Energiaren geopolitika
DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2022/11/15
Mikel Larreina Díaz
Deusto Business Schooleko nazioarteko harremanen eta harreman instituzionalen dekanordea.
Azken garaiotan, bederatzi hilabete lehenago pentsaezinak izango liratekeen albisteen lekuko izan gara ia egunero: gerra arriskua areagotu da Europan, arma atomikoak erabiltzeko mehatxua egin da eta zentral nuklearrak arriskuan egon dira, hau da, hondamendiaren atarian izan gara; Goldman Sachs erakundeak uste du Europak gas-horniduraren kostuetara jo gabe gaindi dezakeela negua; Alemaniak erreserba nahikoak dituela adierazi du, betiere gauzak bide onetik badoaz eta negua ez bada oso hotza; BASFen paper sistemikoa aztertu da, eta ondorioztatu da gas faltagatik enpresa horren ekoizpena etengo balitz, industrien geldialdi-olde bat gertatuko litzatekeela Europa mendebaldean.
Joan den otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu zuen, eta aldaketa sakonak eragin zituen energiaren sektorean, geopolitikaren garrantzia agerian utziz. 70eko hamarkadan, Yom Kippur Gerraren ostean, herrialde arabiarrek petrolioaren enbargoa erabili zuten moduan, gasaren eskuragarritasuna arma boteretsu bihurtu da gatazka honetan. Lehenik eta behin, Europar Batasunak Errusiako gas eta petrolioarekiko mendekotasuna (gure erosketen % 45 eta % 27, hurrenez hurren) pixkanaka eta 2027ra arte murriztea erabaki zuen martxoan, azkarregi beharbada. Errusiak, bestalde, egoera horri aurrea hartu dio eta nabarmen murriztu du hornidura, mendebaldeko ekonomiak ahultzeko eta jendearengan Ukrainako defentsari emandako babesa zalantzan jarriko duen ondoeza sortzeko helburuarekin. Europak, ordea, oraindik ez du ordezko energia-iturririk garatu (aurreikuspenen arabera, Errusiako gas-horniduraren murrizketa % 66koa izango da 2022an).
Egoera nahasia da benetan, eta elkar gurutzatzen diren ondorio asko ekarri ditu. Alde batetik, herrialde batzuek (Indiak, esaterako) merkatutako prezioetan eros dezakete petrolio errusiarra, eta, findu ondoren, Europan birsaldu. Kasu horretan, beraz, pikutara joango litzateke Errusiak gerra esportazioekin finantzatzea galarazteko helburua. Bestetik, herrialde batzuek, hala nola Venezuelak eta ziur aski Iranek, solaskide baliodunen estatusa berreskuratu dute. Izan ere, herrialdeon enbargo komertzialak altxatu egin baitira Errusia hornitzaile gisa ordezkatu ahal izateko. Horrez gain, aspalditik enkistatuta zeuden gatazkak suspertu egin dira, Mendebaldeko Sahararen okupazioa, esaterako. Kasu horretan, Espainiako politika ofizialak lurralde horrekiko izan duen aldaketagatik eta Aljeriak horren aurrean izan duen erantzunagatik (Espainiako gas naturalaren hornitzaile nagusia eta Fronte Polisarioaren babeslea). Azkenik, Europar Batasunaren barruan desadostasunak nabariak izan dira: herrialde batzuk Moskuren aurka eta sakrifizio gehiago egiteko prest agertu dira (Polonia, Baltikoko errepublikak), beste batzuk (Alemania) Errusiarekiko mendekotasunak herrialdearen barruan eragin ditzakeen ondorioen beldur dira eta beste hainbatek ez dute ordezko energia-iturri bideragarririk (Hungaria).
Egoera horren aurrean, Europar Batasunak onartu du kanpoko energia-estrategia eguneratzeko premia duela. Gatazkak, bestalde, ustekabeko ondorio bat ekarri du: Europako energia-arloko autonomia estrategikoaren azkartzea, trantsizio ekologikoan eta iraunkorrean eta kontsumoaren murrizketan sakonduz. Bada, apustu horrek bereiziko lituzke gaur egungo krisialdi bikoitzetik (pandemiatik eta Ukrainako inbasiotik) irteteko estrategia eta 08/2007ko eta 12/2011ko krisialdiei emandako erantzuna. Izan ere, krisialdi horietan, ekonomiaren deskarbonizazioa atzeratu egin zen, garai hobeak noiz helduko zain, eta denbora ederra galdu zen.
Ukrainako gerrak eta haren ondorioek argi erakutsi digute nola korapilatu diren harreman geopolitikoak azken hogeita hamar urteetan: laurogeita hamarreko hamarkadan bizitako historiaren amaieratik (munduko demokrazien eta merkatu-ekonomiaren arrakastarekin) gure demokraziak zalantzan jartzera pasatu gara XXI. mende honetan. Gure garaiko espiritua (zeitgeist), mendebaldeko demokrazietan behintzat, ezkorra da, hainbat krisi iraunkorrek (demografikoa, klimatikoa, ingurumen-arlokoa, desberdinkeria ekonomikoa, bizi-baldintzen okerragotzea…) eragindako antsietate orokortuaren ondorioz. Bada, egoera horrek zer bide jarraitu ez dakigula utzi gaitu eta alderdi populisten eta kutsu faxistak dituztenen gorakada eragin du. Etsipen horren beste aldean indar ekonomikoa (itxuraz behintzat) eta Txina moduko erregimen autoritarioen epe ertain eta luzerako ikuspegia daude. Izan ere, Afrikako biztanleek, berriki egindako hainbat inkestetan, hobeto baloratzen dituzte Txinako eredu ekonomikoa eta kontinentean egindako inbertsioak AEBetako edo Europako inbertsioak baino. Energia-iturriak eskuratzeko lehiaren testuinguru horretan, Afrikaren desafekzio hori (Europako politika kolonial eta koloniala-ostekoak eragindakoa) beste kezka-iturri bat da Europarentzat.
Realpolitikak uste du herrialdeek ez dutela ez lagun eta ez etsai iraunkorrik, interes iraunkorrak baizik, eta horiek lortzeko bidea denboran zehar aldatu daitekeela. Mundua ikusteko modu horri esker, Europar Batasunak Saudi Arabiako petrolioa erabil dezake Errusiako petrolioaren ordez, ekialde hurbileko herrialde horrek Yemenen eragindako suntsipena edo haren barne-erregimen despotiko eta kriminala (Kashoggi kasua da horren adibide argia) alde batera utzita. Egia esateko, Europak erositako petrolioak eta gasak gerra asko finantzatu dituzte Ukrainakoa baino lehenago.
Hala ere, gure etorkizuneko erronka handiek begirada berri bat behar dute, edo gutxienez epe luzeko interes orokorrak. 2011n, Rodrik ekonomialariak dilema hirukoitz hau mahaigaineratu zuen haren globalizazioaren paradoxan: ezin dira aldi berean hiru helburu lortu: gizarte hiperglobalizatuak, demokratikoak eta subiranotasun nazionala dutenak. Helburu horiek bikoteka baino ezin dira lortu (edo bat besterik ez), eta gure erantzuna Europan sartzea eta gobernantza globalaren alde egitea izan da (oraingoz, Brexita bezalako mugimendu zentrifugoen eta Orbanen Hungaria moduko erregimen liberalen boikota gainditu dugu). Aldi berean, mundu mailako beste eragile batzuk ikuspegi inperiala berreskuratzen ari dira esplizituki, non herrialde gutxi batzuek baino ez duten benetako subiranotasun nazionala, oro har erregimen hiperkontrolatuak dituztenak eta liderraren gurarien mende bizi direnak.
2.600 egun baino ez dira geratzen 2030erako, eta ordurako, gutxienez, CO2 isurketen % 45 murriztu beharko genituzke (sekulako erronka). Oso denbora gutxi da gure ekonomia deskarbonizatzeko eta funtsezkoak ez diren energia-gastuak murrizteko. Albiste onak ere baditugu; izan ere, planeta bizigarri bat mantentzea lortzen badugu, gure demokrazia babestuko dugu eta Europak nazioarteko autonomia politiko handiagoa izango du, mendekotasun arbuiagarriak saihestuz.