Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Next Generation fondoetatik ia 1.900 milioi euro erabiliko dira bizitegiak birgaitzeko eta alokairu soziala sustatzeko

Next Generation fondoetatik ia 1.900 milioi euro erabiliko dira bizitegiak birgaitzeko eta alokairu soziala sustatzeko

KUTXABANK PRENTSA | 2022/11/15

Espainiako etxebizitzen parkearen antzinatasuna kontuan hartuta, bizitegi-eraikinetan eraginkortasun energetikoa sustatzea eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzea funtsezko helburua da energia aurrezteko. Horiek horrela, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiak honako neurriak barne hartzen ditu: eraikinen birgaitzea sustatzea, etxebizitzen parkearen kalitatea hobetzea eta eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzea.

Aipatu helburuak lortzeko, bizitegiak (eraikinak eta etxebizitzak) eta hiriak (auzoak) birgaitzeko programak dira Suspertze Planaren tresna nagusia. Zehazki, etxeetan berriztagarria ez den energia primarioaren kontsumoa gutxienez % 30 murrizteko eta berokuntza eta hozte-sistemen eskaria gutxienez % 7 murrizteko laguntzak barne hartzen dituzte.

Programa horiek gauzatzeko, autonomia-erkidegoek kudeatutako dirulaguntzen deialdiak martxan jarri dira, eskaerak aurkezteko epe luzeekin. Bada, partikularrak, autonomoak, enpresak, irabazi asmorik gabeko erakundeak, elkarteak eta bestelako erakunde juridikoak izan daitezke laguntza horien onuradunak.

Hona hemen diruz lagundu daitezkeen jarduketak:

  • Fatxada eta estalkien isolamendua hobetzea.
  • Leihoak aldatzea.
  • Berokuntza-sistema zaharrak energia berriztagarriak erabiltzen dituzten beste batzuengatik aldatzea edo berritzea (esatera baterako, aerotermia, geotermia, biomasa… bidezko sortze-sistema duten galdarak).
  • Hozte-sistema zaharkituak eraginkorragoak diren eta energia berriztagarriak (aerotermia, geotermia, eguzki-energia, biomasa...) erabiltzen dituzten beste batzuengatik aldatzea/berritzea.

Irailean, Ministroen Kontseiluak aurrekontu-zuzkidura berri bat onartu du bizitegiak birgaitzeko programa honetarako, 2022ko ekitaldiaren kontura. Zehazki, 1.389 milioi euro banatzeko baimena eman da, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Ceuta eta Melillako autonomia-erkidegoei 2021ean emandako 1.151 milioiei gehitu zaizkiena.

Aurrekontu-zuzkidura berri hori osatzeko, 500 milioi euro esleitu zaizkie energetikoki eraginkorrak diren eraikinetan alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak eraikitzeko programei.

Energetikoki eraginkorrak diren eraikinetan alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak eraikitzeko programa 2022
(mila eurotan):

Iturria: Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa.

Programa horiekin lortu nahi dena, oro har, energia-kontsumoa murriztea da; izan ere, kalkuluen arabera, Espainia “(…) berriztagarria ez den energia primarioaren kontsumoa urtean orduko 3000 GW inguru murrizteko gai izango da, eta energetikoki eraginkorrak diren eraikinetan alokatzeko etxebizitzen parke publikoa 20.000 etxebizitzatan handituko da 2026. urtea amaitu baino lehen (…)”. Programa horiek enpleguaren sektoreari ere lagunduko diote; aurreikuspenen arabera, 180.000 lanpostu inguru sortuko baitira autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat, horiek baitira, funtsean, etxebizitzetan birgaitze energetikoa eta erosotasuna lortzeko lan horiek egiten dituztenak.

Hemen kontsulta ditzakezu zure autonomia-erkidegoan bizitegiak birgaitzeko indarrean dauden laguntzen xehetasunak.