DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2018/10/02
Luc Theis, Deusto Business School-eko zuzendari nagusia
Askok usteko dute galdera ez dagoela ondo eginda, eta, jakina denez, ezinbestekoa dela teknologiaren abangoardian egotea, gizakien ongizatea zaintzen den bitartean. Hala ere, gure buruari galdetzen diogunean aurrerapen teknologikoei nola heldu behar diegun, gure erakundeetako humanizazioa hobetzen dugun bitartean, askoz zailagoa da erantzunak aurkitzea.
Enpresen eta, oro har, gizartearen eraldaketa digitalak ekarri dituen desafio berrien ondorioz, gure bizitzek eta gure gizarteko bizikidetza eta joko-arauek erronka itzelei aurre egin behar diete. Gaur egungo negozio-ereduak pixkanaka itzaltzen ari dira, mugak ere desagertzen doaz, eta, horrenbestez, lege-esparruak mehatxupean daude.
Bitartean, zibersegurtasuna gero eta garrantzitsuagoa da. Big data analytics eta bussines intelligence teknologiak egiten, kontsumitzen eta idazten dugun guztia aztertzeko gai dira. Gauzen internetak sistema konplexuen arteko elkarlana ahalbidetzen du, gizakiaren esku-hartzerik gabe. Gure datu guztiak hodeian gordetzen dira, guk geuk ondo jakin gabe oraindik gureak diren, eta, are okerragoa dena, norbait datu horiek ustiatzen ari den ala ez.
Adimen artifiziala giza adimenaren lekua hartzeko zorian dago. Hainbat azterketaren arabera, hogei urte barru, gaur egungo lanbideen ehuneko hirurogeia desagertu egingo da. Hala ere, oraindik ez dakigu zeintzuk eta nolakoak izango diren lanbide berriak.
Hortaz, gizartearen deshumanizazioaren atarian gaude? Ezetz espero dugu.
Lehenik eta behin, hezkuntza sendotu behar dugu, zientzien, teknologien, ingeniaritzaren, artearen eta matematiken arloan (ingelesez, STEAM), eta batez ere humanitateetan. Bigarrenik, etikaren beharra inoiz baino garrantzitsuagoa da. Hirugarrenik, ohiko ordainsari profesionalak -soldata, karrera-plana, estatusa…- lan-errendimendu maila egokia ziurtatzeko pentsatuta daudela ulertu behar dugu, baina ez direla nahikoa enpresaren lehiakortasuna indartzeko, talentua erakartzeko orduan.
Jarduera produktiboan, ekimena, ezagutza eta sormena osagai gero eta garrantzitsuagoak dira aurrean ditugun erronkei aurre egiteko.
Gainera, langileen belaunaldi berriek haien giza izaeraren gaitasun berezkoenak garatzeko aukerak eskaintzen dizkieten lan-inguruneak hobesten dituzte.
Hortaz, langilearengan enpresaren jabetza-sentimendua garatzea errazten duten erakundeak sortu behar dira.
Planteamendu horrek esparru akademikoan garatutako ikerketa-lerro batean du oinarri, eta Deusto Business Schoolek funtsezko papera dauka ikerketa horretan. Jabetza psikologikoaren ideia da korronte honen ardatz nagusia, hau da, norbanakoak daukan gogo-aldartea erakundea berea den sentimenduaren aurrean. Gizakiak enpresa eta haren etorkizuna bere gain hartuko ditu. Psikologiak erakusten digu gizakiak gauza material eta immaterialak bere egiteko beharra duela. Behar horrek izaera biologikoan eta gizakiaren ingurune sozio-psikologikoan dauka jatorria. Jabe izateko desioa boterearen ikuspegitik uler daiteke, norabidearen gaineko kontrol handiagoa ahalbidetuz eta segurtasun-sentimendu eta ongizate psikologiko handiagoa eskainiz. Gainera, bere nortasuna besteei adierazteko aukera eskaintzen dio jabetzak gizakiari.
Jabetza-sentimendua lortzeko, erakundeek hierarkia gutxi izan behar dituzte; ez dago araudi eta prozedura zurrunik, baizik eta jarduteko printzipio batzuk, eta exekutibo nagusiek zuzeneko eta hurbileko harremana daukate haien taldeekin. Bestetik, lanpostuak langileen gaitasun eta ahalmenetara egokituko dira, pertsonei deskripzio luze eta korapilotsuak inposatu beharrean. Espazio fisikoak irekiak izan ohi dira, enpresako kide guztien arteko harremana errazteko, eta taldekide guztien buruetan presente dago haietako bakoitza garrantzitsua dela negozio osoa aurrera ateratzeko. Jarduera berritzaile eta disruptibo baten izaera ezezagun eta prekario bati egokitutako erakunde bat sortzeko helburuz egindako antolakuntza-eskemak dira.
Langileei soldatapeko huts baino gehiago enpresarioak direla sentiarazteko gai diren enpresek gainean daukagun testuinguru disruptiboan aurrera egiteko aukera handiagoak izango dituzte.
Horrenbestez, printzipio humanistek osagai finalista bat ere badute, etikoak izateaz gain, erronka teknologikoei aurre egiteko ezinbestekoak baitira.