Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

ESEPEei lotutako Next Generation laguntza nabarmenekin ekingo diogu udazkenari

Noticia 800x265_AFI

KUTXABANK PRENTSA | 2023/11/06

Ikusmin handiena sortu duen laguntzetako bat Industriaren deskarbonizazioaren ESEPEaren jarduketa integralaren lerroari dagokiona da. Aurreikuspenen arabera, laguntza horren deialdia urriaren erdialdean argitaratuko da eta 1.000 milioi euroko hornidura izango du (erdia dirulaguntza bidez emango da, eta beste erdia mailegu bidez). Baliabide horiek manufakturen industriako enpresei laguntzeko erabiliko dira (zeramika, zementua, beira, metalikoak ez diren beste produktu mineral batzuk, industria kimikoa, petrolio finketa, metalurgia, paperaren eta paper-orearen fabrikazioa, nekazaritzako elikagaien industriako errekuntza-instalazio handiak…), haien isurketak murriztu ditzaten. 

Urtea amaitu baino lehen, gainera, industriaren deskarbonizazioaren ESEPEaren barruan, «oso eraginkorrak diren manufaktura-instalazio deskarbonizatuak garatzeko» helburua duten proiektuetan inbertitzeko laguntzak argitaratuko dira ziurrenik. 

Aldi berean, Ekonomia zirkularraren ESEPEaren barruan, giltzarri diren sektoreetan jarduketak egiteko laguntzak argitaratuko dira. Laguntza horiek lehen seihilekoko egutegian agertu ziren, baina oraindik ez dira argitaratu. Ziur aski, ehungintza eta modaren sektorerako dirulaguntzen deialdia egingo da lehendabizi, Biodibertsitate Fundazioak kudeatuta. Izan ere, horri buruzko kontsulta publiko bat egin baitzen joan den apirilean. Giltzarritzat hartzen diren beste bi sektoreak plastikoarena eta energia berriztagarrien industriarako ekipo-ondasunenak dira. Laguntza horien xedea ingurumenean eragin txikia duten lehengaien erabilera sustatzea da, baita ekodiseinua eta materialak berrerabiltzea eta birziklatzea erraztuko duten teknologietan inbertitzea ere, besteak beste. Horrekin, ekonomia zirkularrago eta lehiakorrago baterantz aurrera egiteko funtsezkotzat jotzen diren industrietan zirkulartasun-printzipioak txertatzearen aldeko apustua egiten da.

Bestalde, Energia berriztagarrien, hidrogeno berriztagarriaren eta biltegiratzearen ESEPEarekin (EBHB) lotutako deialdien artean, hiru jarduera-lerro daude argitaratzeke, I+G+b proiektuetara bideratuak, hidrogeno berriztagarriaren balio-kate berritzailerako pizgarrien programaren barruan.

Uztailaren amaieran, bestalde, Gizarte Ekonomia Sustatzeko Plan Integralaren bigarren deialdiaren oinarri arautzaileak argitaratu ziren (Gizarte Ekonomiaren ESEPEaren barruan), eta orain hurrengo deialdia noiz argitaratuko zain gaude. Ekimen hori gizarte-ekonomiako erakundeei zuzenduta dago, hala nola kooperatibei, fundazioei, lan-sozietateei edo laneratzeko enpresei, besteak beste. Laguntza jaso dezaketen jarduketak hainbat esparrutakoak dira, gizarte-ekonomiako erakundeetan enplegagarritasuna eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko, trantsizio iraunkor eta inklusiboa sustatzeko, teknologia modernizatzeko, sareak sustatzeko eta zerbitzu integral berriak eskaintzeko, besteak beste.

Azkenik, urriaren 30ean, Uraren zikloa digitalizatzeko ESEPEaren bi deialdi irekiko dira. Alde batetik, ureztatzeko uraren erabiltzaileen komunitateen digitalizazio proiektuei lotutako deialdia, 100 milioi euroko aurrekontuarekin. Eta, bestetik, uraren hiri-zikloaren efizientzia hobetzeko laguntzen bigarren deialdia ur-horniketako, saneamenduko eta hondakin-urak arazteko zerbitzuen operadoreentzat. Laguntza horien zuzkidura 200 milioikoa izango da.

Iturria: gure datuak, BOE eta Espainiako Gobernuko datuak oinarri hartuta (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana)

Enpresek, gizarte-ekonomiako erakundeek eta beste eragile ekonomiko batzuek Next Generation funtsen laguntzak eskuratzeko aukerak, ordea, ez dira lehen aipatutako deialdietara mugatzen. Deialdi horiek ekimen garrantzitsuen adibide batzuk baino ez dira, eta proiektuen profil desberdinei erantzuten diete. Gainera, erakargarriak izan daitezke iraunkortasunari (zentzu zabalean) eta eraldaketa digitalari lotutako enpresa-proiektuak diruz laguntzeko.

Nolanahi ere, enpresek datozen hilabeteetan egin nahi dituzten proiektuetarako eskuragarri dituzten laguntzak ezagutu nahi badituzte, Kutxabank Next plataformako laguntzaile birtuala erabil dezakete deialdi horiei eta beste aukera batzuei buruzko informazioa jasotzeko.