Lidergoaren 5 K-ak
DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2021/10/25
Adela Balderas
Deusto Business Schooleko irakaslea Pertsonen Kudeaketaren arloan.
Eraldaketa handi bat bizi dugu, eta ez maila digitalean bakarrik, dena hartzen duen maila askoz sakonago batean baizik. Enpresek, haien sektorea eta tamaina edozein dela ere, atseginagoak, anitzagoak, erresilienteagoak, iraunkorragoak eta sozialki konprometituagoak izan behar dutela ulertzeko premia larria dugu, modak eta makillaje soziala alde batera utzita. Bilakaera benetakoa izateko garaia da, gizarteak hala eskatzen baitu ozen, ahotsa dagoeneko urratuta badu ere. Eta, jakina, funtsezkoa da eskaera horri ekaitz inperfektu baten barruan egon denaren arintasunarekin eta halako eraldaketa batek eskatzen duen lasaitasunarekin erantzutea.
Oraindik agerikoak dira mundu osoa astindu duen eta zer egin ez genekiela utzi gaituen egoeraren orbainak, pertsonen eta enpresen zaurgarritasuna gupidagabeki sentiarazi diguna. Horregatik, etorkizunari aurre egin ahal izateko, gure orainean pentsatzeko, hausnartzeko eta erreakzionatzeko unea da.
Eta testuinguru honetan, batek zera galdetzen dio bere buruari: eta orain zer?
Funtsezkoa da ulertzea trebatzen direnak, erosotasunaren bidetik urruntzen direnak izango direla bide berriei ekiteko gai izango direnak, baita gorabeherei aurre egiteko eta ziurgabetasunari aurrea hartzeko ere. Izan ere, pertsonak kudeatzeko bidean ez dago lasterbiderik, bai, ordea, lehenengo urrats bat: nork bere burua ezagutzea, erantzukizunetik, apaltasunetik eta jakin-minetik egin beharrekoa.
Lidergo perfektuaren bilaketan berri txar bat dago: formula magikoez haratago doa. Eta baliteke indargunerik nagusiena haren ahulgunea izatea; izan ere, inoiz ez da perfektua, ia eguneroko eta ezinbesteko ikasketarekin eta gogoetarekin egiten baitu hobera. Lidergoak ikaskuntza eta taldearen hazkundea lehen lerroan jartzea dakar berekin, pertsonengan eta haien ahalmenean benetan sinesten duen lidergo humanista bat eraikitzeko.
Sarritan, lider hobeak izaten lagunduko diguten “trebetasun” horien zantzuak, ereduak eta metodo lagungarriak bilatzen ditugu. Bada, bozgorailu izateko asmo xumearekin, jar dezagun begirada lidergoaren 5 K hauetan, maila profesionalean eta bizitzan beharrezkoak diren trebetasunak batzen dituztenak: Komunikazioa, Konbikzioa, Konfiantza, Konpromisoa eta Kemena.
- Ulertzeko eta ulertua izateko giltza da komunikazioa, eta, horregatik, komunikazioaren aldiak eta aldiriak zaindu behar dira, hau da, zer kontatzen dugun eta nola kontatzen dugun, esan eta entzun ez denak eragiten duen beldurrari aurrea hartzeko.
- Konbikzioa gure helburuan sinestearen eta horren alde borrokatzearen emaitza da, mugiarazten gaituenean eta enpresa mugiarazten duenean sinestea, alegia. Arreta-gunea galtzen badugu, galdu egingo gara, eta gure lantaldea gurekin.
- Lantaldeen eta pertsonen arteko lankidetzan oinarritutako konfiantza, aniztasunaren indarra ulertzeko, aukerak emateko eta ateak irekitzeko, batzuetan aurreiritziengatik, alborapenengatik eta desberdina dena ez ulertzeagatik ixten ditugunak. Eta hor dago gakoa, liderrak gailendu egiten diren aldarea: talentua identifikatu, zaindu eta baloratzen dutenean, adinagatik, generoagatik, jatorriagatik... epairik eta aurreiritzirik egin gabe, berdintasunetik.
- Helburuei tinko eusten laguntzen digun konpromisoa, norantz goazen, nola eta zergatik dakienaren erantzukizunarekin.
Eta hori guztia kemenarekin onduta, barru-barrutik jaiotzen den ausardiarekin, aurrera begira jartzen gaituena eta esfortzurik gabe ezer lortzerik ez dagoela gogorarazten diguna. Argi dago bidaia ez dela erraza eta zeharkaldiak asmo onak baino zerbait gehiago eskatzen duela. Beraz, atera dezagun bizitakotik ikasbiderik onena.