ETE-entzako lurralde oparoa
DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2023/12/18
David Ruiz de Olano
Deusto Business Schooleko Euskal Autonomia Erkidegoko harreman korporatiboen zuzendaria.
Espainia ETE-entzako lurralde oparoa da. Orain dela urtebete, 2022ko azaroan, Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun 151.088 enpresen artean, % 1,5ek soilik zituen 50 langile edo gehiago, baina herritarren % 41,5ari lana ematen diote. Enpresen gainontzeko % 98,5a 50 langiletik beherako mikroete-ak eta ETE-ak dira.
Datuak ikusi besterik ez dago argi izateko ETE-ei gertatzen zaien guztiak ekonomian eta gizartean berebiziko garrantzia daukala.
Horregatik, hain zuzen ere, funtsezkoa da enpresa-sarearen ia % 99 diren enpresa horietako askok digitalizazioaren trena ez galtzea. Hazkunde ekonomikoa eta enpresa txiki eta ertain askoren epe ertaineko biziraupena ziurtatzeko akuilua da eraldaketa digitala. Eta, halaber, ezinbesteko tresna da teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera guztiak aprobetxatzeko gai izan daitezen enpresa horiek guztiak.
Denon ardura da, baita gure unibertsitatearena ere, euskal ETE-ei digitalizazioaren bideari lehenbailehen ekiteko deia luzatzea eta horretarako prestatzea, bestela merkatuko ateak itxi egingo zaizkie. Denok elkarrekin, enpresa, erakunde publiko, bezero, enpresa-erakunde, unibertsitate…, eraldaketa digital horren bidean gure alea jar dezakegu eta jarri behar dugu.
Teknologia berrien erabileraren bidez enpresen hazkundea bultzatzeak daukan garrantziaz jakitun denez, EBk hainbat digitalizazio-plan jarri ditu martxan. Horietako azkenak, Europa 2020-2030 Agenda Digitalak, helburu oso zehatzak ditu enpresa-jardueraren esparruan, hala nola enpresen % 75ek hodeian dauden konputazio-zerbitzuak, makrodatuak eta AA erabiltzea edo Batasuneko ETE-en % 90 edo gehiago gutxienez intentsitate digitalaren oinarrizko mailara iristeko gai izatea. Gure lurraldean, halaber, herri erakundeen laguntza eta programek, hala nola Eusko Jaurlaritza, diputazio, udal edo SPRIrenek, aldaketa horren aldeko apustua egiten dute, hainbat ekimenen bidez.
2021ean ematen zuen mundua metabertsora joango zela. 2022aren amaieran, adimen artifizial, ChatGPT eta enparauen txanda izan zen… Aski agerikoa da gero eta tresna teknologiko gehiago agertzen (eta desagertzen) ari direla. Erronka argia da: epe ertainean gure negozioari balioa erantsi diezaioketen tresnak identifikatzea eta epe luzean eragin diezaioketen tresnak kontuan hartzea.
Gure errealitateari begiratuta, esan beharra dago digitalizazioa ez dagoela soilik enpresa handien eskura. Eraldaketa digitalaren bide-orriaren aldeko apustua egin duten eta ondo moldatzen ari diren hurbileko ETE-en adibide asko ditugu, gure ORKESTRAko kideek egin duten EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ETE-EN ERALDAKETA DIGITALAREN GAKOAK txostenean ikus daitekeen moduan. Ez dira beharrezkoak inbertsio handiak, baizik eta argi izatea, lehiakorragoak izateko, hobetu, merkatuko egoera ulertu eta beste eragileekin lankidetza aktiboan aritu behar dugula. Batzuetan, ez da beharrezkoa merkatuko liderra izatea; aski da beste errealitate batzuetatik ikasi eta ikasketa horiek gure enpresara egokitzearekin.