Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Robotak eskulan merkeenarekin lehiatzen ari dira kostuetan

img-robots-web

KUTXABANK PRENTSA | 2019/04/03

Iñaki Beristain Etxabe, Azterketen eta Adimen Lehiakorraren arduraduna.

«Hondoko joerak» esaten zaie, guk edozer gauza eginda ere, ezinbestean gertatuko diren horiei. Joera horien ondorioek, gainera, esparru guztietan izango dute eragina, eta, zenbaitetan, bertan direnik ere ez gara ohartuko. Horregatik, epe ertain eta luzeko plangintza-prozesuetatik kanpo geratu ohi dira. Azkenik, joera horiei lotutako hainbat arrisku eta aukera agertuko dira, derrigor identifikatu beharko ditugunak, arriskuak saihestu eta aukerak baliatu ahal izateko.

Gaur egun, hondoko joerekin harreman zuzena duten hiru fenomeno daude gutxienez. Herritarren zahartzea batetik, eta prozesuen automatizazioan abiada bizian ematen ari diren aurrerapausoak bestetik; eta horiei, azken batean, bien konbinazioarekin lotutako ondorioak gehitu behar zaizkie, errentaren eta aberastasunaren banaketan aldeak handitzen dituztenak. Kolektiboki desiragarria ez den azken fenomeno horrek sektore publikoaren esku-hartzea justifikatu eta eskatzen du, aberastasuna banatzea eta aldeak murriztea helburu duten politikekin, ondoriorik okerrenak arintze aldera. Azken azterketetan egindako aurreikuspenen arabera, joera horiek luzatuz gero, 2030. urtearen inguruan, «ekaitz perfektu» baten moduko zerbait piztuko litzateke.

Herritarren zahartzeari enpresa-ikuspegitik heltzen badiogu, prozesuaren bi ondorio nabarmendu ahal izango genituzke. Batetik, agur esan diegu merkatuan nahi beste eskulan zegoen sasoiei. Orain arte, enpresek, oro har, ez dute zailtasun handiegirik izan haien inguruko langileak kontratatzeko orduan. Baina «baby boomaren» belaunaldia erretiroaren adinera iritsi denez, amaitu da eskulanaren oparotasuna, eta garai berri baten atarira heldu gara: enpresek elkarren artean lehiatu beharko dute beharrezkoak dituzten profilak erakartzeko (gehienak, berriak). Horra hor bigarren ondorioa. Horrenbestez, zenbait profilen balioa handitu egingo da, hain zuzen ere teknologia berrien gaineko ezagutza sakona duten horienak eta datuak ustiatzearen bidez erabakiak hartzeko prozesuak errazten abilak direnenak. Horren ondorioz, negoziazioetan botere aldaketa moduko bat gertatuko da, adituen mesedetan eta enpresen kaltetan.

Horrekin batera, automatizazioan agerikoak diren aurrerapauso azkarrak ditugu; kasu honetan, zuzenagoa litzateke gertakari horri, maila orokorrean, «aurrerapen teknologiko» deitzea. Automatizazioaren prozesuaz gain, kontzeptu horren barruan beste hainbat prozesu sar genitzake: robotizazioa, digitalizazioa, adimen artifiziala, etab.

Aurrerapen teknologikoarekin lotuta, robot kolaboratiboen (Cobots - collaborative robots) batez besteko kostua abiada bizian murrizten ari dela ikus dezakegu. Hartara, bere ohiko abantaila objektiboei (ekoizpen gaitasun handiagoa, 24/365 etenik gabeko jarduera, laneko bajarik ez, aldarrikapen kolektiboen desagerpena… kostuen murrizketa gehitu behar diegu. Horri esker, herrialde garatuetako eskulanaren aldean lehiakor izateaz gain, herrialde gorakorretako eskulanaren kostuarekin lehiatzerainoko mailara heldu dira.

Horra hor industria eta zerbitzu-arloko inguruneetan robotek izan duten hedapen-prozesu azkarraren arrazoia, bereziki esanguratsua AEBetan, EBn eta pareko herrialde garatuetan. Kasu honetan, Espainiak ere azkartze-prozesu bizia bizi du, bere inguru hurbileko ezarpen-erritmoekin alderatuta.

Horrez gain, komeni da azpimarratzea, askok bestela uste duten arren, pertsonen ordez makinak erabiltzeko prozesuak eskuz eta ahalegin fisiko handiak tarteko egiten diren lan errepikakorrei eragiteaz gain, bulego-lanei ere eragingo diela. Aurreikuspenen arabera, esate baterako, abokatu-lanarekin edo inbertsio-zorroen kudeaketarekin zerikusia duten jarduerak izango dira berrikuntzaren eskutik datorkigun ordezkatze honen biktima nagusiak.

Bi joera hauen (demografikoa eta teknologikoa) konbinazioaren ondorioz, aberastasun gehiago pilatuko da makinen jabeen eskuetan. Horrekin batera, sistemako nominen kopurua murriztu egingo denez, sistema ekonomikoaren kontsumorako eta inbertsiorako gaitasuna apaldu egingo da eta gizarte-desoreka, handitu.

Fenomeno horiek ez daude EAEtik oso urruti. Neurri txikiko ekonomia bat denez, haien eraginpean dago, inguruko beste lurralde guztiak bezala. Baina aldaketa horien aurrean erantzuteko gaitasunean aurkituko ditugu aldeak, bere egiturazko ezaugarriak eta bere ekonomiaren jarduna aintzat hartuta. Bere ezaugarriei begiratuta, gauza jakina da euskal ekonomia zerbitzuen ekonomia izateko bidean dagoela, nahiz eta oraindik industria-sektorearen pisua esanguratsua den, eta bere bereizgarri nagusia. Hortxe kokatu behar dugu industriak balio erantsiaren % 25aren sorreraren arduradun izateko helburu politikoa. Bestalde, EAEn lankidetza publiko-pribatua aspaldiko kontua da. Auzolana euskal kulturan sustrai sakonak dituen kontzeptua da, eta denon artean zehaztutako helburua lortzeko denon ahaleginak bateratzeari egiten dio erreferentzia. Lankidetza hori, besteak beste, clusterretan gauzatzen da. Berregituratze sektorial horrek, banan banako estrategien diseinuarekin eta jarraipen-lanak egiteko taldeekin, nazioartean eredugarri izatera eraman du euskal esperientzia.

Azkenik, EAEko enpresa-sarea laugarren industria-iraultzaren barruan kokatzeko helburua dauka 4.0 industriaren aldeko apustu garbiak. Eredu edo paradigma aldaketa batean oinarritutako testuinguru berri honetan, historia hurbilean bizitako aldaketa handien pare dagoena, leku bat lortzeko aukera paregabea eskaintzen digu apustu horrek.