Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Eraginaren analisitik kontabilitate sozialera… ametsa otzantzeko bidea

Ametsa otzantzeko bidea - Newsletter Kutxabank Enpresak

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2021/04/12

Jose Luis Retolaza
Deusto Business Schooleko irakaslea

Eragin sozialaren analisien potentzialei eta mugei buruzko hausnarketa dakar testuak, eta kontabilitate sozialaren bidea proposatzen du enpresek eta erakundeek sortutako eragin soziala modu unibertsalean ulertu ahal izateko aukera ireki dadin.

Azken garaiotan, bogan dago eragin sozialaren gaia. Hausnarketa ekonomikoaren alorrean sortu berri den gai berritzaile bat dela pentsa genezake. Baina erabat oker geundeke. Eragin soziala ekonomia klasikoaren arazo handiena zen, oraindik Ekonomia Politikoa deitzen zitzaion garaietan. Ekonomia neoklasikoa eta harengandik eratorritako makroekonomia ekonomiak gizartean daukan eraginaren analisiaren sistematizazioaren erakusgarri gorena dira. Horrenbestez, eragin soziala gakoa izan da azken mendeko gertaera ekonomikoa ulertzeko. Zergatik piztu da, orduan, horrenbesteko indarrez une honetan?

Galdera horri erantzun aurretik, bereizketa garrantzitsu bat egin behar dugu. «Non profit» edo ekonomia osoari egiten dion erreferentzia berezia. Lehenengo kasuan, mundu anglosaxoiak berezko duena, analisi ekonomikoko sistema klasikoa irabazi asmodun jardun ekonomikorako egokia dela ulertzen da, baina ez beste arau batzuk dituen izaera sozialeko jardunerako. Informazio ekonomiko eta finantzarioak ez duenez analisi onik eskaintzen jardun mota horientzat, eragin sozialaren gaineko analisi osagarriak egin behar dira. Testuinguru horretan, eragin soziala ez-merkatuko erakundeei egiten zaien eskari gehigarri bat da, eta merkatuko erakundeenak ez diren beste parametro batzuen arabera eman behar dituzte kontuak. SROIa eta Estatu Batuetako hirugarren sektoreko erakunde handiek bultzatutako neurri gehienak eskema horren barruan daude; eta haien eraldaketarako potentziala oso urria da.

Baina 2008ko krisia barneratu eta iraunkortasunaren inguruan piztutako kezkaren garapenaren ondoren, eragin sozialaren beste esanahi zabalago bat dugu begien aurrean: orain, ekonomia osoari buruz ari gara. Haien anbiguotasun neurtuarengatik ez balitz, GIHek bultzatzen duten hori dela eman lezake. Interpretazio horretan sakontzen badugu, eraginaren analisia mikroekonomia klasikoak aurresandako eragina zalantzan jartzera datorrela uler dezakegu, dagozkion magnitude makroekonomikoen araberako neurketa baten bidez. Testuinguru horretan, osagarri bat izan beharrean, Ekonomiari buruz dakigun guztia zalantzan jartzen duen zerbait da. Hausnarketa-lerro interesgarriagoa, inondik ere, baina, aldi berean, baita konplexu eta ausartagoa ere.

Koka gaitezen, bada, bigarren ikuspegi horretan. Baina, horretarako, saia gaitezen hobeto ulertzen eraginaren analisiaren gakoetako bat: kausalitatea. Hartara, eraginaren analisiaren funtsezko osagaia egindako zenbait jarduera eta lortutako zenbait emaitzaren (outcomes) artean dagoen harreman kausala da; baina aldagai konplexuen multzo baten arteko harreman kausalak zehaztea oso zaila da. Osagai kausala isolatu behar dugu (aldagai independentea) eta ondorioekin daukan harremana zehaztu (mendeko aldagaia); horretarako, jarduera hori egin izan ez balitz zer gertatuko zen kontrolatzea ezinbestekoa da (kontrolerako aldagaiak). Analisi hau zorrotz aplikatzeko ahalegin handia egin behar da eta, kasu gehienetan, lortutako ondorioa baino handiagoa izango litzateke kostua; hortaz, jarduera ekonomiko guztietan aplikatzea, ezinezkoa izateaz gain, erabat zentzugabea da. Zalantzarik gabe, esku-hartze esparru zehatzetan erabil liteke, jarduera jakin batzuen eragina identifikatzeko, baina orokortzea ezinezkoa da. Heisenbergen indeterminazio printzipioaren antzeko egoera batean gaude: jarduera jakin bati buruz asko edo jarduera multzo zabal bati buruz gutxi jakin dezakegu; nolanahi ere, ezinezkoa zaigu jardueren multzo zabal bati buruz asko jakitea. Hortaz, outcome-ak ardatz dituzten analisiak orokortzeari utzi behar diogu, edo karikatura huts bihurtu, SROIari loturiko deshazkundearen aurreikuspenetan bostaren multiploak erabiltzen direnean bezala.

Baina horrek guztiak esan nahi du ez dugula ezer egin behar eta dena bere horretan utzi behar dugula? Ez. Beste hainbatetan bezala, onena onaren etsaia da. Egindako jardueren eta sortutako outcomen arteko harreman kausalaren analisia egiten saiatzea helburu goresgarri bat da, baina behar-beharrezkoa den uneetarako gorde behar da. Eragin sozialaren analisiak unibertsaltasunari eutsi diezaioke, outputak (bitarteko jarduerak) ardatz hartzen baditu, hala nola kontabilitate ekonomiko eta finantzarioa. Horrela posible baita, Freemanek1 egin berri duen bezala , kontabilitatearen zabalpen bat proposatzea, hala stakeholders multzoari dagokiona (inbertsiogileak, langilea, bezeroak, erabiltzaileak, hornitzaileak, erakunde publikoak, herritarrak) nola balio-transferentzia mota desberdinei dagokiona (merkatukoa, ez-merkatukoa eta emozionala).

Horrek esan nahi du eraginaren analisiari uko egin behar diogula? Ez. Horrek esan nahi du analisia serio hartu behar dugula. Outputak ardatz dituen kontabilitate sozialari esker (stakeholder accounting), urbi et orbi orokortzeak egin ditzakegu; hortik aurrera, eragileak berak, administrazioak edo interesa duen edozein hirugarrenek kasuan kasuko eraginaren analisiak modu normalizatuan egin ahal izango ditu. Horrenbestez, gutxiago gehiago da, eta itxuraz azalekoagoa den analisi bat eraginaren gaineko analisi sakon bat egiteko aukera berriak ireki ditzake.

[1] Freeman, E., Retolaza, J. L., & San José, L. (2020). Stakeholder Accounting: hacia un modelo ampliado de contabilidad. CIRIEC-España, revista de economía pública, social y cooperativa, (100), 89-114.