Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Hemen da etorkizuneko enpresa

Hemen da etorkizuneko enpresa

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2022/04/05

Mila Pérez

Deusto Business Schooleko irakaslea

Lan-merkatua aspaldi hasi zen eraldatzen, baina aurretik antzematen ziren aldaketak bizkortzeko benetako pizgarria pandemia izan da. Besteak beste, telelanarena da, zalantzarik gabe, aldaketa nabarmenetako bat. Baina gai horri buruz dagoeneko asko idatzi eta hitz egin denez, ez gara lerrootan horri buruz arituko, telelana ez baita izan azken garaiotan bizi izan dugun aldaketa bakarra. Espainian aurretik hazten ari zen freelance profesionalen kopurua bizkortu egin da. Millenial eta Zeten kasua da hori. Aurreko belaunaldiek ez bezala, belaunaldi horietako kideek ez dute bizitza osoa pasa nahi erakunde bakar batean lanean, are desio ez duten zerbait da. Orain, helmuga profesional bat bilatzeko orduan, beste balio batzuen gainetik jarri da mugikortasunarena.

Horregatik, hain zuzen ere, enplegu berrietako asko helburuen edo proiektuen arabera antolatzen direla ikusten hasi gara. Egoera horretan, langilea independenteagoa eta moldakorragoa da, etengabe berrikasten ibiliko da eta gaitasun digitalen jabe izango da. Jarduteko modu hori oso ohikoa da aspaldi Estatu Batuetan eta beste herrialde batzuetan.

Ordutegien autonomia, denboraren kudeaketa, bizitza pertsonala eta profesionala uztatzeko aukera hobeak… helburuen araberako lanaren abantaila nabarmenetako batzuk dira. Horrez gain, langilea kapaz da hartu nahi duen norabidea zein den erabakitzeko, eta berak aukeratuko du non lan egin, norekin eta zein proiektutan.

Horregatik gero eta garrantzitsuagoa da erakundeek ulertzea talentua erakartzea ez dela soldata kontu huts bat. Soldata lehiakor batekin batera, profil berri hori enpresa erakargarri eta etiko baten bila dabil, proiektu interesgarri eta motibagarriak egiteko aukera emango diona, ordutegi hibridoekin, prestakuntza-plan eta hazkunde pertsonalerako aukerekin, maila teknologiko onarekin eta gizartean balioa sortzeko gai dena, eragile guztiak zaintzen dituen bitartean.

Gero eta garrantzitsuagoa den beste alderdietako bat profil teknologikoen eskaeraren igoerarekin lotuta dago. Espainiako merkatuarentzat handicap bat baino, aukera handi bat da, nire ustez, behar bezala prestatuta gaudelako esparru horretan. Izan ere, Espainiako talentu teknologikoa oso estimatua da.

Teknologiaren esparruan aurrerapauso handiak eman dira oso urte gutxian. Unibertsitateak eta prestakuntza-zentroak gero eta hurbilago daude lan-merkatutik, eta, esate baterako, elkarrekin lanean ari dira dagoeneko ikasketa-planen diseinuan.

Reskilling eta Upskilling garaietan bizi gara, eta inoiz baino garrantzitsuagoa da etengabeko prestakuntza eta ezagutzen berregokitzapena ibilbide profesional osoan. Enpresek eta gizarteak prestakuntza bikaina duten profilak behar dituzte, ikasteko prest daudenak, autonomiadunak, autolidergoarekin, lanerako gaitasunarekin, frustrazioa kudeatzeko ahalmen handiarekin eta etengabe hazteko motibazioarekin.

Eta langile berrientzat oso garrantzitsua bada konpromiso sozialak dituen enpresa etiko batean lan egitea, erakundeek talentua bilatzeko orduan izan behar dituzten lehentasunak honako hauek izan behar dute: taldearekin ondo komunikatzeko gaitasuna duten pertsonak, trebetasun digitalak dituztenak, lan-eredu hibridoetan esperientzia dutenak eta batetik bestera mugitzeko aukera dutenak. Pertsonak zaindu eta haien behar eta interesak arretaz entzun behar dira, eta, horretarako, eredu zaharrak lan-munduko eskari berriei egokitu behar zaizkie. Inork ez zuen esan erraza izango zenik erakundeen konpromisoa lantzea, baina hona hemen albiste on bat: egingarria da. Erakunde «azkarrenek» ulertu dute «pertsona erdigunean jartzearen» beharra, benetan sinisten dutelako horretan. Jardunbide egokiak eta arrakasta ereduak izan daitezela gure ikasgai nagusiak.