Kutxabankek euskal ekonomian daukan pisua handituko du 2020an
Covid-aren krisi bete-betean, % 20 handitu ditu euskal hornitzaileen artean egindako erosketak eta inbertsioak, eta Euskadiko zerga-sistemako enpresa nagusien artean dago.
Kutxabank euskal ekonomiaren eragile nagusietako bat da eta aurrerantzean ere hala izaten segi nahi du. Bere pisu zehatzari esker, lurraldean balio ekonomiko eta sozialaren sortzaile nagusietako bat da finantza-taldea.
Ezohiko krisi orokor honen testuinguruan, ongizatearen eta garapen sozial eta ekonomikoaren baldintzak pixkanaka berrezartzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzen laguntzea da orain bere lehentasunetako bat.
Konpromiso horren ondorioz, bere ingurune hurbilean egiten dituen erosketa eta inbertsioek gora egin dute: 2020ko lehenengo lau hiletan, % 20 hazi dira, eta guztira 52 milioi euroko zenbatekoa erabili du 674 euskal hornitzaileren artean.
Horrez gain, Bankua Euskadiko zerga-ordaintzaile nagusien artean dago, bere negozio-bolumenaren 100 euroko 40,2 bideratzen baititu Ogasunaren diru-kutxara; kopuru horretatik, 20,9 euro jasandako zergak dira; 12,8 euro, bildutako zergak; eta 6,5 euro, beste karga batzuk.
Zuzeneko ekarpen hori Euskal Autonomia Erkidegoaren diru-bilketa osoaren % 1,3 da, eta zeharka, hornitzaile eta bezeroen kateari loturiko bilketaren bidez, Euskadiko diru-bilketa osoaren % 20 dago bere esku.
2019an 925 milioi euroko eragin positiboa izan zuen BPGd-an.
2019an Taldeak eta BBK, Kutxa eta Vital Banku-fundazioek lurraldeko ekonomian izan zuten eragin positiboak % 12,1 egin zuen gora, aurreko urtearekin alderatuta. Urtero egiten duen eragin ekonomikoaren azterketaren arabera, Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena 925 milioi eurokoa izan zen, hau da, Euskadiko ekonomia osoaren % 1,28.
Euskal Ogasunek 292 milioi euro jaso zituzten, tasa eta zergen bidez. 2019an Euskal Autonomia Erkidegoan bildutako kopuru osoaren % 2,2 da hori.
2019an, Kutxabank eta Fundazio akziodunak euskal enpresen kontratatzaile nagusiak izan ziren. Enpresa gehienak zerbitzuen sektorekoak izan ziren, informatika eta informazioaren teknologiaren arlokoak, hain zuzen ere. Guztira 5.700 enpresari 215 milioi euroko eskaerak egin zitzaizkien.
Kutxabankek eta Banku-fundazioek 670 milioi eurotik gora erabili zituzten hornitzaileei, langileei, banku-fundazioei eta herri administrazioei ordaintzeko. 254 milioi jasotako soldatei dagozkie. Kutxabankek 173 milioi euroko dibidendua banatu zuen akziodun diren Banku-fundazioen artean.
Taldearen jarduera ekonomiko eta finantzarioak bere eraginpeko lurraldeetan sortzen duen balioa nabarmentzen du CEPREDEn eragin ekonomikoari buruzko azterketak. Ekoizpenean, errenten sorreran, enpleguan eta zerga-itzulketan sortzen diren ondasun eta zerbitzuen fluxu eta transakzioak aztertu ditu Estatu osoan, bai eta Euskadin eta Andaluzian ere, lurralde horiek baitira Banku-fundazioen lan-esparrua eta bertan baitauka Bankuak merkatu-kuotarik handiena. 2019ko azterketak kanpoan utzi du berriro Kutxabanken partaidetza duten enpresen eragina.
Azterketak, halaber, finantza-bitartekaritza lanaren zuzeneko zein zeharkako eraginak ere kontuan hartu ditu, Kutxabanken kreditu-jarduerari loturikoak, hain zuzen ere. Kasu horretan, BPGd-ari egindako ekarpena 7.700 milioi ingurukoa da, hau da, euskal BPGd-aren % 10,6.