Nola doa Next Generation fondoen banaketa eta zer laguntza espero dira urteko bigarren hiruhilekorako?
Next Generation fondoen bideratze-erritmoak bultzada txiki izan du 2022ko lehen hiruhilekoan. Hori guztia, egungo egoerarekin lotutako zailtasunak eta erronkak gorabehera, Gobernua “Gerrari Erantzuteko Ekintza Plan” bat diseinatzera bultzatu dutenak. Plan horretan, besteak beste, krisi energetikoari aurre egiteko ekoizpen-sarearentzako laguntza neurriak jaso dira.
Nolanahi ere, Next Generation fondoen banaketari dagokionez, urte hau eta hurrengoa funtsezkoak izango dira, Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia planari lotutako inbertsioen kopuru handia aurreikusten baita 2023. urtea amaitu aurretik. Komeni da gogoratzea 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrek Next Generation fondoen (Susperraldi eta Erresilientziaren mekanismoen) 26.900 milioi euro barne hartzen dituztela.
Bada, Kutxabank Next gunean, datozen hilabeteetan argitaratzen diren laguntza-deialdien berri emango dizugu, aipatu esparruetakoak zein beste jarduera-arlo batzuetakoak. Informazio hori jasotzeko, zure helbide elektronikoarekin erregistratu beharko duzu.
Aurrerapauso nabarmenak lehen hiruhilekoan
Urteko lehenengo hiru hilabeteetan Next Generation laguntzen hainbat deialdi argitaratu edota ireki dira, modernizazioa sustatzeko eta enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzeko. Ikusmin handiena sortu duen laguntzetako bat Kit Digitala programari lotutakoa izan da, 3.067 milioi euroko zuzkidurarekin, ETE-en digitalizazioa sustatzea helburu duena. Joan den martxoaren 15ean ireki zen programa horren lehen deialdia, 500 milioi euroko aurrekontuarekin, enpresa txikiei (10 eta 49 langile bitartekoei) tresna eta konponbide digitalak eskuratzen laguntzeko. Deialdia harrera bikaina izaten ari da: ireki eta lehen astean, eskaerak 28.000 inguru ziren, Red.es-en arabera (laguntza horiek kudeatzen dituen erakundea). Deialdia irailaren 15era arte egongo da zabalik, fondoak lehenago agortzen ez badira behintzat. Kit Digitala programaren esparruan, halaber, deialdi berriak egingo dira autonomoentzat eta tamaina txikiagoa duten enpresentzat.
Beste nobedade garrantzitsu bat ibilgailu elektriko eta konektatuaren ESEPEaren eskutik etorri zen, inbertsio-publiko handiagoarekin hornitu baitzen deialdia, 2.975 milioi eurorekin, hain zuzen ere (horietatik, 1.550 milioi dirulaguntza gisa banatuko dira, eta gainerakoa maileguen bidez), ibilgailu elektrikoaren industria-sarean jarduera integralak gauzatzeko. Horiek horrela, gutxienez bost enpresez osatutako taldeen proiektuek eska dezakete laguntza, baldin eta horietako bat ibilgailuen fabrikatzailea bada eta beste bat automobilgintzako osagaien ekoizlea. Horrez gain, ezinbestekoa da teknologia- edota ezagutza-hornitzaile baten edo gehiagoren (zentro teknologikoak, unibertsitateak...) parte-hartzea, I+G+B arloko jarduerak garatzeko. Gainera, ETE-ek gutxienez % 40ko parte-hartzea izan behar dute proiektuan, eta taldearen presentzia geografikoak gutxienez bi autonomia-erkidego barne hartu behar ditu. Norgehiagoka deialdi honetara proiektuak aurkezteko epea 2022ko apirilaren 1etik maiatzaren 3ra artekoa da.
Bestalde, otsailaren 8tik martxoaren 22ra, dozena erdi bat Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategiko (ESEPE) onartu ziren: nekazaritzako elikagaiena, hizkuntzaren ekonomiarekin lotutakoa, ekonomia zirkularrarena, beste bat ontzigintzarako, aeroespaziala, eta beste bat uraren zikloa digitalizatzeko. Proiektu horietatik Next Generation fondoekin finantzatutako inbertsioak aterako dira, laguntza-deialdien bidez bultzatuko direnak. Bada, 2021ean onartutako hiru ESEPE hauei gehitu zaizkie: aipatu ibilgailu elektrikoarena, abangoardiako osasunarena eta energia berriztagarrien, hidrogeno berriztagarriaren eta biltegiratzearen proiektua (ESEPE EBHB).
Bigarren hiruhilekorako aurreikusi diren hainbat laguntza
Aurreikuspenen arabera, enpresen digitalizazioa sustatzeko laguntza berriak argitaratuko dira 2022ko bigarren hiruhilekoan. Horietako bat Aldaketaren Eragileen programa izango da, 300 milioi euroko zuzkidurarekin, ETE-ei (10 eta 249 langile bitartekoei) eraldaketa digitalaren arloko aditu baten aldi baterako zerbitzuak (urtebetera arte) finantzatuko dizkiena. Honako hauek ere argitaratzeke daude, eta laster iragartzea espero da: Fondo Teknologikoaren laguntza-programa, merkatariek eta merkatarien elkarteek sustatutako inbertsio teknologikoak diruz laguntzeko; eta digital innovation hub-ei laguntzeko programa, ETEak digitalizatzeko proiektuak sustatzeko.
Halaber, autonomia-erkidegoek haiek kudeatutako hainbat Next Generation laguntza argitaratuko dituzte, besteak beste, mugikortasun iraunkorra, eraginkortasun energetikoa eta energia-iturri berriztagarriak sustatzeko. Lehenengo arloari lotuta, besteak beste, errepideko garraio-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa pribatuetako bidaiarien eta salgaien garraio-flotak eraldatzeko deialdia egingo da, karbono gutxiko energia alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuak eskuratzen laguntzeko. Gainera, MOVES III programa handituko da, 400 milioi euroko diru-hornidura gehigarriarekin, ibilgailu elektrikoak eta erregai-pila bidezkoak erosten laguntzeko, baita ibilgailu horiek kargatzeko sistemak ere.
Eraginkortasun energetikoaren alorrean, aipatzekoak dira autonomia-erkidegoek kudeatutako bizilekuak birgaitzeko laguntza-programak. Izan ere, programa horien zuzkidura, guztira, 1.150 milioi eurotik gorakoa baita. Etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak hartzeko programak barne hartzen dituzte, auzoak zein eraikinak birgaitzeko eta birgaitze-bulegoei laguntzeko.
Energia berriztagarriak sustatzeko laguntza berrien artean, energia termiko berriztagarrien instalazioak jartzeko pizgarrien programak daude, hala nola hainbat motatako aplikazio termikoak, geotermia, beroa edota hotza banatzeko mikro-sareak eta eguzki-energia termikoa instalatzeko. Autonomia-erkidego batzuetan, hala nola Euskadin eta Andaluzian, dagoeneko argitaratu da programa horien deialdia (martxoaren 24an eta 25ean, hurrenez hurren).
Norgehiagoka-deialdietan parte hartzea
Next Generation fondoekin finantzatzen diren laguntza-deialdi batzuk norgehiagoka modalitatearen bidez kudeatzen dira. Lehia arrunt bidezkoetan ez bezala, zeinetan laguntzak eskaerak aurkezten diren hurrenkeran esleitzen diren eta dokumentu-eskakizunak mugatuak diren, norgehiagoka-deialdietan garrantzitsua da epeei, informazio- eta dokumentazio-eskakizunei eta proposamenak (proiektuak) balioztatzeko irizpideei kasu egitea.
Epeak, gainera, laburrak izan ohi dira. Askotan, hilabete ingurukoak baino ez dira izaten. Eskatutako dokumentazioaren barruan, proiektuaren memoria zehatza dago; bertan, garatuko diren jarduerak justifikatu behar dira, Suspertze Planaren lehentasun edo estrategiekin bat etorri beharko dutenak, eta proiektuaren ekonomia eta finantza-arloko bideragarritasun-eredua aurkeztu behar da, baita espero diren eragin sozioekonomikoak eta ingurumen-arlokoak zenbatetsi ere. Bada, elementu horiek izango dira deialdi espezifikoan zehaztutako balioztapen-irizpideetan kontuan hartu beharko diren alderdietako batzuk.
Hori dela eta, oso garrantzitsua da enpresak proiektuari buruzko oinarrizko informazioa aurrez prestatzea, baldin eta laguntza publikoa eskuratzeko eta laguntza-deialdiren baten bidez Next Generation fondoen finantzaketa jasotzeko aukera izan nahi badu. Indarrean dauden eta hurrengo datozen laguntzen deialdien berri izateko, Kutxabankek Next Generation laguntzei buruzko informazio-plataforma bat jarri du enpresen eskura: Kutxabank Next. Halaber, Kutxabankek finantzaketarekin osatzen ditu dirulaguntzak, eta, enpresek behar izanez gero, deialdien jarraipen eta parte-hartze prozesuan laguntzen die.