Kutxabank Enpresak

Egungo Ekonomia

Finantza jasangarrien garrantzi gero eta handiagoa

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2024/03/18

Fernando Gómez-Bezares. Deusto Business Schooleko Finantzetako katedraduna.


Jasangarria al da nire enpresa? Sektore jasangarri baten barruan al dago nire jarduera?, eta hala ez bada, jasangarritasunerantz gerturatzen joan daiteke? Jasangarria izateko ahaleginak lehiakorragoa egingo du nire enpresa? Izan ere, jasangarria ez bada, ez du etorkizunik izango. Enpresaburuek aspalditik mahaigaineratu dituzten kontuak dira horiek, eta, gero eta gehiago, saihestu ezinezko gaiak dira edozein jardueratan. Jasangarritasuna ezinbesteko konstruktu bat da gaur egun. Horregatik, jasangarritasunari buruzko funtsezko bi galdera erantzuten saiatuko naiz: lehenik, zertan datza?, eta, bigarrenik, errentagarria al da enpresarentzat?

Zer dira finantza korporatibo jasangarriak?

Nire ustez, enpresa batek oinarrizko hiru alderdi aintzat hartu behar ditu jasangarria izateko: finantza-arloan jasangarria izatea, sozialki jasangarria izatea eta ingurumenari begira jasangarria izatea. Lehenengo alderdiak enpresak martxan segitu ahal izateko mantendu behar dituen oinarrizko finantza-orekei egiten die erreferentzia, bigarrenak, berriz, partaide sozialek edo stakeholder-ek bete behar dituzten bidezko helburuei, eta hirugarrenak, ingurumenarekiko errespetuari. Hiru alderdi horiek elkarrekin lotzearen emaitza dira finantza korporatibo jasangarriak.

Bada, enpresa jasangarri batek ingurumena zaindu beharko du haren prozesu eta produktuetan. Hori oso barneratuta daukagun zerbait da, baina gizarte-politikak ere garatu beharko ditu, partaide sozialen gogobetetzea lortzeko: langileena, bezeroena, hornitzaileena eta enpresa kokatuta dagoen erkidegoarena, besteak beste. Enpresak, halaber, finantza-arloko konpromisoak bete beharko ditu, baita arrazoizko hazkunde bat mantendu eta balantze-egitura osasuntsu bati eutsi ere.

Jasangarritasunak gizarte osoaren konpromisoa behar du: jasangarriak izan behar dugu gure etxean, gure tarte libreetan eta gure lantokian. Hemen, enpresek alor horretan duten erantzukizunean jarri nahi dut arreta. Izan ere, enpresek arrazoi etikoengatik izan behar dute jasangarriak, gizartearen aurrean duten erantzukizunagatik, baina baita agintari politikoek eta gizarteak berak eskatzen dietelako ere. Gero eta hedatuago dagoen araudi batek garapen iraunkorraren ideiarekin bat datorren portaera bat izatera behartzen ditu enpresak, baina bezeroek, langileek, inbertsiogileek eta gizarte osoak ere gero eta hurbilagotik begiratzen dute enpresen jasangarritasuna, eta jasangarritasun-politikak ez betetzeak enpresa epe luzera eutsiezina izatea ekar lezake berekin.

Errentagarria al da jasangarria izatea?

Hasieran, politika jasangarriak betetzea garestia izan daiteke enpresarentzat, gutxiago kutsatzen duten prozesuetan inbertitu behar duelako eta bezeroen eta langileen gogobetetzea handitzeko baliabideak erabili behar dituelako. Gainera, gizartearekin errespetuz jokatu behar du, eta gardena izan behar da, haren jardueren berri emanez. Halaber, enpresaren eragiketek datozen belaunaldietan izango duten eragina aztertu beharko du, eta zuhurra izan beharko da finantza-arloko planteamenduetan.

Azterketa ugarik diotenaren arabera, enpresa jasangarriak errentagarriagoak eta arrisku txikiagokoak izango dira epe luzean, eta horrek finantza performance handiagoa ekarriko die. Izan ere, espero izatekoa da enpresa horiek langile motibatuagoak eta bezero leialagoak izatea, baita gizarteak gehiago estimatzea ere. Gainera, berritzaileagoak edo eraginkorragoak izan behar dute haien baliabideak erabiltzeko orduan. Horrela, errentagarritasuna hobetu ahal izango dute, eta enpresaren gizarte edo ingurumen politikekin identifikatzen diren bezeroak eta langileak erakarriko ditu, bai eta krisialdi bat gainditzeko partaide sozialen konplizitatea aurkitu ere. Horrek guztiak errentagarritasun handiagoa eta arrisku txikiagoa ekarriko die epe luzean.

Horrela, WIN-WIN bat lortuko da: jasangarritasuna ona baita, bai enpresarentzat, bai gizartearentzat.

Azterketa enpiriko ugarik berresten dituzte ideia horiek, eta beste zenbait datuk baieztapen horiek zalantzan jartzen badituzte ere, uste dut zilegi dela esatea enpresa jasangarriak ohiko enpresak bezain errentagarriak edo errentagarriagoak izan daitezkeela. Irudian agertzen diren datuetan argi ikus dezakegu hori (Wojciech eta Justyna Przychodzen nire lankideekin batera egindako lan baten emaitzak dira, non zorro jasangarri baten hileko errentagarritasunak FTSE 350 indizearen baterakoarekin alderatzen diren): enpresa jasangarriek gutxiago egiten dute behera jaitsieretan, eta gorago egiten dute igoeretan.


Iturria: Gómez-Bezares, Przychodzen eta Przychodzen, 2016, Sustainability, 8. liburukia, 3: 276, 1-22 orr.

Gardentasunaren garrantzia

Gure gizartea gero eta identifikatuago sentitzen da jasangarritasunarekin: politikari, iritzi lider eta hezitzaile gehienek jasangarritasunaren alde egiten dute. Nazio Batuek ere Garapen Iraunkorreko Helburuen alde egiten dute, eta Francisco Aita Sainduak ideia horiek babestu zituen 2015eko Laudato si' eta 2023ko Laudate Deum idatzietan. Horrez gain, agintari publikoak iraunkortasunaren aldeko araudi ugari garatzen ari dira, eta berritzaileena ingurumenaren iraunkortasunarekin lotutakoa da: gutxiago kutsatzen duten ibilgailuak, eraginkortasun energetikoa, erregai fosil gutxiago...

Baina, guzti horren gainetik, garrantzitsuena gizarteak iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duela da: ez ditugu onartzen giza eskubideak errespetatu gabe egiten diren produktuak, ezinbestekoak baino baliabide natural gehiago erabiltzen dituztenak edo oso kutsakorrak direnak. Isuri txikiko mundu baterantz egin nahi dugu, eta klima-aldaketak gero eta gehiago kezkatzen gaitu.
Baldintza horietan, enpresak gardenak badira iraunkortasunari buruzko txostenetan, gizarteak eta partaide sozialek saritu edo zigortu egingo dituzte, eta, beraz, iraunkortasunarekin bat egiteko interes berezia izango dute. Horiek horrela, oso garrantzitsua da txosten horiek behar bezala egiaztatzea, egiazkoak direla baieztatzeko.

Eurogunean ere informazio hori osoa eta egiazkoa dela bermatzeko legeria zabala eta gero eta hedatuagoa daukagu. Asko aurreratzen ari gara arlo horretan, eta oraindik bide luzea egiteko badugu ere, Europar Batasuna liderra da gai horietan.