Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Eraldaketa digitala ETE-etan: kontzientziaziotik ekintzetara.

Oswaldo_web

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2019/04/03

Oswaldo Lorenzo, Deusto Business Schooleko irakaslea

ETEak herrialdeetako ekonomiaren bizkarrezurra badira ere, ematen du enpresa handiak baino motelago ari direla aurrera egiten eraldaketa digitalaren prozesuan. Zenbait azterketaren arabera, horren atzean baliabideen gabezia bat dago eta, are garrantzitsuagoa dena, estrategia digital baten falta. Europako Batzordearen iritziz, negozioen ekosistema digitalera modu egoki eta eraginkorrean konektatzeko gaitasunaren araberakoa izango da, hein handi batean, ETE-en lehiakortasuna.

Mundu osoko 4.000 ETEren artean egindako BCGren azterketa batek erakutsi zuen teknologia ezartzen liderrak diren enpresek bi aldiz lanpostu gehiago sortu zituztela eta haien urteko diru-sarrerak handiagoak izan zirela teknologiaren ezarpen urriagoa egin zuten enpresenak baino. Hala ere, IDCk Erresuma Batuko ETE-en artean egindako beste azterketa batean, inkestatutako enpresen % 45arentzat teknologia beharrezko kostu bat besterik ez zen oraindik, eta % 20arentzat soilik zen lehiakortasunean abantaila lortzeko bide edo bultzatzaile bat. Alemanian manufakturen sektoreko 68 ETEren artean egindako beste azterketa sakon baten arabera, enpresak kontu handiz ari dira Industria 4.0ren kontzeptura eta teknologietara hurbiltzen, eta, ezer baino lehen, haien negozio-ereduak berritzeko teknologia horiek zer abantaila eskaintzen dieten ulertzeko ahalegina egiten ari dira; batez ere, balioa sortu eta eskuratzeari dagokionez. Laburbilduz, une honetan, ematen du ETEak irtenbide berriekin esperimentatzen, lehiakideak eta aliatuak behatzen eta kontu handiz mugitzen ari direla, argi ulertu gabe oraindik zein izango den eraldaketa digitalak haien enpresetan izango duen eragin erreala. Enpresa proaktiboenek lider digitalak sortzeari eta erakunde osoa alderik alde zeharkatuko duen kultura digital bat garatzeari ekin diote.

Euskadiko ETE-en eraldaketa digitalari buruz egin ditugun lanetan, antolakuntza-gaitasunen garapena sustatzen ari gara, ekonomia digital berriarekin loturiko aukerak identifikatzen laguntzeko, enpresek aukera horien balioa eskuratzeko eta erakundea eraldatzeko lagungarri baitira. Gaitasun horien garapena ETE-en jarduna eta hazkundea hobetzeko lagungarri dela erakusten dute nazioarteko hainbat azterketak.

  • Teknologia berriek eredu operatiboetan eta negozio-ereduetan izango duten eragin inkremental eta disruptiboaren inguruan liderrak eta zuzendariak kontzientziatzea izango da ETE-en lehenengo eginbeharra.
  • Bigarrenik, bezero, kolaboratzaile eta akziodunentzat balioa sortu eta handitzeko modua eskaintzen duten aukerak identifikatzeko lan egin behar dute ETE-ek, eraginkortasuna eta kostuen murrizketa bilatzeaz gain.
  • Azkenik, ETE-ek eszenario estrategikoak eta jarduera zehatzak zehaztu behar dituzte, teknologien arloko inbertsioak eta antolakuntza-gaitasun berriak jardunaren berehalako helburuak betetzera eta epe ertain eta luzean aukera eta eszenario berriak garatzera bideratzeko aukera emango dutenak.

Esate baterako, autogintzako ETE-ek bezeroaren esperientzian eta pertsonalizazioan oinarrituriko balioa berehala sortzeko aukerak aurkitu ahal izango dituzte, Gauzen Internet, Big Data, Mugikortasuna, Cloud Computing eta pareko teknologietatik abiatuta. Eta epe ertain eta luzean, oso garrantzitsua da aldaketarako eszenarioak eraikitzea eredu operatiboan edo/eta negozio-ereduan, mundu osoan zabalduko den auto autonomoaren edo/eta Car-to-Go, Blablacar eta antzeko eredu kolaboratiboen ondorioz.