Zeintzuk dira enpresek 2023aren lehen erdian eskuratu ahal izango dituzten Next Generation EU laguntzak?

Zeintzuk dira enpresek 2023aren lehen erdian eskuratu ahal izango dituzten Next Generation EU laguntzak?
KUTXABANK PRENTSA | 2023/05/10
Aurreikuspenen arabera, urteko lehen seihilekoan, Europako Next Generation fondoen finantzaketa daukaten laguntza-deialdiak zein lizitazioak jarriko dira martxan, 11.600 milioi eurotik gorakoak, Gobernuak argitara eman duen informazioa oinarri hartuta.
Enpresek hainbat esparrutan inbertsioak egiteko laguntza (diru-laguntza) berriak eskuratu ahal izango dituzte. Artikulu honetan esaten den moduan, aurreikusitako laguntza-lerro asko, batetik, trantsizio berdearen sustapenarekin lotuta daude, eta, bestetik, digitalizazioarekin. Bi horiek Next Generation fondoen zabalpenaren funtsezko oinarriak dira, Suspertze Planaren ezarpenaren bidez.
Horrez gain, nabarmendu behar da enpresek zenbait Suspertze eta Eraldatze Ekonomikorako Proiektu Estrategikotan (PERTE) parte hartu ahal izango dutela, laster martxan jarriko diren deialdien bidez, geroago azalduko dugun moduan.
Trantsizio berdea
Trantsizio energetikoaren esparruarekin eta energia berriztagarrien erabilerarekin loturiko enpresa-jarduerek laguntza jaso ahal izango dute, hainbat programaren bidez. Ildo horretatik, urteko lehen hiruhilekorako aurreikuspenaren arabera, guztira 150 milioi euroko diru-laguntzen deialdi bat egingo da, energia biltegiratzeko proiektu berritzaileentzat. Horrekin batera, «sandbox eta energia-trantsiziorako negozio-eredu berrietara» 100 milioi euro bideratuko dira, energia-trantsizioaren arloko berrikuntza, energia-sektorearen deskarbonizazioa eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko zein trantsizio energetikorako startupen sorrera bultzatzeko helburuarekin.
2023ko bigarren hiruhilekoan, iaz ere argitaratu ziren laguntzen bi programa errepikatuko dira, hidrogeno berdearen garapena eta erabilera bultzatzeko (energia berriztagarrien, hidrogeno berriztagarriaren eta biltegiratzearen PERTEaren barruan). Batetik, «hidrogeno berriztagarriaren balio-katea» programa daukagu, 200 milioi euroko zuzkidurarekin (2022ko deialdiaren antzeko baldintzak izatea espero da). Eta, bestetik, «hidrogeno berriztagarriaren proiektu aitzindariak» programako laguntzen deialdia egingo da, 150 milioi euroko zuzkidura daukana (erreferentzia gisa, 2022ko deialdia kontsultatu ahal izango da).
Horrez gain, apiriletik aurrera, industrian erregai fosilak energia berriztagarriekin ordezkatzeko laguntza bat jarriko da martxan, 100 milioi euroko diru-zuzkidurarekin. Eta «Agrovoltaikoa eta flotatzailearekin» loturiko instalazio fotovoltaikoak ere bultzatuko dira, 50 milioi euroko laguntzekin.
Bestetik, eraikuntza eta materialen sektoreko enpresak ere biziguneetan gizarte-ekonomia suspertzeko birgaitze programaren (1. eta 2. lerroetako 2022ko deialdia har daiteke erreferentzia gisa) eta alokairu sozialeko etxebizitzen eraikuntza-programaren zeharkako onuradun ere izan daitezkeela hartu behar da kontuan. Orotara, inbertsio publikoa 3.970 milioi eurokoa izango da.
Trantsizio berdearekin loturiko hurrengo laguntza-deialdien hautaketa
Laguntzen programa - Trantsizio berdea | Aurrekondua |
---|---|
Biziguneen birgaitzea eta alokairu sozialeko etxebizitzen eraikuntza (enpresak: zeharkako onuradunak) | 3.970 M€ |
Hidrogeno berriztagarriaren balio-katea | 200 M€ |
Energia biltegiratzeko proiektu berritzaileak | 150 M€ |
Hidrogeno berriztagarriaren proiektu aitzindariak | 150 M€ |
Sandbox eta trantsizio energetikoaren inguruko negozio-eredu berriak | 100 M€ |
Industrian erregai fosilak energia berriztagarriekin ordezkatzeko proiektuak | 100 M€ |
Agrovoltaikoa eta flotatzailea | 50 M€ |
Iturria: Afi, Espainiako Gobernuaren datuetatik abiatuta
Digitalizazioa
Eraldatze digitalari eta enpresa-hazkundeari laguntzeko, laster zabalduko diren programa hauek nabarmendu behar dira: «Aktibatu Industria» eta «Aktibatu Hazkundea». Biek batera 51 milioi euroko diru-zuzkidura izango dute. Lehenengoa 4.0 Industriaren trantsiziora bideratuta dago. Bigarrena, berriz, enpresa-hazkundea sustatzea du xede, diagnostikoen eta enpresen jardueraren eraldatze eta zabaltze-planen prestaketaren bitartez.
Horrekin batera, 2023ko bigarren hiruhilekoan, sektore turistikoko enpresentzako «azken kilometroko» digitalizazio proiektuetarako laguntzak argitaratzea aurreikusita dago, 45 milioi euroko aurrekontuarekin (ikus 2022an argitaratutako deialdia). Sektore turistikoan jarduten duten erakunde-taldeentzako laguntzak dira, eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko prozesuei eta enpresen eragiketak optimizatzeko prozesuei laguntzea izango dute helburu, merkatuko baliabide teknologikoen ezarpenaren bidez.
Enpresen hazkundearekin eta digitalizazioarekin loturiko hurrengo laguntza-deialdien hautaketa
Laguntzen programa - Enpresen hazkundea eta digitalizazioa | Aurrekontua |
---|---|
Sektore turistikoko enpresen «Azken kilometroko» digitalizazio proiektuak | 45 M€ |
Aktibatu Industria programa | 31 M€ |
Aktibatu Hazkundea programa | 20 M€ |
Iturria: Afi, Espainiako Gobernuaren datuetatik abiatuta
PERTE
Azkenik, PERTEren barruan, urteko lehen zati honetan, Ekonomia Zirkularreko PERTEaren deialdi bat argitaratuko da, ehungintzaren, plastikoaren eta energia berriztagarrietarako ekipo-ondasunen esparruko proiektuetarako. 300 milioi euroko aurrekontuarekin, industria- eta enpresa-prozesuen iraunkortasuna eta zirkulartasuna bultzatzea izango du helburu, lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko helburuarekin.
Horrez gain, urteko bigarren hiruhilekoan, uraren zikloaren digitalizazioaren PERTEaren bi deialdi berri jarriko dira martxan. Uraren erabilera eta kudeaketan eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetzea da helburua. Deialdi horietako bat uraren hiri zikloarekin lotuta dago, eta enpresa pribatu nahiz publikoak izan daitezke 200 milioi euroko programaren onuradunak (bai eta tokiko erakundeak ere). Hirietako horniduraren digitalizazioa, saneamendua eta uraren berrerabilpena dira diruz lagundu ahal diren jardunak. Ureztatze-sistemen digitalizazioa izango da beste deialdiaren oinarria. Horretarako 100 milioi euro erabiliko dira. Kasu honetan, ordea, ureztatzaileen erkidegoak eta lurrazpiko uren erabiltzaileen erkidegoak izango dira onuradunak.
PERTEekin loturiko hurrengo laguntza-deialdien hautaketa
Laguntzen deialdia - PERTE | Aurrekontua |
---|---|
Ekonomia zirkularraren PERTEa: ehungintza, plastikoa eta energia berriztagarrietarako ondasun-ekipoen sektoreak | 300 M€ |
Ur-zikloaren digitalizazioaren PERTEa: hiriko uraren zikloaren digitalizazioa | 200 M€ |
Iturria: Afi, Espainiako Gobernuaren datuetatik abiatuta
Hainbat jarduera-sektoretako enpresek eta beste erakunde batzuek datozen hiletan eskuratu ahal izango dituzten laguntzen deialdien adibide batzuk dira aipatutako hauek. Next Generation fondoekin loturiko laguntza hauek enpresen lehiakortasuna indartu eta hazkunde iraunkorragoa sustatzen duten proiektuen garapena errazten dute.
Hurrengo laguntza-deialdien aurreikuspen honekin garrantzitsua da onuradun izan daitezkeen proiektuen konfigurazioan proaktibitatez eta aurrerapenez jardutea. Gogoan izan behar dugu laguntzetako asko lehiaketa bidezkoak izango direla. Hortaz, memoria osoago eta sendoagoak dituzten proiektuek Next Generation fondoen finantzaketa eskuratzeko aukera gehiago izango dituzte.
Kutxabank Next plataformaren bidez, interesa daukaten enpresek aipatutako laguntzen baldintzei buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute, Administrazioek laguntza horiek argitaratu ahala. Horrez gain, plataforman izena eman eta laguntzaile birtuala erabiltzen badute, enpresaren ezaugarriekin (neurria, sektorea, kokapena) eta haien interesekin bat datozen nobedadeei buruzko jakinarazpen pertsonalizatuak jasoko dituzte.