Euskadiko enpresen % 91k ingurumenean duten eragina murrizteko neurriak ezarri dituzte
KUTXABANK PRENTSA | 2024/03/18
Kutxabank auzi horrekin konprometituta dago, eta, gainera, «gure betebeharra enpresei laguntzea eta haiekin pedagogia egitea dela uste dugu», adierazi du Jabier Larrañagak, Kutxabankeko Enpresetarako arduradunak.
Kutxabankek euskal enpresa-sarearen egoera eta iraunkortasunarekiko konpromisoa aztertzen duen Euskadiko Enpresa Konprometituaren Atlasa izeneko ikerketa-proiektuaren lehenengo edizioan parte hartu du. Economía Digital taldeak eta Sofiver aholkularitza-enpresak bultzatu dute proiektua.
Jabier Larrañagak, Kutxabankeko Enpresen arduradunak, proiektuaren aurkezpenean baieztatu zuenaren arabera, «bankuak Atlasean ageri diren kontzeptu guztiak kontuan hartzen ditu, finantza-erakundearen jaiotzatik, gainera». «Izan ere, gizarte osoaren onurarako da. Negozio-eredua oso errotua eta konprometitua dago, eta bizi-proiektuak eta enpresa-proiektuak betetzen laguntzen dugu», nabarmendu zuen.
Kutxabankeko Enpresen zuzendariaren hitzetan, bezeroak gero eta gehiago baloratzen du iraunkortasuna, baina erakundearen beraren konbentzimendu bat dela ere argitu zuen, eta ez bakarrik erakunde barrura begira. «Gure betebeharra enpresei laguntzea eta haiekin pedagogia egitea dela uste dugu, eta enpresa txikiek kezkatzen gaituzte batez ere. Izan ere, enpresa txikiek ez dituzte enpresa handien baliabide berberak, eta, horregatik, punta-puntako enpresak izaten eta industriaren buruan kokatzen lagundu behar diegu. Erronkak betetzeko modu bakarra dago: erakundearen eta enpresen arteko lankidetza», ondorioztatu zuen.
Azterketa horren arabera, Euskadiko enpresen % 91k ingurumenaren kudeaketarekin eta iraunkortasunarekiko konpromisoarekin lotutako plangintza sendoa dute, eta ingurumenean duten eragina murrizteko neurriak ezarri dituzte.
Azterketan parte hartu duten merkataritza-sozietateen % 94k «langileen artean ingurumenarekiko kontzientzia pizteko mekanismoak dituzte», % 83k ingurumen politikak helarazten dizkio gizarteari eta % 77k ingurumenaren kudeaketarekin lotutako ziurtagiri ofizial bat dute.
Enpresak, halaber, ekonomia zirkularra ezartzeko neurriak sartzeagatik nabarmentzen dira. Enpresen % 93k produktuen bizi-zikloaren luzapena sustatzen du, % 71k produktu iraunkorrak, konpongarriak eta birziklagarriak diseinatzearen alde egiten du, % 70ek ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta birziklatze-sistema eraginkorren bidez haien balioa handitzea du helburu eta % 63k hornitzaileei plastikoen eta birziklagarriak ez diren materialen erabilera murriztea eskatzen die.
Atlasak «zentzu zabalean heltzen dio iraunkortasunari, gobernamendu ona, gardentasuna, ingurune hurbilarekiko harremana eta pertsonekiko adeitasuna kontzeptuak barne hartzen dituelako, besteak beste», azaldu zuen Marcelino Fernández Mallo ekonomialariak eta proiektuaren zuzendariak BBK Salan (Bilbo) egindako aurkezpenean.
Azterketa burutzeko, enpresen kudeaketarekin loturiko 67 ezaugarri aztertu ziren, Gobernamendu Ona, Ingurumena, Ingurunea eta Pertsonak kategorietan konpromisoa modu «objektibo eta independentean» neurtzeko funtsezko 21 aldagairi dagozkienak.