Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Covid(osteko) garaian talentua erakarri eta atxikitzeari buruzko ohar batzuk

Covid(osteko) garaian talentua erakarri eta atxikitzeari buruzko ohar batzuk

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2021/12/23

Tontxu Campos doktorea

Deusto Business Schooleko irakaslea

Bistan da pandemiak aldaketa asko ekarri dituela gizartera, oro har, eta lan-mundura, bereziki. Deigarrienetariko bat “dimisio handia” delakoa da. Termino horren sortzailea Texas A&M unibertsitateko Mays Business Schooleko Anthony Klotz irakaslea dela uste da, eta Estatu Batuetan 2021eko udaberriaz geroztik izaten ari diren lanuzte ugarien fenomenoa azaltzeko erabiltzen da. Adituen arabera, mundu osoko hedabideek jaso duten moduan, milioika langile estatubatuar beren lanpostuak uzten ari dira pandemiaren ondorioak bizi ondoren.

Bada, ekonomialariak enpleguari uko egite horren arrazoiak aztertzen ari dira, eta, dirudienez, kontua da pertsonek lanpostuarekin duten harremana birdefinitu nahi dutela. Kontua ez da “fakturak ordaintzeko” bakarrik lan egitea, bizitza pertsonalaren/familiarraren eta lan-bizitzaren arteko oreka handiagoa lortzea baizik, eta lanpostuak langilearen helburu pertsonala gauzatzen laguntzea.

Egia da, zenbait iritzi kritikoren arabera, AEBetako lan-indarraren % 3ri eragiten dion gertaera batek ez lukeela hainbesteko arretarik jaso behar. Hona hemen kritiko horien tesia: “orain 10.000.000 lanpostu-eskaintza badaude eta 7.000.000 pertsonek bakarrik eman badute izena langabezia bulegoetan, langile bila ari diren enpresen zuzendaritzak langile onenak lortzeko lehiatu behar dira, eta, horretarako, lan-baldintza hobeak eskaini behar dituzte”.

Itxura denez, gure inguruan ez da exodo hori gertatzen ari, baina kontuz! ELGEk egindako ikerketa baten arabera, Europan 20.000.000 pertsona desagertu dira lan-merkatutik koronabirusaren pandemiaren ondoren (ez hil egin direlako, merkatutik irteteko erabakia hartu dutelako baizik).

Eta egoera horren aurrean, zer egin dezakegu? Gauzei “berezko bidea” (edozein dela ere) egiten utzi edo horren inguruan hausnartu?
Gaur egun, arrakasta handiena duten enpresak haien izateko arrazoia “helburu” bat lortzea dela adierazten dutenak dira, batez ere bertan lan egiten duten pertsonek helburu hori besarkatzen dutenean, horretan sinesten dutelako eta eurena gauzatzen laguntzen dielako. Kapitala versus talentua dikotomian, talentua ari da enpresa epaitzen, haren printzipioetan eta egiten duen lanean oinarrituta (joera hori kapital-fondoetan ere hasi gara ikusten).

Helburu hori abiapuntu hartuta, funtsezkoa da enpresa-kultura sendo bat eraikitzea. Izan ere, enpresen baloreek, printzipioek eta izateko eta egiteko moduek (pertsonak balira bezala; izan ere, horrela zehazten baititu legeak, pertsona juridiko gisa) nortasun bereizgarri bat ematen baitiete, erakargarri edo nazkagarri egiten dituztenak, eta inork ez du bere bizitzaren zati handi bat erakunde txepeletan edo bere usteekin bat ez datorren helburu eta kultura bat duten enpresetan pasatu nahi.

Behin elementu subjektibo horiek modu erakargarrian diseinatu eta gauzatutakoan, elementu objektiboen inguruan hausnartu behar da. Horretarako, 2019an Silicon Valleyn egindako ikerketa batean jar dezakegu arreta (kultura digitala jaun eta jabe den ingurune bat, pandemian gure lan-jarduna neurri handi batean menderatu duen telelanaren funtsezko faktorea).

Hona hemen ikerketa horren emaitzak labur-labur:


Iturria: Salgado, K.; Flegl, M. eta Fejfarová, M. 2020ko apirila. Business.

Ikerlanaren arabera, funtsean, bi dira pertsonak beren lanpostuetan gehien motibatzen dituzten alderdiak: lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka eta prestakuntza. Lehenengo kasuan, aparteko oporrak eta malgutasuna dira faktore eragile garrantzitsuenak; bigarren kasuan, berriz, hizkuntzekin lotutako prestakuntza (klasiko bat) eta, bereziki, garapen pertsonal eta profesional handiagoa izateko aukera emango dien prestakuntza.

Hortaz, enpresaburu orok bere langileengandik espero duen atxikimendu hori lortzeko, erakundearen balore eta politikek norabide hau hartu behar dute: gure lantaldeen etorkizuna bermatzea, kide bakoitzari hazten eta garatzen lagunduz.

Gure lantaldeetan inbertitzea inoiz baino zentzu handiagoa dauka orain, talentua erakartzeko, handitzeko eta gure erakundeetan atxikitzeko; aldi berean, balioa ematen dio baitio komunitateari, gizarteari. Bizitza orekatuagoak dituzten herritar trebatuagoek garapen handiagoa eta osasungarriagoa izango dutelako.