DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2019/01/18
Francisco González Bree, Deusto Business Schooleko Berrikuntza irakaslea
Datorren hamarkadan, Fortune 500eko enpresen % 40 desagertu egingo da. Horrkein batera, proposamen berritzaile baliotsuak egingo dituzten enpresa berriak sortuko dira. Ingurune izugarri konplexu honetan, martxan dauden enpresek berrikuntzaren giharra sendotu behar dute. Duela urtebete PwCk argitara eman zuen azterketa baten arabera, enpresen erdiak baino gehiago ez daki bere negozio edo berrikuntza-estrategiak nola bideratu behar dituen, eta itsu-itsuan ari da nabigatzen ziztu bizian doazen aldaketen itsasoan.
Hainbat hamarkadatan, zuzendaritzetako kideek gaur egungo negozioaren ardatz den eragiketen zikloa menperatu dute. Hala ere, etorkizuneko negozioak jorratzeaz arduratzen den ziklo berritzailea kudeatzea izugarrizko lana da enpresen munduko profesionalentzat. Enpresen bizi-zikloak murriztu ahala (gaur egun batez beste 18 urtekoa da), funtsezkoa da bi zikloak aldi berean menperatzea. Bi zikloak batera menperatzeari antolakuntza-bitrebetasuna esaten zaio, eta horretarako, garai hauetan, ezinbestekoa da teknologia esponentzialak eta ekonomia berriak ondo ulertzea.
Teknologia esponentzialak aldaketak ziztu bizian egitea ahalbidetzen duten teknologiak dira. Teknologia esponentzialen barruan, adimen artifizialaz gain, beste teknologia hauek sar ditzakegu: konputazioa hodeian, material aurreratuak, bioteknologia, blockchain, zibersegurtasuna, diseinu digitala, energiaren biltegiratzea, energia berriztagarriak, konputazio belaunaldi berriak, gauzen internet, errealitate birtuala, errealitate areagotua eta mistoa, gailu jargarriak, keinuen ezagutza. Teknologia horien ahalmen disruptiboa izugarria da, konbergentzia azeleratua izena duen efektu baten ondorioz. Horren arabera, teknologia modu esponentzialean hazten den bitartean, teknologiaren azpitaldeen arteko elkarreraginei esker, aukera ikaragarri interesgarriak sortuko dira, horietako batzuk ekonomia berrien barruan.
Ekonomia berri horietako batzuk P2P ekonomia, ekonomia partekatua edo kolaboratiboa, sarbide-ekonomia, eskaera bidezko ekonomia, gig ekonomia, ekonomia zirkularra eta plataformen ekonomia dira. Enpresa berritzaileenek berrikuntza disruptiboak sortzeko akuilu gisa darabilte teknologia. Esate baterako, mugikortasunaren munduan, Blablacar enpresaren negozio-eredua ekonomia kolaboratiboaren barruan sar dezakegu, Car2go enpresaren negozio-eredua, berriz, sarbide-ekonomiaren barruan egongo litzateke, eta Uber-en negozio-eredua, azkenik, eskari bidezko ekonomiaren barruan. Enpresa horietako bakar batek ere ezin izango zuen haren helburu ziren bezero eta erabiltzaileen segmentuentzako baliozko bere proposamena egin teknologia erabili gabe. Zenbait azterketaren arabera, plataforma teknologikoetan oinarritutako negozio-ereduak enpresen hazkunde-estrategien oinarri nagusia izango dira etorkizunean.
Erronka ikaragarria da, hainbat azterketatan esaten denaren arabera, zuzendariek ez baitituzte ondo ulertzen teknologia esponentzialek eta ekonomia berriek haien antolakuntzetan izango dituzten eragin eta ondorioak. Antolakuntzaren arloan, teknologia esponentzialak erabiltzeko benetako arazoak dituzte enpresek. Funtsean, lau faktore daude horren atzean. Lehenengo faktoreak kultura eta antolakuntzarekin loturiko gaiekin zerikusia dauka. Bigarren faktorea talentuaren murrizketaren loturik dago. Hirugarren faktorea araugintza-arloarekin lotuta dago. Eta azken faktoreak zuzendarien lidergo-estiloekin dauka zerikusia, askotan, garai zoro hauetarako egokiena ez dena.
Nondik has gaitezke? Erantzuna argia eta garbia da. Berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egin behar dugu. Berrikuntzak enpresaren eraginkortasuna hobetuko du, berrikuntzaren produktuak enpresaren lehiakortasuna hobetzen duelako eta berrikuntzaren prozesuak barneko gaitasunak eraldatzen dituelako, eta horri esker, enpresak aldaketetara hobeto egokitzeko aukera izango du.