Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Enpresak kudeatzeko artea

Enpresak kudeatzeko artea

Enpresak kudeatzeko artea

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2023/05/10

Marta Álvarez Alday

Deusto Business Schooleko Estrategia eta Informazio Sistemetako irakaslea

Kudeaketa giza jarduera bat da nagusiki, eta nolabaiteko zailtasuna duten arazoak konpontzeko balio du. Horregatik, ondo kudeatzen jakitea arte bat da, baita zientzia eta ogibide bat ere, Henry Mintzberg irakasleak azpimarratu zuenez. Halaber, enpresen zuzendaritza giza jarduerarik zabal, zorrotz eta erabakigarrienetako bat da gure gizartearentzat.

Edward Wrapen hitzetan, enpresak zuzentzeaz arduratzen diren pertsonek «oso eginkizun berezia dute: beste gizaki batzuen gaitasunak eta ametsak bideratzea, bultzatzea eta azaleratzea». Ba al dago hori baino erronka handiagorik? Eta, bereziki, sektore guztiei eragiten dien mundu aldakor honetan.

Hori zuen buruan Zygmunt Bauman filosofo, soziologo eta saiakera-idazleak gizarte likidoa terminoa sortu zuenean, aldaketen azkartasun zorabiagarriak giza loturak ahuldu dituen gure mundua definitzeko. Strangers at our door (Arrotzak ate joka) liburuan zera baieztatu zuen: «Mundu globalizatu honetan axolagabetasun globalizatuan erori gara: beste pertsona batzuen sufrimendura ohitu gara».

Beldurgarria da, baina egia biribila; horregatik da hain garrantzitsua erakundeak kudeatzen dituzten pertsonen egitekoa, edozein erabakik faktore ugariri eragiten baitie. Horregatik, ezinbestekoa da erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten enpresaburu horiek baloreetan oinarritzea eta gizarteko partaide guztientzako aberastasuna sortzeko konpromisoa hartzea, bai eta enpresak bere ingurunean eta haratago egiten duen guztiaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-eraginaz arduratzea ere.

Funtsezkoa da proiektu lehiakor eta onberen alde egitea, gizarte aberats, ulerkor, solidario eta oparo bat eraikitzeko.

 

Gainera, enpresaburuek digitalizazio, metabertso, adimen artifizial eta biomedikuntza arloko aurrerapen teknologikoez beteriko mundu batean hartu behar dituzte erabakiak, desoreka geopolitiko kezkagarri baten erdian.

Egoera horren aurrean, kudeatzaileak bi ideia argi izan beharko lituzke beti: elkarlanaren garrantzia eta borondatearen indarra.

 

Elkarlana

Herri guztiak lankidetzan oinarritzen dira. Enpresa harremanetatik sortzen den giza komunitate bat da, non baten jardunak besteari eragiten dion. Hazkundea banakakoa bada ez gara inoiz garaile izango, denak elkarrekin hazten bagara soilik irabaziko dugu. Enpresak, gizarte-partaideen edo interes-taldeen multzo gisa ulertuta, hainbat stakeholder-en lankidetza behar du, baita haien interesak eta itxaropenak ulertzea eta horien guztien arteko lortura bilatzen saiatzea ere. Hori guztia zuzendaritzaren zeregina da.

Une honetan, gogora dezagun Adam Smith eta esku ikusezina kontzeptua, norberaren interesa bermatzeko portaeren baturak taldearen emaitza maximizatzen duela defendatzen baitzuen.

Ildo beretik, Adela Cortina filosofoak Aporofobia liburuan azaltzen duenez, biologikoki berekoikeriarako prestatuta gaude, gure biziraupena bermatzeko, baina baita lankidetzarako ere. Izan ere, elkarlanean aritzeko gaitasuna giza moraltasunaren oinarria da; eta enpresara ekarrita, elkarrekin lan ez egitea suizida izan daiteke.

Batak bestearen onura bilatzea zentzuzkoagoa da norberaren maximoa lortzen ahalegintzea baino, ondorioak alde batera utzita. Zuhurragoa da elkarlanean aritzea isolatzea baino; zentzuzkoagoa da aliatuak bilatzea etsaiak izatea baino. Eta hori pertsonei, erakundeei eta herriei aplika dakieke.