eskatzen duela erantzukizun handia izatea. Spidermanen komikien bidez asko zabaldu zen esaldia da hori, baina gutxienez K.a. I. mendean jatorria daukan esaera da, Damoclesen ezpatari buruz hitz egiteko erabiltzen zena. Eta gaur egun oraindik balio diguna.
Zuzendari eta profesional askoren helburua administrazio-kontseilu baten kide izatea da, haien lan-ibilbideari amaiera gozoa eman eta urteetan pilatutako ezagutza eta esperientzia gizarteari nolabait itzuli ahal izateko. Ohore eta sari handia da, eta, erantzukizunez jokatu beharra dago. Horrez gain, enpresa baten administrazio-kontseiluko kide izateko eta lan hori behar bezala egiteko beharrezkoak diren ezagutzak edukitzea behar-beharrezkoa da, bai eta esparru horretan sortzen diren nobedade guztien berri izatea ere.
Gobernu-organoak profesionalizatzeko bidean, gero eta beharrezkoagoa eta ezinbestekoagoa da administrazio-kontseiluko kideek prestakuntza berezia izatea, haren eginkizunak aurrera eramateko faktore ugari daudelako jokoan. Haietako batzuk, Zygmunt Bauman gogoan, bizi ditugun garai likidoetako hegazkortasunarekin eta ziurgabetasunarekin lotuta daude.
Baina beste gai batzuk, ordea, zuzeneko lotura daukate administrazio-kontseiluaren eginkizunen bilakaerarekin, izan ere, etengabeak dira araudi berriak eta gobernu korporatibo egokiaren arloko hobekuntzak, hala legediaren zein gomendioen bidez.
Errealitate berri horien ondorioz, erakunde baten administrazio-organo batean egotea, hasieran esan dugun moduan, ohore handia da, baina, aldi berean, erantzukizun handiz jokatu beharra dago, haren jarduna eta hartzen diren erabakiak aintzat hartuta.
Gobernu korporatibo egokiaren helburu nagusietako bat sinesgarritasuna, egonkortasuna eta hazkunde iraunkorra bultzatzea da, bai eta epe luzean balioa sortzea ere.
Horregatik, haren eginkizunen artean daude estrategiak zehaztea, politika korporatiboak sortzea eta haien aplikazioa gainbegiratzea, eginkizun exekutiboaren gaineko kontrol-mekanismoak ezartzea, enpresari eta haren jardunari eragiten dioten arriskuak detektatu eta arriskuen mapa osatzea eta gisa horretako gai garrantzitsuak. Eta horren barruan ezin ditugu ahaztu negozioaren zein finantza-arloaren arrisku tradizionalak eta gero eta garrantzitsuagoak diren arrisku ez finantzarioak, hala nola geopolitikoa, arrisku klimatikoa, ziberarriskua edo ospearekin loturikoa. Eta horiek denak funtsezkoak dira enpresak aurrera egin dezan. Hortaz, kontseiluaren ardura da arrisku horiek guztiak behar bezala identifikatuta izatea, prebenitu, detektatu eta beharrezko kontingentzia-planak egunean izateko.
Erabakiak hartzeko botere handi horrek erantzukizun handia eskatzen du, arau eta kodeetan jasota dagoena, hala nola CNMVren gobernu korporatibo egokiaren kodean. Bertan, administrazio-kontseiluari aitortzen zaio administrazio sozialaren eta sozietatearen zuzendaritzaren jarraipenaren gaineko erantzukizun zuzena, hala modu kolektiboan nola banaka.
Eta horrek guztiak helburu argia dauka: interes soziala sustatzea; eta helburu hori denona da, kontseilariaren jatorria edo izendapenaren arrazoia edozein dela ere. Gobernu korporatiboaren neurri egokiak martxan jartzea gakoa da enpresetan eta, beraz, gizartean, balioa sortzeko. Hori dela-eta, gero eta handiagoak dira gardentasun, egiazkotasun, zintzotasun, jardunbide egoki eta emaitzak lortzeko bideen inguruko exijentziak.
Administrazio-kontseiluetako kide izateko eskatzen diren ezaugarrien gaitasun-mapak zehaztea eta aurretiko analisiak egitea da beste gakoetako bat. Horretarako, erakundearen negozioa, merkatua eta estrategia hartu behar dira kontuan, eta kontseiluaren osaerak beharrizan horiei erantzun behar die. Horrez gain, funtsezkoa da kideen ibilbidea, ikasketak, esperientzia, adina, jatorria, generoa edo are naziotasuna ere askotarikoa izatea. Aniztasuna beti da aberasgarria eta ikuspegi eta ezagutza desberdinen iturria. Hortaz, funtsezkoa da erakundearen negozioa, merkatua eta estrategia bermatzeko gai izango den gaitasunen mapa bat, aldian behin berrikusiko dena.
Hartara, erakundeak denon onura bilatzeko egin behar duen lanak zein kontseilukide guztiek hartutako erantzukizunek sor ditzaketen ondorio legalak kontuan hartuta, enpresetako administrazio-organoen profesionalizazioak ezinbestekoa ematen du eta, beraz, baita haren kide guztiek prestakuntza eguneratua izateko beharra ere, karguak dakartzan ardura guztiei modurik egokienean erantzuteko gai izan daitezen.Izan ere, kontseilu on baten ekarpena haren esperientzian oinarrituta dago. Baina ez dugu ahaztu behar, gaur egun, gaitasun espezifikoak garatzea eta enpresa-ingurune berrira egokitzea direla balio diferentziala lortzeko bidea.
Funtsezkoa da enpresetako administrazio-organoetako kide guztiek lege-arloa ondo ezagutzeko beharrezko informazioa izatea eta balio jasangarri eta konpartitua sortzeko orduan daukaten paperaz jabetzea, enpresa txikia ala handia izan, kotizatu ala ez edo enpresa familiarra izan ala ez.
Dagoeneko kontseilu batean dauden profesionalek zein helburu hori dutenek tipologia guztiak zein rol eta dinamika denak ezagutu behar dituzte eta gobernu korporatibo egokiaren arloko gomendio eta joera guztien berri izan behar dute. Baina zerrendatu ditugun gai guztiez gain, beharbada beste prestakuntza-zentro batzuetan aurki daitezkeenak, Deusto Business Schoolen argi daukagu balioetan heztearen garrantzia; enpresetako administrazio-kontseiluen eztabaida eta erabakietan etika eta lidergo humanista aplikatzearen beharra; eta negozioaren jasangarritasunaren eta segurtasunaren mesedetan, ingurumen, ekonomia eta gizarte-arloan oreka bilatuko duen kudeaketa-estiloa aplikatzearen garrantzia.
Hori dela eta, funtsezkoak dira kontseiluko kide diren edo izan nahi duten pertsonen asmoak. Negozio-eskola jesuita garen heinean, enpresa zein gizartearen eraldaketa gure DNAren parte dira, erantzukizuna, jasangarritasuna, kooperazioa eta justiziarekiko eta denon onurarekiko konpromisoa oinarri hartuta. Gure prestakuntza-programan parte hartzen duten pertsona guztiek balio horiek barneratzea eta enpresa-erabakietan erabiltzea da gure lanaren erronka nagusia.
Erakundeek ondo osatutako administrazio-kontseiluak behar dituzte, zirimiriak bezala, haien jardunarekin enpresa osoa bustitzeko gai izango direnak. Martxan dauden negozioetan eraginkorrak izango diren kontseilariak behar dira, baina baita berrikuntzak bultzatu eta aukera berriak detektatzeko gai izango direnak ere, etekin ekonomikoa lortzeaz gain, stakeholder guztien eta gizarte osoaren ongizatea garatzen laguntzeko.