Finantzaketa-eskaera bat zapuztu dezaketen akatsak
KUTXABANK PRENTSA | 2017/03/20
Finantzaketa berriaren kurbak argi erakusten du enpresa txiki eta ertainen kreditu-beharrak krisiaren aurreko mailetatik hurbil daudela. Albiste ona da, jarduera pixkanaka bere onera itzultzen ari dela egiaztatzen baitu. Nolanahi ere, kreditu-eragiketa bat pikutara bidali dezaketen ohiko hainbat akats gogora ekartzea komeni da, finantza-erakunde baten ikuspuntutik.
Finantza-zuzendaritza ez-profesionala. Finantza-sail eraginkor bat gai izan behar da ekonomia, finantza eta kudeaketa-arloko datu eguneratuak aurkezteko, eta sozietate-talde baten kasuan, baita datu erantsiak eta finkatuak ere. 2015eko informazioaren arabera, zure egoera ona zen, ados. Baina bi urte asko dira mota horretako eragiketetarako. Horregatik, finantza-arloko kalitatezko informazio eguneratua eskuratzea arrazoi sendo bat izan daiteke finantza-erakunde baten laguntza eskatzeko.
Negozio-plan errealistarik ez izatea. Finantza-erakundeak jakin nahi du arazoei aurre egiteko gai izango ote zaren -batez ere, krisi egoeretan-; izan ere, gehiegizko baikortasunak aurkako ondorioa eragiten baitu: mesfidantza. Negozio-plana errealista izan behar da goitik behera, salmenta aurreikuspenei, diruzaintzako beharrei eta emaitzei dagokienez.
Ematen den informazioa egiazkoa eta dokumentatua izatea. Finantza-zuzendaritza profesionala eta negozio-plan egoki bat izateaz gain, kontratuak eta eskari-zorroak, bezero eta hornitzaile nagusien zerrendak eta aurreikuspenak justifikatzeko eta dokumentatzeko bestelako informazioa gehitu ahal baldin baduzu, askoz hobeto. Finantzariei izugarri gustatzen baitzaie balantzeak eta beste edozein dokumentazio aztertzea. Informazio horrekin, gainera, zure konpromisoari nola erantzungo diozun erakutsi ahal izango diozu erakundeari. Kontuan izan erakundeari ematen diozun dokumentazio gehiena egiaztagarria dela; beraz, hobe informazioa faltsutzeko tentaldian erortzen ez bazara.
Fondo propio nahikoak izatea. Erakutsi zu zeu zarela lehena zure enpresaren alde egiten. Inbertsio-proiektuetarako fondo propio nahikorik ez izatea, beraz, ez da estrategia egokia. Eskatzen den finantzaketak eta enpresak berak egiten duen ekarpenak nolabaiteko koherentzia izan behar dute. Elkarren Bermerako Sozietateen babesa bilatzeko aukera aztertu.
Inbertsioarekin errealista izatea. Inbertsioa errealista izan behar da, amortizazio-epeei eta eskatzen diren zenbatekoei dagokienez. Amortizazio-plan bat diseinatu eta bete, eta ez itzazu finantzaketa-beharrak “sortu ahala” aldatu. Horrela jarduteak diziplina, kudeaketa egokia eta profesionaltasuna erakutsiko baitu. Finantzaketa gehiegikerietatik ihes egin, nahiz eta horiek eskuratzeko aukera izan; errealitateak ETE on bat zarela gogoraraziko dizu, eta ez multinazional bat.
Finantzaketa-iturriak dibertsifikatzea. Finantza-erakunde bakar baten erabakien mende ez egotea ere abantaila bat da zure enpresarentzat, malgutasun handiagoa izango baituzu birfinantzaketak edo premiazko finantzaketa-beharrak birplanteatzeko orduan.
Ordaindu bai, baina kobratu ere bai. Salmenta eta produktua ezinbestekoak dira zure jardueran, baina kobrantza mekanismoak ere oso kontuan izan behar dituzu. Bezeroei egindako kobrantzen eta hornitzaileei eginiko ordainketen artean igarotzen den epea kontrolpean baduzu, finantzaketa-behar handiagoak saihestuko dituzu. Ordainketaren eta kobrantzaren arteko desfasea kudeatzeko, hobe finantzaketaren mendekotasunik ez izatea. Eskari handiak eta epe desberdinetarako entregak dituzunean, ez zaitez beti banku-zorraz baliatu, beste aukera batzuk erabil ditzakezu-eta. Abalak, esate baterako, aukera oso aproposak dira, kostu txikiagoa duelako zure enpresarentzat. Zirkulatzailearen beharrei buruzko finantzaketa-planifikazio on bat egitea funtsezkoa izan daiteke zure negozioaren kudeaketan.
Konfiantza da zure aktiborik onena. Finantza-erakundeek aintzat hartzen dute euren bezeroen gainean duten ezagutza. Horiek horrela, aurretik arriskuetan esperientzia positiboa izatea erabakigarria da eragiketak onartzeko orduan, esperientzia negatibo batek eskaera atzera botatzera eraman dezakeen moduan. Bezeroen loturaren kalitatea ere kontuan hartzen du erakundeak, batez ere kontraprestazio positiboak dibertsifikatzen dituzten horiena.