Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Gure ekonomiek klima-aldaketan nola eragiten duten

Imagen Sostenibilidad Interior - KUTXABANK

Gizakiaren jardunari lotutako klima-aldaketak eragina du planetan. Hala adierazten du European Environment Agency-ren aurtengo klima-arriskuen ebaluazioari buruzko Europako txostenak, zeinak Europan ondorio larriak izan ditzaketen 36 klima-arrisku identifikatzen baititu. Txosten horretan, abiapuntua gogorarazten da: 2023 izan zen urterik beroena; batez besteko tenperatura globala 1,5 °C egon da industriaurreko mailen gainetik 2023ko otsailetik 2024ko urtarrilera arteko 12 hilabeteetan.

Europa da munduan bizkorren berotzen ari den kontinentea. Muturreko beroa gero eta ohikoagoa da, eta gero eta larriagoak, muturreko prezipitazioak; haien ondorioz uholde katastrofikoak gertatzen dira. Valentziako Erkidegoan gertatu berri den hondamendia dugu haien ondorioen adierazgarririk handiena.

Txostenean azaltzen den bezala, fenomeno horiek, ingurumen- eta gizarte-arriskuko faktoreekin batera, erronka handiak planteatzen dituzte Europa osoan, askotariko arloekin lotuta, hala nola osasunarekin, oinarrizko baliabideen segurtasunarekin (ura, elikagaiak eta energia), lehorreko eta itsasoko ekosistemekin eta finantza-egonkortasunarekin. Eta haratago doa, esaten baitu klima-aldaketa arrisku-biderkatzaile bat dela, eta arriskuak eta krisiak areagotu ditzakeela.

Diagnostiko horrekin bat egin du Munduko Foro Ekonomikoak. Hori horrela, 2024ko Arrisku Globalei buruzko Txostenean epe luzerako hiru arrisku nagusiok daudela azaltzen du: muturreko fenomeno meteorologikoak, lurreko sistemen aldaketa kritikoa (parte-hartzaile berria aurten) eta biodibertsitatearen galera nahiz ekosistemen kolapsoa. Eta gaineratzen du elkarri lotuta daudela eta elkar indartzen dutela.

Meteorologia- eta klima-fenomenoen eragina datuetan ere adierazten da:

  • Galera ekonomikoak 738.000 milioi eurokoak izan ziren (Poloniako urteko Barne Produktu Gordina) 1980tik eta 2024ra bitartean. Espainian, 95.000 milioi baino gehiago direla kalkulatzen da.
  • 2023an soilik, galera globalak 358.000 milioi eurokoak izan dira.
  • Europar Batasunean, fenomeno horiek 240.000 hildako baino gehiago eragin dituzte 1980tik 2023ra bitartean.
  • Batez beste, ondasunen % 15 baino ez zeuden aseguratuta Europan, eta % 60, berriz, Estatu Batuetan.

Azken urteotan egiaztatu da klima-aldaketari aurre egitea baitezpadakoa, behar-beharrezkoa dela, eta gure ekonomien funtzionamenduak funtsezko zeregina betetzen duela, bai klima-krisia sortzen, bai krisia egokitzeko, kontrolatzeko eta konpontzeko erraztasunak ematen, deskarbonizazioaren aldeko apustuaren bitartez. Izan ere, Europako Ingurumen Agentziak ohartarazten du kalteak eragozteko gaitasunean eragina izango dutela, neurri handi batean, batetik, berotegi-efektuko gasen isuriak azkar murrizteak, eta bestetik, gure gizarteak klima-aldaketaren eragin saihestezinetara egokitzeko azkar eta eraginkortasunez prestatzeak.

Testuinguru horretan, klima-arriskuen ebaluazio nazionalak gero eta gehiago erabiltzen dira egokitzapen horretan aurrera egiteko, eta gero eta garrantzitsuagoak izango dira klima-aldaketara egokitzearekin eta biodibertsitatearekin lotutako proiektuetara bideratutako finantza-baliabideak, bai proiektu finantzagarrien ikuspegitik, bai ingurumen-politiketan duten enfasiaren ikuspegitik. Hori horrela, inbertsio-erabakiak baldintzatuko dituzte.

Ildo horretan, finantza-sistemak aldaketarako palanka gisa jarduten du, eginkizun bikoitzarekin: aurrezpena erakartzea eta aurreztaileak trantsizio energetikora bideratutako produktu-lerroetarantz dinamizatzea eta sentsibilizatzea; eta aurrezkia kreditu finalista bihurtzea lortzea, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzen duten proiektuetarako.

Finantza-sistemak eremu horretan arriskua kudeatzeko prozedurak ditu, baita konpainia handien klima- eta ingurumen-arriskua ebaluatzeko ardura-sistemak ere, behartuta baitute ESG (Environmental, Social and Governance) informazioa adieraztera eta arriskua arintzeko egiten dituzten urratsak neurtzera. Kasu askotan, praktika hori enpresa txiki eta ertainetara (ETEak) ere hedatzen da.

Era berean, enpresen, industriaren eta, oro har, gizartearen inbertsio jasangarria finantzatzeko eskaria gero eta handiagoa da. Hala adierazten dute zenbakiek: Kutxabanken 2022-2024 Plan Estrategikoak 5.000 milioi euroko finantzaketa jasangarriaren bolumena ezarri zuen, eta, aurreikuspenek diote 6.700 milioi eurotik gorakoa izango dela aldi horretan; hau da, duela hiru urte aurreikusitakoa baino % 35 handiagoa.