DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2020/07/02
Leire Gartzia
Bada esaera txinatar bat esaten duena inork ez duela bere bidea aurkitzen, aurretik hainbat aldiz galdu gabe. Ez dezagun adorerik galdu, bada. Ibilbiderik bihurgunetsu eta malkartsuenek ere nahi dugun lekura eraman gaitzakete. Galdera, noski, beste bat delako: nora iritsi nahi dugu?
Azken hilabetotan bizi izan dugun pandemia basatia larriduraz beteriko agertoki bat izan da, eta eguneroko interes eta jende asko albo batera utzi behar izan dugu. Prozesu horretan, jende ugarik bere eskua luzatu du, asmorik onenarekin, birusak gogorren erasan dituen horiei laguntzeko. Gure gizarte garatuek -eta ez hain garatuek- bere pieza guztiak nola dantzarazten zituzten ikusi dugu, bat-bateko erantzunen bila. Behin-behineko ospitaleak, igerilekuko jostailuekin egindako osasun-maskarak, askatasunez mugitzeko eskubidearen mugapenak, ordenagailu bidezko besarkadak edo kontzertuak balkoietan. Hainbat hilabetez gure konfort-gunetik atera gaituzten bizipenetako batzuk dira horiek, bizitzaren alderdirik garrantzitsuena zein den erakutsi digutenak. Gizakiaren alderdirik garrantzitsuena. Zenbaiti paradigma hau deserosoa zaien arren, ekonomia feministak aspaldi ohartarazi zigun, abstrakzioa eta baliabide inpertsonalen gainetik, pertsonak eta haien beharrizanak daudela. Hartara, ezinbestekoa da haiek zaintzeko logistika eta baliabide guztiak martxan jartzea.
Hona gure premia eta errealitateen -COVID-19a baino lehen, bitartean eta ondoren- adibide argigarri bat. Bankuko sukurtsal bateko zuzendariarekin telefonoz hizketan ari nintzela, konfinamenduan izan nituen arazo batzuk konpontzeko, barkamena eskatu zidan atzetik bere bi alabak deika ari zitzaizkiolako. Gizon hori esku-eskura izan dut beti bulegoan. Bere seriotasunarekin eta bere gorbatarekin arreta eskaini izan dit beti. Eta orain, bat-batean eta legeak hala aginduta, bere sukaldetik hizketan ari zitzaidan, nire arazoa konpontzen zuen bitartean, bere bi alabak lasaitzeko eginahalak eta bi egiten. Bada, orduan, hobeto ezagutu nuen. Egia esan, arazorik gabe itxaron nuen. Lana eta etxeko bizimodua uztartzeko gorriak ikusten ari zen gizon harekin oso identifikatuta sentitu nintzen. Arazoa, nola esan, beste bat zen, akaso gizon hark ez zuela halakorik sentitu une horretara arte. Izan ere, nola esan, une horretara arte harentzat ez zen arazo bat izango lana eta familia uztartzeko beharra.
Arazoen ederra horixe dela esaten dute, konponbideak bilatzera garamatzatela. XXI. mende bete-betean, hausnarketa kritiko eta sakonerako hilabete batzuen ondoren, esperientzia gogor honen ikasgaiak zeintzuk diren ikusteko unea da. Haien produktu eta zerbitzuak berrasmatzen zituzten pertsonen taldeak ikusi ditugu dena ematen. Oinarrizko sektoreetako langileak ikusi ditugu lehen lerroan. Pertsonen eta taldeen arteko koordinazio birtualerako askotariko formulak edo peritu-lanak, mediku-kontsultak eta edonolako kultur jarduerak gure etxeko egongeletan. Ezohiko jarduera sozialak antolatzea, egunero bulegora joan behar ez izatea, bizkotxoak prestatzea edo arazoak dituztenei animo mezuak bidaltzea zein garrantzitsua den ohartu gara. McGregor-ek aspaldi esan zuen moduan, ohartu gara lidergo eraginkorrenaren oinarrian ez daudela kontrola eta aurrez aurreko tratua, baizik eta motibazioa eta konfiantza.
Ikasitako guztia barneratzeko erronkari ekin behar diogu orain. Izan ere, oinarriak berritu gabe egitura bat hobetzea ezinezkoa den bezala, eraikitzen jarraitzeko desikasi behar dugun guztia identifikatzea da une historiko honen gako nagusia. Hainbat hamarkadatan, produktibitatea, garapen ekonomikoa eta etekinaren maximizazioa gure jardueren erdigunean jartzen zuten ardatz ekonomiko eta kulturalak erabili ditugu, eta zaintza, bizitza eta garapen emozionala ekuazioaren aldagai instrumentalak baino ez dira izan. Ez da ezer gertatzen. Ibili beharreko bideak ziren. Orain, ordea, piezak irauli egin dira. Hainbat hilabetez, zaintza eta bizitza erdigunean kokatu dira nahitaez, eta gure energia guztia horretara bideratu dugu, pertsonak babesteaz gain, jarduera ekonomikoa eta ekoizpena bera ere babespean izateko. Gakoa orain zera da, paradigma berri hau gure artean geratzeko indar nahikorekin etorri den, edo bidean entretenimendu berriak topatuko ditugun. Esaera txinatarra gogoan, dagoeneko gehiegitan galdu gara. Beharbada, norabide berrietarako unea da.