Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

«Makina Berria» planak enpresa-proiektu iraunkorren finantzaketa bultzatuko du

Makina Berria

KUTXABANK PRENTSA | 2019/12/19

Programa honek 2.000 milioi eurorainoko lerro berri bat jarriko du enpresen eskura, ekoizpen-makinak modernizatzeko, ingurumenaren gaineko eragina arintzen duten eta ekonomia berde eta iraunkor baterako trantsizioa errazten duten inbertsioetarako baldintza bereziekin.

Kutxabank eta ADEGI, CEBEK eta SEA euskal erakundeek zazpigarren «Makina Berria» plana jarri dute martxan. Euskal enpresen lehiakortasuna handitzen laguntzea da programa honen helburua, eta, horretarako, 2.000 milioi eurorainoko lerro bat jarriko du enpresen eskura.

Makina Berriak finantzaketa baldintza bereziak eskainiko ditu, planean zehaztutako baldintzak 0,15 puntutan jaisteko aukera emango duen interes-tasarekin. Haren gehieneko tarifa 12 hilerako Euriborra gehi % 1,65 izango da.

Lerro berezi horren helburua enpresa-jarduera pixkanaka egokitzeko urratsak sustatzea da, EBren «Hitzarmen Berdean» zehaztutako trantsizio-helburuak betetzeko. Hartara, enpresen energia eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak, energia berriztagarrien erabilera, kontsumo baxuko makina eta instalazioen erosketak edo karbono-aztarnarik uzten ez duten ibilgailuen erosketak bultzatu egingo dira. Inbertsio hauen onuradun ere izango dira uraren edo beste baliabide naturalen kudeaketa iraunkorrean, kutsaduraren prebentzio eta kontrolean eta CO2 isurien murrizketan egiten diren inbertsioak.

Makina Berriaren «lerro berde» honekin batera, ADEGI, CEBEK eta SEA erakundeko enpresa bazkideek, 4.0 industriaren arloko teknologietan inbertsioak egitea aurreikusten badute, finantzaketa baldintza bereziak ere eskuratu ahal izango dituzte, eta konpainien zibersegurtasuna hobetzeko seguru zehatz bat prestatuko da. Izan ere, enpresen jardueran gero eta puntu kritikoagoa baita hori.