Bateratzea, Europako suspertze-fondoen gaiari heltzeko gakoa
DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2021/07/02
Susana del Río Villar dok.
Deusto Business Schoolen Europar Batasuna Programa Integralaren zuzendaria
Europako fondoen aurrean, gaiari zein ikuspegitatik heldu behar dioten galdetzen diote bere buruari enpresek. Berraktibatze-estrategia bati ekitea epe motzari begira, edo eraldaketa handiago bat ekarriko duen bideari hasiera ematea, epe ertain eta luzeari begira. Gakoa bateratzea da.
Europako Next Generation EU suspertze-fondoek enpresen erabakitzeko modu estrategikoa «irauliko» duen egitura ekonomikoa daukate. Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak, Next Generation EUren testuinguruan, enpresa-negozioaren ikuspegia alde guztietatik birformulatu beharra eragingo du. Europako suspertze-plana mugarri bat da Europar Batasunaren lorpenetan, estatu kide bakoitzean lur hartu eta zabalduko denez, erakunde guztietako maila guztiei eragingo dien berregituratze bat ekarriko duelako.
EBren gure garaiko ardatz nagusiek, Europako Hitzarmen Berdeak eta Digitalizazioak, ehun produktiboa, edozein dela ere, suspertzeko eta berritzeko bidea zein den erakusten diete enpresei.
Funtsean, enpresa-erakunde bakoitzak EBko egungo eta etorkizuneko ekintza-lerro nagusietan txertatuta dauden faktoreak ezartzeko gaitasuna identifikatu beharko du bere indarguneen artean. Gainera, ezinbestekoa da funtzionatzen duen hori mantentzea, zaintzea eta gordetzea, eta sasoi berri honen ezaugarrietara egokitzea.
Europako suspertze-fondoak enpresa ugariren hainbat lan eta negozio-esparruri aplikatu ahal zaizkio. Komeni da hemen azpimarratzea beharrezkoa dela enpresek informazio zorrotza edukitzea Europako Batzordeak zehaztutako EB bektoreetan txertatutako proiektuetan aplikatzekoak diren Europako suspertze-fondoen aplikazioari buruz. Enpresek etengabe eskatu behar dute Next Generation EUri, gardentasunari eta lankidetza publiko-pribatuari buruzko informazioa, enpresa-estrategia erabaki eta planifikatu ahal izateko. Enpresek, halaber, gobernu-erakundeei, tokikoei zein nazionalei, eta herri administrazioari «ikuskapena eta jarraipena» egin beharko diete, fondoen iritsiera eta bilakaera zaintzeko.
Berraktibatze azkar baten eta eraldaketa luzeago baten arteko dikotomia mahai gainean jartzen duen erabakiari dagokionez, epe ertain eta luze batean, gakoa Bateratzea da.
Seguru enpresak gai direla haien DNAn, haien negozio-lerro nagusian, trantsizio ekologikoaren edo indartze digitalaren bektoreekin lotura izan dezaketen zenbait ardatz identifikatzeko. Beharbada, baita bi bektoreekin ere. Enpresaren barne-azterketa hori negozioa berraktibatuko duen lehen urrats bat izan daiteke, eta hortik etor daiteke susperraldia, pandemiaren ondoren, enpresa egoera zail batean edo biziraupen hutsean baldin badago. Koronabirusak hankaz gora jarri ditu ekonomia, maila eta esparru guztietan. Horrekin batera, nabarmendu behar dugu zenbait sektoretako enpresak bere burua berrasmatu dutela, haien negozio-ereduak garai berrietara egokitzen asmatu dutela eta are zenbait enpresa berri ere sortu direla sasoi konplikatu hauetan.
Erabakiak hartzeko prozesura itzulita, berraktibatzeko lehen faseak eraldaketa sakon bat ekarriko du enpresara.
Berraktibatzea eta Eraldatzea bi kontzeptu desberdin dira, eta biak ala biak Europako suspertze-fondoen etorrera eta inbertsioarekin lotuta badaude ere, bakoitzak bere bidea izango du. Funtsezkoa da bi gaitasun horiek sinkronizatzea eta erabakiak ikuspegi koordinatu batetik hartzea. Berraktibatzeak eta eraldatzeak eskutik helduta joan behar dute. Azken batean, bateratzea da gakoa, funtzionatzen duen hori identifikatu eta mantentzeko eta negozio-ereduaren birmoldaketa sakonago bati eta, beraz, denbora luzeagoz iraungo duen birmoldaketa bati ekiteko.