Industriaren deskarbonizaziorako PERTEren hurrengo laguntzak, manufaktura-industriari zuzenduak
KUTXABANK PRENTSA | 2023/12/18
Deskarbonizazio industrialaren PERTEak 3.170 milioi euroko aurrekontua dauka eta Espainiako industria ekoizpen-eredu iraunkorragoetara eramateko prozesua sustatzea du helburu, 2050. urterako neutraltasun klimatikoa lortzeko konpromisoarekin bat eginda. Hain zuzen ere, honako hauek dira PERTE honen ardatz nagusiak: ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzea, eraginkortasun energetikoa hobetzea, segurtasun energetikoa sustatzea eta energia berriztagarriak erabiltzeko pizgarriak ematea.
ESEPE honek lau ekintza-lerro ditu. Garrantzitsuena, aurrekontu-zuzkidurari begiratuta, manufakturen industria deskarbonizatzeko ekintza integralei dagokiena da, instalazio industrialetan negutegi-efektuko gasen isuriak murriztu ahal izateko. Hainbat industriarentzat ahalmen eraldatzaile handia daukan laguntza-lerro bat da eta guztira 2.300 milioi euroko diru-zuzkidura dauka.
Lerro horren barruko lehenengo laguntzen deialdia laster argitaratzea espero da, 1.000 milioi euroko zuzkidurarekin, bi zati berdinetan bideratuko direnak bi modalitateren bidez: mailegua (10 urterako amortizazio-epearekin) eta diru-laguntza. Horrez gain, lehia sinple bidezko deialdia izango dela ematen du; hortaz, laguntzak eskaera-hurrenkeraren arabera emango dira.
Deskarbonizazio industrialaren ESEPEren laguntzen lehenengo deialdi honen onuradunak edozein neurritako enpresak izango dira, gutxienez azkeneko 3 urteetan jarduera industrialen bat egin dutenak. Horrez gain, finantzatu daitezkeen ekintzen artean, honako hauek daude: aurrezkia eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko ekintzak, prozesu eta produktuen deskarbonizazioa lortzeko beharrezko teknologiekin loturiko ikerketa eta garapen-ekintzak, eta teknologia horiek industria-ingurune batean ezarri eta probatzeko ekintzak (instalazio pilotuak barne).
Beste lerroetako bat Europako Batzordeak jatorri berriztagarriko hidrogenoaren kate industrialari buruzko Europa Osoaren Intereseko Proiektu Garrantzitsuan (IPCEI) parte hartzen duten manufakturen enpresentzat baimendutako laguntzak dira, 450 milioi euroko zuzkidurarekin. Europako Batzordeak hainbat gaitan (waves) banatu du «hidrogenoaren IPCEIa». Horietako bat IPCEI Hy2Use izenekoa da, hidrogeno berriztagarria erabili nahi duena industria deskarbonizatzeko.
ESEPEaren laguntzen hirugarren lerroa karbono desberdintasunen araberako kontratuei laguntzeko fondo baten garapenaren azterketa eta ebaluazioarekin eta proiektu pilotu bat martxan jartzearekin lotuta dago. Azken lerro horri esker, negutegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen prezioak zailtasun-iturri nagusi dituzten deskarbonizazio proiektu industrial handiak, GEI isurien murrizketarekin, martxan jartzeko fondo bat sortzeko bideragarritasuna aztertu ahal izango da. Ekimen horretarako aurreikusitako zuzkidura 100 milioi eurokoa da.
ESEPEaren laugarren eta azken lerroak eraginkortasun handiko eta deskarbonizaturiko manufakturen instalazio berrien garapena laguntzea du helburu. Lerro horrek 250 milioi euroko aurrekontua izango du. Haien sektoreko deskarbonizazio teknologiarik onena erabiltzen duten industria-instalazioetarako trakzio-efektu berezia daukaten inbertsio-proiektuen balorazioa egitea da haren helburua. Proiektu horiekin eredu iraunkorragoak helmuga dituzten berrindustrializazio proiektuak sustatu nahi dira.
Oharra: dagoeneko 450 M€ esleitu zaizkio proiektu bati (zuzeneko esleipena).
Iturria: deskarbonizazio industrialaren Memoriatik, PRTRren eranskinetik eta MINCOTURetik.
Enpresa industrialek ESEPE honen barruan dauden laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, isuriak murriztu eta epe luzean lehiakortasuna handituko dituzten ekintzak aurrera eraman ahal izateko. Interesdunek Kutxabank Next plataforma erabili ahal izango dute, ESEPE honen deialdi berrien zein Next Generation fondoen beste laguntza batzuen berri izateko.