Kutxabank Enpresak

Egungo Ekonomia

Eraldaketa teknologikoa

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2024/10/01

Teknologia digitalek azken urteetan izan duten garapenaren eta hazkundearen ondorioz, gizartea eta enpresak Eraldaketa Digitalaren (ED) edo Digitalizazioaren aroan sartu dira.

Izan ere, Eraldaketa Digitalak errotiko aldaketak dakartza negozioa egiteko moduan, teknologia berriak ezartzearen ondorioz, hain zuzen ere. Negozio-prozesuak goitik behera aldatzen ari dira, muturretik muturrera, teknologia horiek guztiak indarrez sartu baitira gizartean eta enpresetan (teknologia horietako batzuk helduak dira dagoeneko; beste batzuk, ordea, sortu berriak). Labur esanda, digitalizazioak produkzio-ereduaren eraldaketa sakon bat dakar berekin.

Gainera, enpresa bat zenbat eta handiagoa izan, orduan eta kontzientzia handiagoa du Eraldaketa Digitalaren inguruan, eta askoz baliabide eta bitarteko gehiago behar ditu egokitzapenak egiteko. Bada, korporazio handiek aurrea hartu dute digitalizazioa beren gain hartzeko orduan.

Iturria: Europako Batzordea

Hala ere, kontuan izan behar dugu ETEak Europar Batasuneko enpresen % 99 direla, 100 milioi langilerekin, eta EBko barne-produktu gordinaren erdia baino gehiago direla. Bestela esanda, ETE-ek funtsezko eginkizuna dute Europan Batasuneko ekonomiaren sektore guztietan balioa sortzeko orduan.

Horregatik, ETE-en digitalizazioak berebiziko garrantzia du, eta gure berehalako arreta behar du. Izan ere, eraldatu gabe egiten duten egun bakoitza lehiakortasun eta denbora galtze bat baita enpresentzat.

Deusto Business Schoolek, behar horretaz eta ETE-ek EAEko enpresa-sarean duten garrantziaz jabetuta, euskal ETE-en errealitatera egokitutako programa batean parte hartzen du, EOIren nazio mailako koordinaziopean. Programa horri esker, ETE-en 100 zuzendari baino gehiagoren prestakuntzaz arduratu gara; 6 talde izan ditugu guztira, 70 enpresatakoak.

Programa horren barruan, hainbat enpresa-elkarterekin lan egin dugu (ADEGI, SEA eta KonfeKoop), eta nabarmentzekoa da Kutxabankekin batera erakundearen bezero diren enpresentzat martxan genuen edizio berezia. Bankuak aktiboki parte hartu zuen ekimen horretan, eta ez bakarrik antolakuntzan, irekieran eta itxieran, Eraldaketa Digitalaren hainbat arlotako hizlariak ere ekarri baitzituen, Marketin Digitalari, Bezeroen Fidelizazioari eta Adimen Artifizialak negozio-eragiketen egunerokoan dituen aplikazio errealei buruzko saioak eskaintzeko.

Orain, urriaren 18an hasiko den programaren 2024-2025eko edizioa prestatzen ari gara; http://www.deusto.es/td webgunean dituzue xehetasun guztiak. 150 orduko ikastaro bat antolatu dugu berriro, eta parte-hartzaile bakoitzak tutore pertsonal bat izango du. Tutore horrek 10 orduz Eraldaketa Digitaleko Programa erreal eta egingarri bat gauzatzen lagunduko dio parte-hartzaile bakoitzari, programan parte hartzen duten ETE bakoitzerako. Tutorea aholkulari aditua izango da, eta euskal enpresa-sarea sakon ezagutzeaz gain, esperientzia izango du Eraldaketa Digitaleko proiektuetan.

Deusto Business Schoolek eskaintzen duen programa berdingabea da, irakasleak erakundearen ohiko kolaboratzaileak direlako. Unibertsitatean eskarmentu handia duten irakasleak eta hizlariak dira, eta askok ibilbide luzea dute Euskadin.

Ikastaroa Next Gen funtsekin finantzatu da osorik, eta, beraz, erabat doakoa izango da parte-hartzaileentzat. Hori bai, denbora «inbertitu» behar dute, eta ETE-en kasuan (txikienentzat batez ere), oztopo bat izan daiteke.

Erronka horren jakitun garenez, Deusto Business Schoolen ikastaro hibrido bat eskainiko dugu (aurrez aurreko eta online eskolekin). Metodologia kasu praktikoetan oinarritzen da, eta kasu horietako batzuk ikastaroaren edukiaren barruan daude. Cloud teknologiei buruzko saioetan, esate baterako, prestakuntzaren gidoia parte-hartzaileei egokitutako kasu zehatzetan oinarritzen da; izan ere, gure irakasleek parte-hartzaile bakoitzaren profil zehatza aztertzen baitute saioa hasi aurretik.

Zuzendaritza akademikoaren ikuspuntutik, kasu praktikoak hizlarien artean partekatzeari ere garrantzi handia ematen diogu, eta, horretarako, koordinazio-bilerak antolatzen ditugu aldian behin. Gainera, hizlariek «entzule» moduan parte hartzen dute kasu arrakastatsuen aurkezpenetan, gero beren saioetan adibide gisa erabili ahal izateko.

Azkenik, Deusto Business Schoolek komunitate digital bat sortu du LinkedIn-en, DDK-Deusto Digital Korner; eraldaketa digitaleko proiektuak komunean jartzeko, proiektuei euskarria emateko eta ideiak eta esperientziak trukatzeko foroa. Programan parte hartzen dutenek ez ezik, programan esku hartzen duten guztiek ere erabili ahal izango dute foroa: hizlariek, proiektuen tutoreek…