Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

ETE-entzako lurralde oparoa

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2023/12/14

David Ruiz de Olano

Deusto Business Schooleko Euskal Autonomia Erkidegoko harreman korporatiboen zuzendaria

Euskal Autonomia Erkidegoa ETE-entzako lurralde oparoa da. Orain dela urtebete, 2022ko azaroan, Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun 151.088 enpresen artean, % 1,5ek soilik zituen 50 langile edo gehiago, baina herritarren % 41,5ari lana ematen diote. Enpresen gainontzeko % 98,5a 50 langiletik beherako mikroete-ak eta ETE-ak dira.

Datuak ikusi besterik ez dago argi izateko ETE-ei gertatzen zaien guztiak ekonomian eta gizartean berebiziko garrantzia daukala.

Horregatik, hain zuzen ere, funtsezkoa da enpresa-sarearen ia % 99 diren enpresa horietako askok digitalizazioaren trena ez galtzea. Hazkunde ekonomikoa eta enpresa txiki eta ertain askoren epe ertaineko biziraupena ziurtatzeko akuilua da eraldaketa digitala. Eta, halaber, ezinbesteko tresna da teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera guztiak aprobetxatzeko gai izan daitezen enpresa horiek guztiak.

Denon ardura da, baita gure unibertsitatearena ere, euskal ETE-ei digitalizazioaren bideari lehenbailehen ekiteko deia luzatzea eta horretarako prestatzea, bestela merkatuko ateak itxi egingo zaizkie. Denok elkarrekin, enpresa, erakunde publiko, bezero, enpresa-erakunde, unibertsitate…, eraldaketa digital horren bidean gure alea jar dezakegu eta jarri behar dugu.

Teknologia berrien erabileraren bidez enpresen hazkundea bultzatzeak daukan garrantziaz jakitun denez, EBk hainbat digitalizazio-plan jarri ditu martxan. Horietako azkenak, Europa 2020-2030 Agenda Digitalak, helburu oso zehatzak ditu enpresa-jardueraren esparruan, hala nola enpresen % 75ek hodeian dauden konputazio-zerbitzuak, makrodatuak eta AA erabiltzea edo Batasuneko ETE-en % 90 edo gehiago gutxienez intentsitate digitalaren oinarrizko mailara iristeko gai izatea. Gure lurraldean, halaber, herri erakundeen laguntza eta programek, hala nola Eusko Jaurlaritza, diputazio, udal edo SPRIrenek, aldaketa horren aldeko apustua egiten dute, hainbat ekimenen bidez.
2021ean ematen zuen mundua metabertsora joango zela. 2022aren amaieran, adimen artifizial, ChatGPT eta enparauen txanda izan zen… Aski agerikoa da gero eta tresna teknologiko gehiago agertzen (eta desagertzen) ari direla. Erronka argia da: epe ertainean gure negozioari balioa erantsi diezaioketen tresnak identifikatzea eta epe luzean eragin diezaioketen tresnak kontuan hartzea.

Gure errealitateari begiratuta, esan beharra dago digitalizazioa ez dagoela soilik enpresa handien eskura. Eraldaketa digitalaren bide-orriaren aldeko apustua egin duten eta ondo moldatzen ari diren hurbileko ETE-en adibide asko ditugu, gure ORKESTRAko kideek egin duten EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ETE-EN ERALDAKETA DIGITALAREN GAKOAK txostenean ikus daitekeen moduan. Ez dira beharrezkoak inbertsio handiak, baizik eta argi izatea, lehiakorragoak izateko, hobetu, merkatuko egoera ulertu eta beste eragileekin lankidetza aktiboan aritu behar dugula. Batzuetan, ez da beharrezkoa merkatuko liderra izatea; aski da beste errealitate batzuetatik ikasi eta ikasketa horiek gure enpresara egokitzearekin.

ERP bat ezartzea, bezero eta hornitzaileekin harremanak izateko online kanalak irekitzea, sinadura digitala erabiltzea… hori baino askoz gehiago da ikasketa eta hobekuntza digitala. Eraldaketa digitalerako ezinbestekoa da non gauden jakitea (ingurune digitala ezagutzea, zibersegurtasun eta lege-arloko arriskuen berri izatea -2022an Zibersegurtasun Institutu Nazionalari (INCIBE) jakinarazitako hiru zibererasoetatik batek datu pertsonalen filtrazioarekin zerikusia dauka-), nora heldu nahi dugun jakiteko (gure eraldaketa digitalaren bide-orria) eta bidea nola egingo dugun jakiteko (agertzen diren hamaika teknologiak ulertzea, teknologia bizi duen talentua edukitzea, erronka horiei aurre egiteko moduan beharrezkoa den antolakuntza-aldaketa sortzea…).

ETE-ek bizi duten testuingurua gero eta azkarrago aldatzen da, teknologia berriak agertzen direlako, bai, baina baita gure bezeroak aldatzen direlako ere. Aldaketak gero eta azkarrago gertatzen dira. Haien portaera ulertzeak, zergatik erosten duten jakiteak edo haien irizpideak ezagutzeak gure balio-proposamena nola doitu behar dugun jakiten lagunduko digu. Kanal tradizionalen eta Internet bidezko erosketen arteko desberdintasunak gero eta urriagoak dira. Hori guztia aztertzen badugu, gure negozio-eredua berrikusi ahal izango dugu eta, zergatik ez, aldatu ere bai, errealitate berari beste leku batetik begiratuta agertuko diren aukera berriak geureganatzeko.

Baina ETE-etako arduradunek ezarri nahi duten edozein aldaketatan bezala, badakigu erronkarik handiena pertsonak eta haien lan egiteko moduak, jokabideak edo borondateak aldatzea dela zailena. Horregatik, hori guztia aintzat hartzen ez duen prestakuntza bat teknologien zerrenda, cheklist eta paperean egindako planen segida huts bat izango da, eraginkortasunik gabea.

Horrenbestez, ETE batek 5 edo 10 urte barru oraindik martxan egon nahi badu, ezinbestekoa du eraldaketa digitalari ekitea, zer den ulertzea, haren negozioari nola eragiten dion jakitea, eraldaketaren bide-orria diseinatzea eta bere erakundean aldaketa sustatzea, etorkizunean ere lehiakorra izateko. Gu geu geure digitalizazioa gidatzeko gai ez bagara, beste norbaitek egingo du gure ordez.