Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Erakundeetan endomarketina
aplikatzeko beharra

Noticia 800x265_01 DBS_01

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2023/07/27

Mila Pérez González, Deusto Business Schooleko irakaslea

Lan-arloan konpromisoa lantzeko beharra sustatzeaz eta zabaltzeaz ez gara inoiz nekatuko. Izan ere, erakundeak aspalditik ari dira aldaketa ugari egiten eraldaketa digitalari eta ingurune gero eta lehiakorragoari erantzuteko, finantza-sektorean batez ere.

Hala ere, gaur egun gauza nabarmena da giza taldeek batzuetan ematen ez den konpromisoa sentitu behar dutela, finantza-inguruneko erakundeetan zein bestelako erakundeetan. Nolanahi ere, endomarketina bezalako tresnak helburu hori lortzeko akuilu izan daitezke. Erdigunean erakundeko pertsonak jartzen dituen enpresa-estrategia edo -filosofia bat da endomarketina, eta enpresa barruan erakunde-eredu zehatz bat «saltzea» du helburu.

Bestela esanda, erakunde barruan planifikatzen eta gauzatzen diren marketin estrategien eta ekintzen multzoa da, laneko giroa hobetzeko eta leialtasun eta konpromiso maila handiagoa lortzeko helburuak langileen artean sustatzeko. Kontuan izan behar da funtsezkoa dela barne-komunikazio egokia izatea motibazioa eta leialtasuna ekarriko dituen endomarketin programa bat ezartzeko, bai eta lehiarako abantailak sortzen dituzten erakunde-estrategietarako ere.

Laburbilduz, endomarketina enpresako barne-ongizatea hobetzeko ekintzen multzoa da, erakundearen eta pertsonen artean fideltasun eta erantzukizun maila handia lortzeko. Laneko gogobetetasunak eragina du langilearen jardunean, eta endomarketina, berriz, erakundearen programak gauzatzean datza.

Hona hemen endomarketin programak ezartzeko aintzat hartu behar diren alderdi nagusiak:

  • Barne-bezeroa: prozesuaren abiapuntua, erreferentzia eta gakoa da. Entzute aktiboa landu behar da, bezeroaren lehentasunak kontuan hartzeko eta erabaki egokiak hartzeko.
  • Enpresa/produktua: endomarketin estrategiak ezartzen direnean, aldagai jakin batzuk izan behar dira jomugan; gogobetetasuna, lan-baldintzen hobekuntza eta produktibitatea, besteak beste.
  • Barne-komunikazioa salmenta teknika gisa: ideiak eta iritziak partekatzea enpresaren arrakasta lortzeko.
  • Zuzendaritza taldea: enpresaren xedearen, balioen eta helburuen sustapenean buru eta gidari izan behar du.
  • Azken helburua: enpresan motibazioa areagotzea, konpromisoa, eta produktibitatea handitzeko eta laneko giroa eta jardueren kalitatea hobetzeko.

Halaber, endomarketin programak garatzen dituzten erakundeek hiru dimentsiotan hartu behar dituzte erabakiak:

a) Barne-komunikazioa: barne-bezeroa ezagutzeko eta langileen prestakuntza sustatzeko kultura bat sortzea, zer egin behar duten eta, batez ere, zergatik egin behar duten jakin dezaten, langileekin hitz egitea, informazioa eguneratzea eta erakundearen barruan dituzten eginkizunen, lan egiteko moduaren eta helburu edo jomugen berri ematea, enpresak emaitza hobeak lor ditzan.

b) Giza taldearen trebakuntza: langileek eskuratu dituzten trebetasunak, gaitasunak eta informazio berriak hobetzeko ekintzak gauzatzea, erabaki egokiak hartzen laguntzeko. Horretarako, oso garrantzitsua da kanpoko bezeroak eta haien eskakizunak, agintearen ezaugarriak eta hitzarmen instituzionalak ondo ezagutzea, bai eta langileen gogobetetze pertsonala lantzea ere.

c) Motibazioa: ordainsari-politika berrikustean datza, erakunde barruan soldatak bidezkoak direla eta erakundetik kanpo lehiakorrak direla bermatzeko, dela pizgarrien plan baten bidez dela ordainsarien bidez (bonuak eta sariak, esaterako). Izan ere, tresna oso baliotsuak dira konpromisoa sustatzeko, talentuaren ihesa saihesteko, lan-baldintzak zaintzeko eta lan-gainkarga ekiditeko, eta finantza-sektorean bereziki garrantzitsua da puntu hori bulego fisikoen itxiera eta eraldaketa digitalaren testuinguru honetan.

Hona hemen erakunde, enpresa edo instituzio batean barne-marketinaren estrategia ezartzeak dakartzan onura nagusiak:

  • Konpainia osoa barne hartu eta inplikatzen du.
  • Ekimenen arrakasta bermatzen du.
  • Proiektuek porrot egitea saihesten du.
  • Lan-giro atsegina sustatzen du.
  • Komunikazioa indartzen du.
  • Esleitutako atazak optimizatzen ditu.

Giza baliabideen egitekoa oso garrantzitsua da endomarketina garatzeko orduan; izan ere, ikerketek erakutsi dute eragin positiboa dutela KPIetan, hala nola txandakatzean eta produktibitatean.

Endomarketin programak martxan jarri nahi dituzten enpresei zera gomendatzen zaie: langileen behar espezifikoak identifikatzeko merkatu-azterketa bat egin ezean, aurrez ezarritako eredurik ez aplikatzea. Bada, diagnostikoaren lehen fase horri behar duen denbora ematea funtsezkoa da arrakasta lortzeko. Pertsonen eta marketin sailen arteko lankidetza eta sinergiak ez dira gauza berria, baina ez dago behar bezain garatua.

Garaiz gaude beti barrura begiratzen hasteko eta benetan garrantzitsua dena erdigunean jartzeko: barne-talentua, ez dezagun ahaztu. Elkarrekin lan egiten eta sortzen ikasi behar dugu. Hasiko al gara marketinaz eta pertsonez hitz egiten?