Aldaketan laguntzea
DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2019/12/19
Maria Iturriaga, Deusto Business Schooleko irakaslea Pertsonen Kudeaketaren arloan
Aldaketan benetako liderrak izaten ari gara?
Erakundeek, bizirauteko, aldaketen beharra dutela gauza ziurra da. Aldaketa teknologikoak, joko-arauen aldaketak, antolaeraren aldaketak, prozesuenak, kulturarenak… liderrok aldaketak diseinatzen ditugu, aurrez sinetsita erakunde guztiak bere egingo dituela. Baina, gero, errealitatea beste bat izan ohi da.
Zerk eragiten du pertsona batzuk aldaketen bidera batzea eta beste batzuk ez? Zein izaten ari da liderrok antolakundeen aldaketan hartzen ari garen papera?
Bere bizitzan aldaketa pertsonalen bat egin duen edozeinek badaki zer den aldaketa bati aurre egitea. Arrazoia argi edukita ere, bata ala bestea izan, horrek ez du arinduko trantsizioak dakarren higadura emozionala.
Egunero-egunero hamaika emozio piztuko zaizkigu, eta gure burmuinari aldaketa bertan behera uzteko eskatuko diote. Eta hau guztia, zertarako? Beldurra da burura gehien datorkigun hitzetako bat, baina baita beste hauek ere: antsietatea, ziurgabetasuna eta, batez ere, bakardadea. Zer gertatuko da?, lortuko dut?, aldaketa bururaino eramateko gai izango naiz?, aurreikusi moduan aterako da dena?, okertu egin naiz? Hasiera batean, gure biziraupena arriskupean dagoela ohartarazteko adierazlea piztuko da: beldurra. Eta arriskua, egia da, egon badago.
Aldaketaren bideari ekiten diodan unetik, lurralde ezagunetatik urruntzen naiz, benetan ziurra den horretatik, lurralde ezezagunetan barneratzeko, ziurgabetasunean. Estatusaren, lankideen edo are nagusiaren galerarekin loturiko emozioa tristura da. Hari esker, atzean utziko dugun horren balioa zein den jakin dezakegu, bai eta etorkizuna aurreikusi eta ebaluazioa egin ere: zertan irabaziko dut?, zeren truke? Lehen geneukan hori gabe bizitzen ohitzera lagunduko digu, eta, aldi berean, datorrena irrikaz begiratzera.
Gauza berriak pixkanaka gauzatzen diren bitartean, poztasuna agertuko da. Lehen aldiz, bidearen amaiera ikusiko dugu. Poztasunak motibazioa indartzeko balioko du, bidaia amaitzeko eta azken erabakiak hartzeko behar dugun bultzada izango da, errealitate berrira egokitzeko ukituak ematen lagunduko digu eta ahaleginaren ordaina izango da.
Bidaia amaitu bitartean, zuzendariak adi-adi egongo gara aldaketaren aurrean. Aurrerapausoak eta arrakastak neurtuko ditugu, bidea arrakastaz ibili dutenak saritu eta besteei errieta egingo diegu. Eta gure buruari galdetuko diogu: zer gertatzen da? Ez al dute ulertzen?
Aldaketetan, laguntzea da liderraren egitekoa. Bidaia emozional horretan pertsona bakoitzaren ondoan egotea. Bakoitzak bidaia hori bere kabuz egin dezala lortzea. Baina, nola?
Entzuteari denbora eta tartea eskaintzen badiogu, aldaketarako motibazioak dauden ala ez jakingo dugu. Aldaketaren bidean, ispilu bat jarri ahal izango diogu aurrean pertsona horri, oraindik ukapenean dagoen jakin ahal izango dugu. Aldaketaren amaieran bere burua nolakoa izango den irudikatzera bultzatzen badugu, aldaketa gauzatzeko beharrezkoa den motibazioa aurkitzeko gai izango da.
Entzutearen bidez, zein unetan dagoen ere jakingo dugu. Zein da orain bere emozioa? Nola lagun dezaket?
Emozioa desblokeatzeko emozioaz hitz egitea baino modu hoberik ez dago. Zeren beldur zara? Zerk kezkatzen zaitu? Zer behar duzu? Nola lagun zaitzaket? Ulertzen dugula adierazi eta babesa eskaini. Enpatia lortzeko, geure bizipenez baliatuko gara, edo pertsona horrek aurretik gainditu dituen antzeko esperientziak ekarriko ditugu hizpidera.
Tristezian, doluan, haren ondoan egongo gara, eta galera aintzat hartzeaz gain, merezi duen lekua emango diogu. Ez dugu galera gutxietsiko, baina ordezkoa bilatzera animatuko dugu. Izan gaitezen ulerberak eta eskain ditzagun laguntza, indarra eta baikortasuna. Baina batez ere konfiantza, erakutsi dezagun argi daukagula lortuko duela. Bere autokonfiantza eta erresilentzia sendotu egingo dira, bi-biak ezinbestekoak aldaketa gauzatzeko.
Eta, azkenean, poztasuna; baina adi oraindik. Poztasunean ere ondoan egotea itxaropenak ondo zehazteko eta egoera berrira egokitzeko lagungarri izango da, eta hori ezinbestekoa da aldaketak iraun dezan. Ondo sentiarazi, arrakasta txalotu eta hura osatzera animatu.
Lorpenak ospatzea une batez gelditzea eta atzera begiratzea da, egindako bidearekin asebeteta. Ezohiko ekintzaren bat egitea, hartutako jarrera berria egonkortu eta finkatuko duen sari txiki bat. Ospatzeak etapak ixten lagunduko digu, eta etapak ixtea ezinbestekoa da etorkizunean berriak irekitzeko; horrek lagunduko digu etorriko den hurrengo aldaketan, etorri etorriko delako.