Kutxabanken eta bere akziodunen jarduera korporatiboak 1.379 milioi euro sortu zituen

KUTXABANK PRENTSA | 2019/06/27
Kutxabankek eta Banku Fundazio akziodunek 2018an izandako eragin ekonomikoaren gaineko azterketaren arabera, Espainia osoan 1.379 milioi euroko baliabideak sortu zituzten, hau da Estatuko BPGd-aren % 0,07. Gainera, finantza-taldeak 14.270 lanpostu mantendu zituen.
Taldeak, halaber, zerga-bilketari 623 milioi euroko ekarpena egin zion, kontribuzio, zerga eta tasen bidez. 2017ko zerga-arloko kargaren aldean, beraz, % 12,9ko hazkundea izan zuen.
Espainian, guztira, 7.839 enpresek eskaintzen dizkie zerbitzuak finantza-erakundeari eta Banku Fundazio akziodunei, eta orotara 369 milioi euroko gastua egin zuten hornitzaileei egindako ordainketetan. Kutxabank Taldeak eta BBK, Kutxa eta Vital Fundazioek 6.274 langile dituzte.
Kreditu-jardueraren datuak kontuan hartuta, azterketak 19.312 milioi eurotan –hau da Espainiako BPGd-aren % 1,5– eta 302.000 lanpostutan zenbatu zuen Kutxabanken eta Banku Fundazioen jardueraren eragina ekonomia nazionalean.
Euskal Herriko datu zehatzei begira, bertan biltzen baita taldearen negozio-bolumenaren % 60a, eskualdeko ekonomian izan zuen eragin positiboa % 11 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta. Txostenaren arabera, erakundeen jarduera korporatiboak 825 milioi euroko ekarpena egin zion Barne Produktu Gordinari, hau da Euskadiko ekonomia osoaren % 1,1.
Bestetik, Euskal Herriko diru-kutxa publikoak 236 milioi euro jaso zituen zuzenean tasa eta zergen bidez, eta, beraz, % 17ko hazkundea izan zuen aurreko urtearen aldean. Jarduera induzituaren eta zeharkakoaren eragina aintzat hartuta, Euskal Herriko Administrazio Publikoek 339 milioi euro bildu zituzten, hau da 2018an Euskal Autonomia Erkidegoan bildutako diru-kopuruaren % 1,6. Gogoan izan behar da, halaber, Kutxabank Taldearen 2018ko emaitza garbia 332,3 milioi eurokoa izan zela, zerga-arloko kargak ordaindu ondoren.
2018an, Kutxabank eta Banku Fundazio akziodunak euskal enpresen kontratatzaile nagusiak izan ziren berriro, gehienak -% 90- zerbitzuen sektorekoak, informatika eta informazioaren teknologia arlokoak zehatzago izateko, banku-negozioaren ereduak azken urteotan izan duen transformazio digitalaren adierazgarri. Guztira, 4.294 konpainiei egin zizkieten eskariak, 231 milioi euroko balioarekin.
Euskadin, Kutxabankek eta Banku Fundazioek 740 milioi euro inguru bideratu zituzten hornitzaileei, langileei eta herri administrazioei ordaintzeko, eta horietatik 270 milioi soldatak ordaintzeko erabili ziren. Amaitzeko, laugarren urtez jarraian, Kutxabankek bere etekin garbiaren % 50eko dibidendua banatu zuen akziodunen artean, 166 milioi euro guztira.