Jasangarritasuna eta Erregularizazioa – Zergatik? Eta orain, zer?
DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2022/07/15
Guillermo Badía
Deusto Business Schooleko finantza irakaslea
Finantza-arloko ikerketa taldeko ikertzaile nagusia
Azken urteotan, gizarte- eta ingurumen-arloko alderdiekin loturiko aurrekaririk gabeko arautze-prozesu baten lekuko izan gara. Finantza-merkatuak eta parte-hartzaileak azkar egokitu behar izan dira testuinguru normatibo berri batera, zaila ez ezik, korapilatsua ere badena. Izan ere, gizarte- eta ingurumen-arloko gaiei buruz hitz egiten dugunean, tentuz hartzeko gaiez mintzo gara, eta, askotan, nekez neur daitezkeenak.
Horregatik, funtsezkoa da galdera honi erantzutea: zergatik iritsi gara egoera honetara? Azken hamarkada hauetan, merkatuetako parte-hartzaileek (inbertsiogileek, enpresek, erakundeek...) lan handia egin dute jasangarritasunaren arloan. Inbertsiogileen ikuspuntutik, esate baterako, gizartearekin arduratsua den inbertsioa (GAI) nabarmen hazi da milurtekoaren hasieratik, eta, 2020ko hasieran, 35 bilioi eurora iritsi zen bost finantza-eremu handienetan (Australasia, Kanada, Europa, Estatu Batuak eta Japonia). Bada, 2016-2020 epealdian % 54ko hazkundea izan zuen guztira (GSIA, 2021). Gizartearekin arduratsua den inbertsioaren hedapen horrek argi erakusten du gero eta kontzientzia handiagoa dagoela merkatuko parte-hartzaileen artean ingurumen, gizarte eta gobernantza-arloko gaien inguruan (IGG).
Hala ere, azken urteotan inbertsio jasangarriak eta iraunkortasunarekin lotutako ekimenak izugarri hazi badira ere, zientziak agerian utzi du ingurumenaren osasuna okerrera egiten ari dela eta gizarte-desorekak gero eta handiagoak direla (EUROSIF 2021). Testuinguru horretan, tresna eta mekanismo alternatibo berriei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesuari ekin diogu, ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik ekonomia benetan jasangarri bat lortzeko.
Azken urteetan burutu diren ekimenen artean, nabarmentzekoak dira hainbat erakunde nazionalek eta nazioz gaindikoek jasangarritasunaren inguruan egin dituzten erregelamendu eta arauak. Egiteko horretan, bereziki garrantzitsua da Europar Batasunaren papera.
Dagoeneko badakigu zergatik iritsi garen egoera honetara, eta orain, zer?
2015-2018 epealdia une erabakigarria izan zen klima-aldaketaren aurkako ekintzei eta ekonomia jasangarriago bat lortzeko bidean egindako aldaketei dagokienez. Hain zuzen ere, epealdi horretan sinatu baitziren Garapen Iraunkorraren aldeko 2030 Agenda (2015), Parisko Akordioa (2015) eta Europar Batasuneko Finantza Jasangarrien Plana (2018). Horrez gain, Europako Batzordeak betebehar fiduziarioak argi eta garbi azaltzeko eta IGG arriskuei eta inbertsio jasangarriari buruzko dibulgazioa hobetzeko asmoa adierazi zuen, kapital-fluxua gizartearekin arduratsua den inbertsiora bideratzeko helburuarekin, hazkunde jasangarriago eta barneratzaileago bat lortze aldera.
Bada, testuinguru horretan, hainbat legegintza-ekimen burutu ziren. Hona hemen nabarmenenak:
- 2020/852 araudia (EB), 2020ko ekainaren 18koa, inbertsio jasangarriak errazteko arau-esparru bat ezartzeari buruzkoa, Taxonomiaren Araudia izenez ezaguna.
- 2019/2088 araudia (EB), 2019ko azaroaren 27koa, finantza-zerbitzuen sektorean jasangarritasunari buruzko informazioa zabaltzeari buruzkoa. SFDR (Sustainable Finance Disclosure Regulation) ingeleseko siglekin ezagutzen da.
- Jasangarritasunari buruzko Txosten Korporatiboen zuzentarau-proposamena (CSRD), 2021eko apirilaren 21ekoa, enpresen “jasangarritasunari buruzko txostenaren” edukia arautuko duena.
- MIFID II araudiaren aldaketa (Official Journal of the European Union, 2021eko abuztuaren 2koa), finantza-tresnei buruzko aholkularitza-prozesuan ASG alderdiak sartzeko. Bezeroen egokitasuna ebaluatzeko orduan, erakundeek berariaz galdetu beharko dute IGG lehentasunen inguruan.
- EBren bonu berdeen estandarrari buruzko erregelamendu-proposamena, 2021eko uztailaren 6koa.
Araudi horien helburua, oro har, jasangarritasunarekin lotutako alderdien aplikazioari buruzko gardentasuna handitzea da, eta, horretarako, merkatuan parte hartzen dutenei jasangarritasunetik espero dituzten ondorio positiboak eta kanpo-eragin negatiboak zerrendatzeko eskatzen zaie. Finantza-merkatuko parte-hartzaileen IGG jardunbideen esposizioak eta ikusgarritasunak gora egin duenez, kapital-fluxuak inbertsio jasangarrietara bideratzea espero da. Hala balitz, araudi berriek ekonomia iraunkorrago baterantz aurrera egiteko helburua lortuko lukete. Puntu horretan, baina, hainbat galdera sortzen zaizkigu: araudi-sorta horrek lortuko al du merkatuak jasangarriagoak izatea? Erregulazio horiek neurri berean erantzuten al diete ingurumen- eta gizarte-alderdiei? Merkatuetako parte-hartzaileak prest al daude trantsizio hori hain azkar egiteko?
Denborak esango du.