Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Gure enpresak gerra komertzial baten aurrean?

KUTXABANK PRENTSA | 2018/03/22

Trumpen administrazioak Europako altzairu eta aluminioari muga-zergak handitzeko asmoa iragarri duenez, gerra komertzial hipotetiko baten ondorioak aztertu ditugu COFACErekin, kreditu-aseguruen munduko liderra.

1986an, ‘The Economist’ aldizkari britainiarrak Big Mac indizea sortu zuen, herrialdeen erosahalmena eta diruen arteko baliokidetasuna modu homogeneoan alderatzeko. Bada, indize horren arabera, 2018ko urtarrilean hiru herrialdeetako (Suitza, Norvegia eta Suedia) diruek soilik handitu zuten balioa USDaren aldean. Bestela esanda, diru gehienak (Euroa eta Yuana, besteak beste) artifizialki debaluatuta daude dolarraren aurrean.

Horregatik, lehiakortasun galera horri aurre egiteko, Trumpen administrazioak muga-zergak igoko dituela iragarri du, inportazioak garestiagoak izan daitezen, hain zuzen ere. Hasierako aurreikuspenen arabera, Europako altzairuari % 25eko tasa ezarriko dio eta % 10ekoa aluminioari. Big Mac indizearen arabera, euroak dolarraren aldean duen % 8,4ko balio-galera orekatzea da helburua. Oinarri-oinarrizko neurriak dira, Ipar Amerikako diruaren ezohiko sendotasuna orekatzeko.

Azpimarratzekoa da oraingoz Estatu Batuetako arriskua bere horretan mantendu dutela rating agentzia nagusiek (AA+ S&P agentziak eta AAA Fitch-ek). Azkenean, neurri horiek aplikatzen badira, Ipar Amerikarekin salerosian dabiltzan herrialdeei eragingo lieke lehenengoan.

Orain, jakiteko dagoena da Europar Batasunak edo Txinak produktu estatubatuarrei zergak ezarriko dizkion ala ez. Horrela balitz, are handiagoa izango litzateke atzerriko produktuekiko duen mendekotasuna. 

Bestalde, Estatu Batuetako muga-zergen neurria behin-behinekoa bada, ez da aurreikusten munduko ekonomiari gogor eragingo dionik. Nolanahi ere, Europak edo Asiak neurri protekzionista berdinekin erantzuten badu, Estatu Batuetako ekonomia izango da kaltetuena, munduan defizit komertzial handiena duen herrialdea baita.

2018an susperraldiak jarraituko du

COFACEk herrialde arriskuari buruz egin duen azterketaren arabera, munduko hazkundeak bere markarik onena lor lezake 2018an, % 3,2ko aurreikusitako igoerarekin. Herrialde gorakorretan, susperraldia are sendoagoa izan daiteke (% 4,6ko hazkundearekin), eta sinkronizatuagoa batez ere. Ekonomia aurreratuetan, bestalde, kaudimengabezia kopuruen beheranzko joerak bere horretan jarraitzen du, nahiz eta indarra galtzen hasi den (2018rako aurreikusten den murrizketa % 1,8koa da soilik, 2017ko % 6ko jaitsieraren aldean), herrialde asko krisiaren aurreko mailetara itzuli baitira. Erresuma Batuan kaudimengabeziek gora egingo dute (% 10eraino), ziurgabetasun politiko jarraituen ondorioz.

Nolanahi ere, mundu-mailako hobekuntza hori ez dago arriskuetatik libre. Horregatik, Coface-k hiru arrisku nagusi hauei buruz ohartarazi digu:

Hasteko, eskaintzaren gaineko murrizketa handiagoak ekonomia aurreratuetan. Urteko bigarren erditik aurrera, gainberotzearen arazoa bereziki larria izango da ekonomia aurreratuetako enpresentzat. Historikoki, Alemanian, Estatu Batuetan eta Erdialdeko Europan, langabezia-tasa baxuek enpresak beren gehieneko ekoizpen-ahalmenera iristen ari direla adierazten dute. Bada, eskaintzarekin arazo bera dute enpresa frantziarrek ere, paradoxikoki Frantziako langabezia-tasa altua bada ere, langile-eskasiari aurre egin behar baitiote. Eta horrek, jakina, enpreson hazkundea muga lezake. 

Gainera, Txinan banku-arriskua dago oraindik. Inbertsio publikoari esker, 2016an eta 2017an aldi batez ezkutuan egon ondoren, egiturazko ahulguneak berragertzen hasi dira Txinako ekonomian: altzairuaren gehiegizko ekoizpen-ahalmena eta zor korporatiboaren handitzea, banku-kredituekin eta itzalpeko banku-eragiketekin loturikoa (“shadow banking”). Testuinguru horretan, banku-arriskua asko handitu da, batez ere banku txiki eta ertainentzat.

Hirugarrenik, ezin daiteke baztertu arrisku politikoaren susperraldia 2018an. Izan ere, herrialde gorakorretan gizartearen frustrazioa handia da, hasi berri dugun urtea hauteskundez beterik datorrelako eta, Coface-ren arabera, gatazka-arriskua ere handia delako Iranen (% 71), Libanon (% 65), Errusian (% 64), Aljerian, Brasilen eta Mexikon (% 61 bakoitzak). Ekialde Ertainean, bestetik, arriskua larriagoa da, petrolioaren prezioen hegazkortasunagatik. Alde horretatik, Saudi Arabiak ere arrisku-maila handia du (% 65eko balioztapena), eta, horregatik, herrialdearen ebaluazioa C mailara beheratu du Coface-k.