600 milioi gehiago energia-eraginkortasuneko proiektuetarako
KUTXABANK PRENTSA | 2024/03/18
Europako Inbertsioen Bankuak (EIB) eta Kutxabankek sinatutako akordioari esker, 600 milioi euro bideratuko dira energia-arloan eraginkorrak diren eraikinak eraikitzeko eta higiezinak iraunkortasun irizpideen baitan eraberritzeko proiektuetara.
Hipoteka-mailegu berdeen, kontsumorako maileguen edo sustatzaileentzako maileguen bidez eskainiko den finantzaketaren bidez gauzatuko dira inbertsioak, Kutxabankek finantzaketa produktu horiek merkaturatzeko konpromisoa hartu baitu.
Klima-aldaketa arintzeko egiten duen ekarpena da proiektuaren ezaugarri nagusia. Energia-eraginkortasunarekin loturiko jarduerak karbono isuriak eta poluzio atmosferikoa murrizteko lagungarriak dira, eraikinetan erosotasuna eta airearen kalitatea hobetu eta elektrizitatearen eta berogailuaren fakturak murrizten dituzten bitartean.
EIBren «Energia iraunkorra eta baliabide naturalak» eta «Hiri eta eskualde iraunkorrak» izeneko politika publikoko lehentasunekin bat dator eragiketa hau, bai eta ekintza klimatiko eta ingurumenaren iraunkortasunaren zeharkako ekintza-lerroarekin ere. Halaber, Kutxabanken helburu estrategikoetako batekin bat egiten du, kapitalaren mugimenduak inbertsio iraunkorretara bideratzearekin, hain zuzen ere.
2.116 milioi 2023an
Iaz, Kutxabankek 2.116 milioi euroko finantzaketa bideratu zuen iraunkortasunarekin loturiko barne-irizpideen arabera, eta % 14,7 handitu zuen bere finantzaketa iraunkorraren markoaren barruan onartutako eragiketa kopurua.
Kutxabankek 1.369 milioi euro baino gehiago erabili zituen enpresak finantzatzeko, batez ere energia berriztagarriak sortu eta erabiltzeko proiektuetan, mugikortasun jasangarriaren aldeko ekintzetan edo energiaren aldetik eraginkorrak diren etxebizitza sozial eta babestuak sustatzen dituzten proiektuetan. Gauzak horrela, Kutxabankek, konpainia handien finantza-egitura sendotzen laguntzeaz gain, karbono gutxiko ekonomia baterako eta negozio-eredu iraunkor baterako eraldaketa babesten du, finantzaketan ASG irizpideak txertatzearen bidez.
Finantzaketa iraunkor honen beste zati handi bat Bankuko bezero partikularrek energia-arloan eraginkorrak diren etxebizitzak eros zitzaten erabili zen, Hipoteka Berdea izeneko produktuaren bidez. Guztira 721 milioi euro harpidetu ziren mailegu horien bidez, hau da, 2022an baino % 6,7 gehiago.