Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Finantza-sistema eta Green New Deal aurrez aurre

El Sistema Financiero ante el Green New Deal

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2020/10/05

Mikel Larreina Díaz 
Deusto Business School-eko finantza irakaslea

Winston Churchillek zera esan zuen: “ez ezazue inoiz krisi on bat alferrik galdu”. Jarrera horrek elite estraktibisten nagusikeriari bidea eman ahal izan dio iragan hurbilean, baina positiboa izan daiteke pandemia osteko berreskuratzean, aldaketak bizkortu ditzakeelako, klima-aldaketara egokitzeko eta arazo horren aurka borrokatzeko.  

Finantza-sistemak krisi eta aldaketa sakonak bizi izan ditu 2008tik, nahiz eta oraindik berrikuntza-arloko erronka asko egiteke egon. Bada, orain, sektorea errotik aldatu beharko da larrialdi klimatikoaren inguruan hartutako konpromiso europarrak, European Green Deal proposamenean islatutakoak, arrakasta izatea nahi badugu.

Hainbat hamarkada alferrik galdu ondoren, 2015ean, COP21 goi-bileran sinatutako Parisko Akordioa baino lehen, finantza-sektoreak gure ekonomiaren premiazko eraldaketan zuen erantzukizuna birplanteatzeari ekin zitzaion. Horiek horrela, Mark Carney Bank of England-eko orduko gobernadoreak eta Financial Stability Board-eko presidenteak, ezagun egin den hitzaldi batean azaldu zuen berotze globala eta klima-aldaketa benetako arriskuak direla finantza-egonkortasunerako, ordezkari eta arautzaileen epe laburreko interesen arabera jarduteko ohiturak baztertuta utzitakoak: “etorkizuneko tragedia”; “ondasun komunen tragedia” konpontzea baino askoz zailagoa.

Orduz geroztik, gero eta gehiago dira Inbertsio Arduratsuaren Printzipioekin bat egin dutenak, 3.000 finantza-erakunde sinatzailerekin baino gehiagorekin (100 bilioi -1012- dolar kudeatzen dituzte), gehienak Europan kokatutakoak (besteak beste, Kutxabanken bi erakunde kudeatzaileak: Kutxabank Gestión SGIIC eta Fineco, erakundearen banka pribatua). 

Esparru publikoan, finantza-sistema berde bat lortzeko Banku Zentralen eta Ikuskatzaileen Sarea eta Finantza Iraunkorren Nazioarteko Plataforma sortu dira, Europako taxonomia partzialki onartu da, eta Nazioarteko Diru Funtseko arduradun nagusiek, Europako Batzordeak eta Europako Banku Zentralak finantza iraunkorraren garrantzia azpimarratu dute, bai hasierako diskurtsoetan, bai ondorengo ekintzetan.

Bestalde, Christine Lagardek adierazi du EBZk klima-aldaketaren ondorioak gehitu behar dituela bere ereduetan (hondamendi natural handiak, aseguruen prezioaren igoera, prezioaren aldakortasuna eta lehengaien bolumena…), baita barne-produktu gordinean, inflazioan eta bestelako aldagaietan duten eragina ere. Horrez gain, aurreratu du bankuen birfinantzaketaren kostua kalkulatzeko, banku bakoitzaren balantzean energia fosilek duten lekua kontuan hartuko dela. Azkenik, EBZren aktiboak erosteko programek iraunkorrak izan behar dute: 2012tik garatu diren Quantitative Easing programek ez dute baldintza hori betetzen, neurrigabe saritu baitira klima-aldaketa bizkortzen duten negozioak dituzten finantza-aktiboen jaulkitzaileak.

Nazioarteko Ordainketen Bankuak, bankuak arautzeko Basileako Akordioengatik ezaguna den erakunde aldeaniztunak, zisne berde baten moduan itxuratu du berotze globala, finantza-sistema epe laburrean eraldatuko duena.

Finantza-erakundeei lau modutan eragin dakieke: arrisku fisikoak eta eraldaketa-arriskuak daude (izen onarekin lotutakoak ere), baita lege-erantzukizunarekin lotutakoak (gobernantza arazoengatik dagoeneko ondorio larriak eragin dituztenen antzekoak) eta arrisku sistemikoak ere. Izan ere, 2010-2016 urte bitarteko epean muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasun eta intentsitate handiagoari lotutako urteko batez besteko galera ekonomikoak 127.000 milioi dolarrekoak izan ziren. Halaber, ekoizpen-eredu berri baterako trantsizioa garestiagoa izango da zenbat eta gehiago atzeratu, eta hondoa jotako aktiboak sortuko ditu (stranded assets): kalkuluen arabera, Europako banku-balantzearen % 15 arriskuan dago. Gero eta inbertitzaile gehiago ari dira berotegi-efektuko gasak zuzenean edo zeharka isurtzen dituzten enpresetan duten inbertsioa murrizten (zorraren edo kapitalaren bidez), ehunka mila milioi euroko finantza-aktiboen balioa zalantzan jarri duena: 2020an, 7 petrolio-enpresak 87.000 milioi dolarretan txikitu dute haien aktiboen balioa. Ez da harritzekoa: identifikatuta dauden petrolio erreserbak ezin baitira ustiatu planetan kalte konponezinik eragin gabe. Etorkizuneko balioa ezaguna (eta baliogabea) duten aktiboen desinbertsioak azaltzen du zergatik ekin zion Saudi Arabiak historiako burtsaratze handienari, baita Aramcok atzerriko inbertitzaileak ia ez erakartzearen arrazoia ere.

Ekonomia iraunkor baterako trantsizioak, gainera, aukerak sortzen ditu esparru hauetan ondo kokatuta dauden erakundeentzat: ekonomia zirkularraren finantzaketa, energia garbia, karbono-hobiak eta aktibo iraunkorren kudeaketa. Europako plan berdeak bilioi bat euro (Espainiako BPGd-aren baliokidea) mobilizatuko ditu 2030era arte. Uztailean onartu zen Covid-19aren ondorengo berreskuratze-plana 0,75 bilioi eurokoa da (21-27ko aurrekontuaren bilioiari gehituta), eta trantsizio ekologikoari eta digitalari lotuta dago. Zentzu horretan, Kutxabankek urteak daramatza esperientzia arrakastatsuak izaten; gainera, Euskadi bereziki sentikorra da ekonomia berdearekin eta finantza iraunkorrarekin (ESG), Kutxabanken, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Deustoren arteko lankidetza emankorra da horren adibide garbia. 

Labur esanda, martxan jartzeko ordua iritsi da, eta aldaketak azkarrak eta sakonak izango dira, arriskuak neurtzeko modu berri batekin eta askoz ziurgabetasun handiagoarekin. NDFko zuzendariaren hitzetan: "pandemiaren krisia gogoko ez baduzu, krisi klimatikoa ez zaizu batere gustatuko".