«Gerra komertziala, funtsean, gatazka teknologiko bat da»
KUTXABANK PRENTSA | 2019/06/27
Hainbat adituren arabera, zenbait gobernu martxan jartzen ari diren politika protekzionistak azken finantza-krisiaren ondorioetako bat dira, eta orain arte eztabaidaezina zen globalizazioaren kontzeptu klasikoa hondoratzen ari dira horrela.
Globalizazioa bere azkenetan dago. Cofacek eta Kutxabankek antolatu zuten Riesgo País jardunaldian entzun zen hausnarketetako bat izan zen hori. Adituen talde zabal batek eta euskal enpresen ehunka ordezkarik parte hartu zuten bertan.
Iñaki Beristain Kutxabanken lehiakortasun-adimen eta azterketen arloko arduradunaren iritziz, gerra komertzialak nagusi diren zatiketa orokorreko egoera bat bizi dugu bete-betean, transakzio komertzialetan eta finantzaketa merkatuetan isla duena.
Beristainen ustez, «mundu garatuko bloke handiek barne transakzioak sustatuko dituzten merkatu bakarrak sortzeko bateratze prozesua atzean utzi ondoren, haien artean lehiatzeko prozesu batera jauzi egin dute. Azken batean, desglobalizazio prozesu bat da». Hartara, munduko ekonomia beste aro baterantz doala sinetsita dago: «berrikuntza-ekosistemetarantz goaz, berezko bizitza izango dutenak eta kanpoko eraginen eta aurrerapen zientifiko eta teknologikoen bultzada izango dutenak».
Ingurune horretan aritzeko, Beristainen esanetan, gure enpresa-sareak, berrikuntzaren bidez, bere lehiakortasuna hobetu beharko du. Baina horretarako ezinbestekoa izango da berrikuntzaren kontzeptu proaktibo bat, aukera handiagoak dituzten sektoreetan indar gehiago egingo duena, arrakastatsuak izateko modua duten ekosistemetan kokatu ahal izateko. Nola? «Bada, lurralde eta sektoreen araberako diagnostikoak garatu behar dira, epe luzeko aurreikuspenekin, eta diagnostiko horiek joera gertagarrienekin alderatu behar dira». Horri guztiari beste faktore bat gehitu behar zaio: «zerbaiten aldeko apustua egin behar dugu».
Bestalde, Mikel Aguirreren iritziz (Espainia eta Portugaleko Cofaceko Head of Political and Single Risk), munduko ekonomian «bateratze handi baten» aurrean gaude: herrialde gorakorrak gero eta gehiago hazten ari dira eta ekonomia garatuetatik gero eta hurbilago daude. «Garapen bidean dauden ekonomietan, gero eta bezero gehiago dago, eros-ahalmen handiagoa daukatelako», azaldu zuen Agirrek. «Globalizazioarekin gehien irabazi dutenak ekonomia gorakorrak izan dira».
Txina eta Estatu Batuen arteko gerra komertziala izan zen Bilboko jardunaldian behin eta berriro errepikatu zen gaietako bat. Mikel Aguirrek, duda izpirik gabe, «gerra teknologikoa» izena eman zion. «Duela 70 urte, gerrak tankeekin egiten ziren; duela 20 urte, dibisekin, eta txanponei balioa kentzen zitzaien merkatuak inbaditzeko; orain, gerrak produktu teknologikoekin egiten dira».
Cofaceko adituak gogora ekarri zuen 2017an nazioarteko patente gehien erregistratu zituen enpresa Huawei izan zela, eta Txina sailkapen horretako munduko bigarren herrialdea izan zela. «Txinatarrak abiada bizian ari dira teknologia sortzen», eta datu bati arreta jartzeko eskatu zuen: «Gaur egun, auto elektrikoetarako baterien lehen ekoizlea da Txina. Txinan egindako bateria eta txip bat daukaten 300 milioi auto bere herrialdean gora eta behera ibiltzeko baimena eman dezakeen Donald Trumpen edo AEBetako beste edozein presidenteren iritzia zein den ezagutzea interesgarria litzateke».